“Adinekook euskara ikasteko beharra dugu, baina azterketa gabe”

“Adinekook euskara ikasteko beharra dugu, baina azterketa gabe”

Ibai Maruri Bilbao

Euskararen Egunaren abaroan, Getxoko Udalak Argia Ereiten saria banatu ohi du urtero. Azaroaren 17an izango da aurtengo omenaldia: Joserra Onandiak (Getxo, 1945) jasoko du, “euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko izan duen jarrera nekaezina” aitortzeko.

Zelan hartu duzu saria jasoko duzun berria?

Joxi Arakama Getxoko Euskara teknikariak esan zidan alkatearengana joateko. Joan nintzen, eta Amaiak [Agirre] jakinarazi zidan aurtengo Argia Ereiten saria niretzako izango zela. Harrituta geratu nintzen. Pozik hartu dut, noski. Nire ustez, Getxon dugun saririk garrantzitsuena da.

Nori eskainiko diozu saria?

Sariaren erdia andrearena da. Baina nik euskaldun berriei eskaini nahi nieke. Nagusiei, batez ere. Pena da HABEn ez dagoela jende nagusiarentzako programarik. Dena azterketak egitera bideratuta dago. Guk ez dugu behar titulurik. Guk euskara ikasi nahi dugu, euskaraz bizi, eta euskaraz gozatu. Euskara azterketa barik ikasteko modua behar dugu. Behin, Zarauzko barnetegira joan nitzen, mintzapraktika egitera, eta ez zen nik espero nuena: ahozko azterketa prestatzeko mintzapraktikak ziren. Nik ez nuen hori nahi. Esan nien besteei: “Zuek zer nahi duzue: azterketa gainditu, edo euskara ikasi?” Han zegoen mediku batek esan zidan: “Nik titulua behar dut; lortzean, etorriko naiz zurekin euskaraz hitz egitera”. Adinekoon jarrera beste bat da.

Erretiroa hartu zenuenean hasi zinen buru-belarri euskara ikasten. Ordura arte, nolakoa izan zen euskararekin zenuen harremana?

Aurretik ere saio pila bat egin nituen ikasteko. Zenbat eta ordu gehiago, hobeto; baina niretzat ezinezkoa zen. Construcciones Onandiako zuzendaria nintzen, eta ez nuen astirik. Duela 40 urte nire seme-alabak San Nikolas ikastolan hasi ziren. Ni kontseiluko kidea nintzen, eta euskara ikastera animatzen ninduen jende asko izan nuen inguruan. Hasi hasten nintzen, baina utzi egiten nuen. Erretiroa hartu nuenean, esan nuen: “Orain da garaia”.

Zaila egin zaizu?

Apur bat bai, baina merezi du. Gaur egun, euskarazko gramatika gehiago menderatzen dut gaztelaniazkoa baino.

Pena ematen zizun gazteagotan ikastea lortu ez izanak?

Nire emaztea Markinakoa da, euskaldun peto-petoa. Baina etxean erdaraz egiten genuen. Lau seme-alaba eta zortzi biloba ditut, eta, orain, guztiekin euskaraz egiten dut. Nahiko nukeen lehenago lortu izana. Euskara Euskal Herrian dugun altxor nagusia da. Getxon, adibidez, gazte guztiek dakite euskaraz, baina oso gutxik egiten dute. Gurasoek ere parkean umeekin euskaraz egiten dute, baina gero, euren artean, erdaraz. Eredu txarra da.

Zer irabazi duzu euskararekin?

Plazer handia da euskaraz komunikatzeko gai izatea. Duela zortzi edo hamar urte, euskaltegiko irakasleak esan zigun: “Zuek, euskaldunok”. Nik erantzun nion: “Zer esan duzu?”. Hark, baietz, akatsak egin arren, gu euskaldunak ginela, euskaraz komunikatzeko gai ginela. Niretzat itzela izan zen hori entzutea. Orain euskalduna naiz, eta euskal kulturaz gozatzen dut. Adibidez, irakurketa talde batean nabil, eta idazleekin solasaldiak egiten ditugu. Ohartu naiz horrela beste era batera ezagutzen dela literatura.

Hainbat berbalagun edo mintzalagun taldetan ere bazabiltza.

Eta Mintzanet.net programan. Ia hasieratik parte hartzen dut, duela hamar urtetik. Skypez egiten dugu berba. Atzerrian, lau lagunekin hitz egiten dut nik: bat Floridakoa da [AEB]; beste bi, Argentinakoak; eta beste bat, Pariskoa. Mundu osoko jendearekin hitz egin dezaket euskaraz. Baita Algortako jendearekin ere. Euskarak asko lotzen gaitu.

Bizkaiera ere ikasi nahi izan duzu, eta, horretarako, Labayruren ikastaroetan ibili zara.

Duela bost urte hasi nintzen, andrearekin bizkaieraz egin ahal izateko. Mintzaneteko koordinatzaileari esan nion ea bizkaieraz egiteko norbait topatuko zidan. Floridan topatu zidan: Pedro Mari Sardui Enbeita zesta-puntako jokalari izandakoa. Muxikako Enbeita familia ezagunekoa da. Hogei urterekin joan zen Miamira, han ezkondu zen, familia osatu, eta han bizi da. Haren euskara duela 60 urte Muxikan egiten zutena da. Nire adinekoa da, apur bat gazteagoa. Antzeko zaletasunak ditugu; Athletic, kozinatzea eta abestea. Biok ditugu bilobak. Gustura egoten gara.

Inoiz ezagutu duzue elkar?

Duela lau urte Mintzanetekoen jai bat egin genuen Bidebitarte txokoan, Getxon. Ni hango bazkidea naiz. Mintzaneteko sortzailea Ritxi Lizartza eta hainbat kide etorri ziren. Ireneo Ajuriagerra, adibidez. Oso ondo pasatu genuen. 30 lagun baino gehiago batu ginen. Hara etorri zen Sardui.

ALBE Algortako Bertso Eskolaren inguruan ere ibili izan zara. Bertsozalea zara?

ALBEkoek gure txokoan egiten zituzten ospakizunak eta bazkariak. Bertsolari asko ezagutu ditut nik han: Paya neba-arrebak, Arrate Ilaro, Jone Uria… Eta, neurri batean, haiei esker gerturatu nintzen ni euskarara. Bertsoak asko gustatzen zaizkit, baina ez dakit bertsotan. Nik badaukat lagun bat: Iñigo Bilbao. Mintzanet ospakizunerako bertso bat asmatu zuen, eta gaur egun gure ereserkia da. [Kantuan hasi da, ETAren su etenetik doinuan] “Euskara ikasi ondoren / hitz egiteko egarria / asetzea lortzeko nik / zabaltzen dut aldarria: / Entzun betiko euskaldunak / horretan asko jarria / zure euskara nirearentzat / izan daiteke ongarria. / Bion eskura badugu / tresna erabilgarria / edonongo euskaldunak / elkartzeko ezarria / bai Mintzanet.net da / batzen gaitun lokarria”.