Javi West Larrañaga
Hego Uribeko eta Arratiako gazteek 19:00etan ekingo diote hirugarren Urriko Martxari. Etxebarritik hasi, Arrigorriagatik igaro, eta Igorrerainoko ibilbidea egingo dute. Egun bakoitzean, herri bat. Etxebarriko Gazte Mugimenduak, Igorreko Kiñu gaztetxeak eta Izituk antolatu dute martxa. Peio Molinuevo kidearen hitzetan, “azken lauzpabost urteetan gazte asanbladen elkarlanetik sortu den eragile politikoa” da Izitu.
Urriko Martxak 2017an hasi zuen bidea, eta, iazko hutsunea kenduta, urtero egin dute ordutik. Aurreko martxak Zeberiotik igaro izan diren arren, aurtengoa da Molinuevorentzat Arratiara propio gurutzatuko duten lehen aldia. Aste gorria izeneko jardunaldi batzuetan ditu sustraiak Urriko Martxak. 2018ko maiatzean egin zituzten jardunaldiok, Maiatzaren Lehenaren harira. “Jardunaldien arrakasta ikusita, iruditu zitzaigun bazeudela gauza nahikotxo komunean ipintzeko eta lantzeko, eta erabaki genuen jardunaldi teoriko haietatik salto egin behar genuela aisialdi eremu batera”, azaldu du Molinuevok. Hortik piztu zen gazte martxa bat antolatzeko nahia. Urria hilabete aproposa izan zitekeela iritzita, Aste Gorriaren sinbologia gordetzeko aukera ikusi zuten, eta 1917ko Errusiako Urriko Iraultzarekin lotu zuten martxa. Aurten azaroan egingo badute ere, mendebaldeko egutegiaren arabera, 1917koa ere azaroaren hasieran gertatu zen. Etzi bitartean, egun bakoitzean 40-50 lagun inguru elkartzea espero dute.
Pandemiak ziurgabetasun handia eragin du, eta antolatzaileek zalantzak izan dituzte urte guztian. “Nahiko berandu heldu diogu martxari, azkenean pandemiak hori eskatzen duelako: egoeraren araberako pausoak ematea”. Egoera hobetuz joan ahala ikusi zuten antolatzeko aukera, eta hilabete bitan ondu dute plana. COVID-19ak antolaketa zaildu diela gehitu du, eta zenbait udalek ez dietela eman baimenik azpiegiturak erabiltzeko. Molinuevoren ustez, pandemia “aitzakia” gisa hartu dute “gustukoak ez dituzten ekintzei” erraztasunik ez emateko.
Aisialdia eta edukia
Nahiz eta Urriko Martxa Aste Gorriko jardunaldi teoriko horietatik aisialdira igarotzeko modua izan, antolatzaileek adierazi dute ez dutela nahi ibilbide soil bat izatea. Jakinarazi dute inguruak hobeto ezagutzeko baliatuko dituztela goizak. Aurreko martxetan, Basauriko hiri antolamenduaren analisia egin zuten, eta Bilbo inguruko Burdinazko Gerrikoko lubaki eta gotorleku sarea ezagutu, besteak beste. Aurten, parada izango dute eskualdeko mendiak zeharkatuko dituen goi tentsioko linea aztertzeko eta Argiñatxeko kobazulo eta meazuloak ikusteko.
Hala ere, ez dituzte albo batera utziko “aisialdiko ekintzak”. Gaur gauean, bertso afari bat egingo dute Etxebarrin, inguruko bertsolariekin. Bihar, Arrigorriagan, zenbait tailer egingo dituzte: sukaldaritza internazionalista, mural tailerra eta kartelgintza tailerra. Azkeneko egunean, Igorrerako bideari ekingo diote, eta, iristean, bazkaloste girotua izango dute. Jazz in Hell Basauriko bikote komikoak emango dio amaiera martxako azken egunari.
Pandemiak eragindako hutsunea kenduta, martxa urtero antolatzeko asmoa daukatela erantsi du Molinuevok, eta inguruko gazteen artean “errotuta” dagoela uste du, gainera. “Ikusi dugu balio digula datorrenari beste modu batean begiratzeko, eta gure arteko harremanak eta komunitatea indartzeko; apustu polita dela uste dugu”. Alabaina, etorkizunerako erronka da hori gazteentzat.