Natalia Salazar Orbe
NBE Nazio Batuen Erakundeko klima aldaketari buruzko aldeen 26. konferentzia (COP26) egingo dute Glasgown (Eskozia) datozen egunetan. Domekan hasiko diren topaketen atarian, Eguzki talde ekologistak Ondarroako Alleriko padura leheneratzeko eskatu du. Taldeak gogora ekarri du XXI. mende amaierarako itsas maila 29 eta 49 zentimetro artean igo daitekeela. Uste du Alleriko hezegunea lagungarria izan daitekeela hondamendi naturala saihesteko. Hain zuzen, Eguzkik esan du itsas padurak “hondamendi naturalei aurre egiteko baliabide” bezala ulertu behar direla, eta ez “lokatz eta belar zahar multzo baten legez”.
Hezeguneek eragiten dituzten onurak zerrendatu dituzte: “Padurak prezipitazio handiak mantentzen ditu, uholdeak saihesten ditu ibaian behera, ura lurrean edo gainazalean biltegiratzen edo atxikitzen du, eta landareriak uraren abiadura murriztu dezake”.
Beraz, Eguzkik dio estuarioetan itsas mailaren igoera geldiaraziko lukeen birsorkuntza natural bat ezar daitekeela: “Padurak eta dunak aprobetxa daitezke, eta horiek euste horma baten gisa funtziona dezakete”.
Hala ere, talde ekologistak ohartarazi du “degradatutako itsas paduretako ekosistema birsortu eta berrindartzen” ahalegindu behar dela paduren onurez baliatzeko. Era horretako naturguneek duten arriskuaren berri eman dute. Horren haritik, azaldu du mende honetan Euskal Herriko duna eta hondartzen %75 desagertu direla. “Gure itsas padurak politikari garapenzalearen, espekulazio basatiaren, kutsaduraren eta ezjakintasunaren biktima dira”, ondorioztatu dute.
Egoera horren aurrean, Eguzki taldeak eskatu du Ondarroako Alleriko padura leheneratzeko ahalegina egin dezatela: “Hezeguneak kinka larri honetatik ateratzeko, behar-beharrezkoa da babesteko eta leheneratzeko lanak martxan jartzea”.
Leheneratze prozesua martxan jarri aurretik, hezeguneen lur eremua handitu behar dute. Hala azaldu du Eguzkik: gaur egun Allerik daukan hedadura txikia delako, eta ekosistema benetan osasuntsu bat mantentzeko ez delako nahikoa. Horretarako, Artibai ibaiaren ur ertz biak leheneratzea proposatu du. “Gaur egun padurak daukan 2,4 hektareako azalera 7,8 hektareara handitu nahi da”. Beraz, esan dute ibaiaren ertzean ortuak sortu dituztenek lur horiek padura leheneratzeko utzi beharko lituzketela, besteak beste.
Bigarren pauso gisa padurako landareak animalia belarjaleengandik babesteko hesi bat jartzea proposatu dute. “Saihesbideak sortuko duen zarata murrizteko, Tamarix Gallica espezieko landareak landatu beharko lirateke”, esan dute. Ingurunearen dibulgazioa baliatzeko asmoz, landare eta animaliarik esanguratsuenek ekosisteman duten garrantzia azaltzeko informazio panelak jartzea ere proposatu dute. Azkenik, ibilbidearen amaieran egurrezko etxola bat ipini nahiko lukete, berreskuratutako hegaztiak behatu ahal izateko.
Prozesua, geldi
Ondarroan abiatu zuten padura leheneratzeko prozesua, duela zenbait urte. Baina proiektua gelditu egin behar izan zuten, kanalen arazo batengatik. Eguzki taldeko kideek azaldu dute hori konpondu bitartean hainbat neurri har daitezkeela, besteak beste, landare inbaditzaileak kendu, martin arrantzalearentzako habiak jarri, txori migratzaileentzako egur tokiak jarri edota argindar dorreak kendu.
Ekologistek diote ingurumena ongi kudeatuz gero herritarren ongizatea lor daitekeela: “Ingurumenaren babesa ez da bakarrik planteamendu erromantikoetan eta aditu eta espezialisten galdekizunetan oinarritu behar”.