Olatz Enzunza Mallona
Joan den uztailaren 22an Espainiako Poliziak Sopelako lau gazteren etxeak miatu ondoren, horietako hiru atxilotu zituztela zabaldu zen herrian. Udalerriko joko aretoen aurkako mobilizazio batean parte hartzeagatik izan ziren espetxeratuak. Eta, beste arrazoi batzuen artean, egoera horri aurre egiteko helburuarekin sortu zen Zapustu plataforma. “Atxiloketen ostean, ohartu ginen arazoak beste dimentsio bat hartu zuela”, azaldu dute plataformako kideek.
Izatez, gazte horietako bat deklaratzera deitua izan zen joan den astelehenean. Baina, hiru egun lehenago, epaiketa bertan behera geratu zen, Espainiako Poliziak froga berriak agertzen ziren txosten bat aurkeztu zuelako. “Gertakari horrek, atxiloketa eta prozesu judizialaren atzean oso asmo eta mugimendu interesatu batzuk daudela berrestera garamatza”, diote plataformako kideek. Oraingoz, behintzat, ez dute epaiketarako data berririk zehaztu, eta horren “esperoan” daude oraindik.
Apustu etxeek Sopelan eragiten dituzten arazoak “sozializatzeko” asmoz sortu zen Zapustu plataforma, joan den irailean. “Duela hamar urte agertu zen Sopelan oraindik ere zabalik dagoen lehenengo joko aretoa, eta horien presentzia era nabarmen batean handituz joan da”, azpimarratu dute plataformako kideek.
Egoera “kezkagarria” zela ikusita, herritar batzuk elkartzen hasi ziren, eta, atxiloketen ondoren, plataforma sortzeko hautua egin zuten: “Joko aretoen problematika sozializatzeko zein gazteen prozesu judizialari aurre egiteko, Zapustu plataforma sortzea erabaki genuen”. Izan ere, plataformako kideek ez dituzte atxiloketak kasu bakan gisa ulertzen: “Azken urteetan, eta bereziki osasun krisiarekin batera, herri mugimenduen aurkako estrategia baten barruan kokatzen ditugu atxiloketak”. Ondorioz, hasiera-hasieratik argi utzi nahi izan dute ez dela soilik joko aretoekin lotutako plataforma bat: “Ez dugu soilik azaleko kritika bat egin nahi; izan ere, joko aretoen problematikaz ari garenean, herri ereduaz, asimilazioaz eta kapitalismoaz ari gara”.
Aste honetan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du apustu etxe eta joko aretoen inguruko neurriak gogortu egingo dituela. Araudi berriaren arabera, joko aretoen arteko gutxieneko distantziak handituko dituzte, ez da joko makinak jartzeko lizentziarik emango, lokal horietara sartzeko baldintzak gogortuko dituzte, eta publizitatea ere mugatuko dute, besteak beste. Aldi berean, lokal kopurua ere mugatua izango da.
Aurrerantzean ere, martxan
Zapustuko kideek salatu dute “askotariko jazarpenak” jasan dituztela plataformak egindako bide laburrean: “Herriak du dena aldatzeko ahalmena, eta ez dago herri antolatu bat gelditu dezakeenik; eurek ondo dakite hori”. Ondorioz, aurrera begira, “antolatzeko, saretzeko eta borrokatzeko” deia egin dute.
Etorkizunera begira, “aisialdi sanoa” lortzea dute helburu. “Hori alternatiba posible gisa aurkeztu nahi diogu herriari”. Horretarako, formatu ugariko jarduerak antolatuko dituzte; tartean, hitzaldiak, txapelketak eta jaialdiren bat edo beste egiteko nahia erakutsi dute. Dinamika horiez gainera, apustu etxeei lotutako jardunarekin “lanean” jarraituko dutela nabarmendu dute: “Hori da arazo nagusia”.