Rementeria: “Urgentziak utzi, eta lehentasunetara pasatuko gara”

Rementeria: “Urgentziak utzi, eta lehentasunetara pasatuko gara”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Ogasunak 8.886,1 milioi euro izango ditu datorren urtean; hau da, aurten baino %11,5 gehiago. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, neurri handi batean, itundutako zergen bilketak gora egingo duelako izango da. Beste erakundeei eman beharrekoa, zorra ordaintzeko erabiliko dena eta diputazioko langileen soldatak kenduta, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten sailek 1.459,8 miloi euro izango dituzte; aurten baino %7,4 gehiago. “Larrialdiko aurrekontutik, ilusiodun aurrekontura igaroko gara. Urgentziak atzean utzi eta lehentasunetan sartuko gara”, esan du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Igoerarik nabarmenena Kultura, Kirol eta Euskara Sailak izango du; diputatu nagusiak zehaztu du datorren urtean egingo diren inbertsioengatik dela. Besteak beste, Omako baso margotua aipatu du.

Joan den martitzenetik, 2022rako Bizkaiko aurrekontu proiektua Batzar Nagusien web orrian dago, Herritarren Ataria izeneko sailean. Hilaren 12ra bitartean, hala gura duten bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak proposatzeko aukera izango dute. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak joan den barikuan eroan zion proiektua Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteari. Aurretik, goizean egindako ezohiko gobernu kontseiluan onartu zuten. Azken urteetan bezala, xehetasunak Batzar Nagusietan emango dituztela esan, eta Rementeriak ez du letra xeheari buruzko datu askorik eman. Hilaren 8tik 11ra bitartean igaroko dira diputatu guztiak batzordeetatik, haien sailei dagokiena azaltzeko.

Ahaldun nagusiak azpimarratu du aurrekontu proiektua COVID-19aren “pandemiaren osteko susperraldia bultzatzeko diseinatuta” dagoela. Esan du “jarduera ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko eta lurraldeak behar dituen trantsizioei aurre egiteko abian jarritako proiektuen garapenean aurrera egiteko” egituratu dutela. Aipatu dituen proiektu guztiak daborduko iragarrita edo martxan daude.

remen2

ZAINTZA

Rementeriak zaintza arloko trantsizioa nabarmendu du. “Iraupen luzeko zaintza aldatu behar dugu. Baliabide ekonomikoak bermatuko ditugu Etxetic zentroak Bizkaiko eskualde guztietara hedatzeko, zaintza arloko prestakuntza plana ezartzeko eta Getxon egingo den belaunaldi arteko zentro berrirako”. Getxoko Udalarekin elkarlanean sortuko duten bizikidetza zentro esperimental bat da, 200 gazte eta adineko elkarrekin bizitzeko. Guztira, 13 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute obrek; horietatik, 9,7 ipiniko ditu diputazioak. Datorren urtean lizitatuko dira, eta 23 bat hilabeteko iraupena izango dute.

MUGIKORTASUNA ETA IRAUNKORTASUNA

Mugikortasun iraunkorragoa lortzeko egin beharreko pausoak ere nabarmendu ditu ahaldun nagusiak. Diputazioaren apustu nagusia bizikletaren aldekoa dela esan du. Hala, gogoratu du bizikleta elektrikoa Bizkaiko garraio publiko sarean txertatuko dutela. Ohiko garraio publikoari dagokionez, Bizkaibusek ibilgailu hibrido berriak erosiko ditu. Era berean, bide berdeak sortzeko diru sorta ere jaso dute aurrekontu proiektuan, “bizkaitarrek naturarekin gozatu eta ariketa fisikoa egitea errazteko”.

JARDUERA EKONOMIKOA

Bizkaiak behar duen hirugarren trantsizioa digitala dela esan du Rementeriak. Enpresa txiki eta ertainen digitalizaziorako aurrekontua bikoiztu egingo dela adierazi du. Eup plataformaren bitartez, tokiko merkataritzaren digitalizazioan jarraituko dutela ere nabarmendu du. Era berean, trantsizio energetikoak duen garrantzia azpimarratu du: Energy Intelligence Centerren aldeko apustua berretsi du. Osotara, inbertsio produktiboaren hazkundea “itzela” izango dela esan du Rementeriak. Iruarrizagak zehaztu du diputazioak bere sailetarako izango duen aurrekontuaren %30 horretarako erabiliko dela: 350 milioi euro. Besteak beste, Leioan BI-637 errepidea estaltzeko obrak, Zornotza eta Durango arteko bizipistarenak eta Bilboko itsasadarreko bulebarrarenak gogoratu ditu. Datorren urean Bizkaia dorrea martxan egongo dela ere azpimarratu du. Jarduera ekonomikoa bultzatzeko aurrekontua %22 handituko da.

UDALAK

“Urte onak pasatu ditugu, eta baita oso gogorrak ere. Une zailetan denon artean egin behar izan diogu arre. Orain, momentu zoriontsua datorrenean ere, denon artean ospatuko dugu”, esan du Rementeriak. Hala, diputazioak izango duen diru sarrera igoera hori udalen finantzaketan ere igarriko dela azaldu du. Ia mila milioi euro banatuko dituzte; 2019an baino 112 milioi gehiago.