Manu Gomez-Alvarez: “Zorrotzaurre egunero ari da eraldatzen; zuri dagoen mihise bat da, irekia”

Manu Gomez-Alvarez: “Zorrotzaurre egunero ari da eraldatzen; zuri dagoen mihise bat da, irekia”

A. I. A.

Bilboko Zorrotzaurreko eraldaketa prozesua proiektu kulturalak abiatzeko aprobetxatu izan du Manu Gomez-Alvarezek (Bilbo, 1961). Fabrika hustu batean Haceria Arteak gunea sortu zuen, eta, hura eraitsi ondoren, hutsik zegoen beste eraikin batean Terminal fabrika artistikoari ekin zion, 2018an. Bitarteko hirigintza izenekoaren adibideak dira biak.

Haceria eta Terminal sartzen dira bitarteko hirigintza deitutako horretan. Zertan datza?

Haceria 1998an sortu nuen, eta, ia hogei urteren ondoren, Zorrotzaurreko plana garatzen hasi ziren, Zaha Hadidek diseinatutakoa. Bota egingo zuten. Baina jada ez zituzten pabiloiak erabiltzeko lizentzia industrialik ematen, eta, halako asko hutsik zeudenez, iruditu zitzaidan horiek eraitsi eta etxeak egin bitartean aprobetxatu zitezkeela. Ingelesezko meanwhile kontzeptuan oinarritu nintzen. Planak eraldatutako elementuak erabili, eta horiek bizitzaz eta sorkuntzaz bete nituen. ZAWP Zorrozaurre Work in Progress sortu nuen. Lau ardatz ditu, eta haietako bat dira hirigintza aldatzeko egiten diren esku hartze artistikoak. Bitarteko hirigintza gutxietsia da sarritan, baina proiektu batzuk geratu egiten dira, paradoxikoa iruditu dezakeen arren; adibidez, Pabiloi 6. Bitarteko hirigintza-k hiri eraldaketan esku hartzen du, eta indarra geureganatzen goazen heinean, hiriaren azala aldatuz doa.

Esku hartze artistiko horiek nola konpon ditzakete gabeziak?

Pista bat ematen diete, ez soilik instituzioei eta politikariei, baita herritarrei ere, dinamika kultural batekin egiten dutelako topo, eta exijenteagoak izan daitezkeelako instituzioekin. Botatzen zaituzte, baina proiektua herritarren memorian geratzen da, eta aldarrikapenak egon daitezke. Aprobetxatu behar ditugu aurrekoaren eta gerokoaren artean dauden zirrikitu horiek, eztabaidak sortzen dituztelako. Gainera, modua ematen du proiektuei ekin ahal izateko kostu txikiarekin, ez daukazulako zertan enpresa bat sortu edo autonomo bihurtu. Gauzak txarto badoaz, diru gutxi galtzen duzu. Ondo badoaz ere, lekua aldatu behar duzu, txiki geratzen delako. Trantsizio plataforma bat bezalakoa da.

Aurten jaialdia Terminalen egingo da. Zergatik?

Guk apustua egin dugu hirigintzaren eta arkitekturaren diziplinen alde, eta jaialdiak edukia eskaintzen digu. Eta Zorrotzaurre polo artistiko eta kulturala da. Egunero ari da eraldatzen, irekia da, zuri dagoen mihise bat, non instituzioetako eragileek boterea duten, baina baita hiriko eragile biziek ere, edonor sar daitekeelako uhartean eta esku hartzea egin horma edo zebrabide batean. Ordenamendutik kanpo dago; ez dute lizentziarik ematen. Hori da abantaila handienetako bat.