Mundakako alkatea kargutik kenduko dute gaurko bilkuran

Mundakako alkatea kargutik kenduko dute gaurko bilkuran

Natalia Salazar Orbe

Gaur eztabaidatu eta bozkatuko dute Mundakako EAJk Mikel Bilbao alkatearen aurka iragarritako zentsura mozioa. EAJko bost zinegotzien botoekin, alkatea kargugabetzeko nahikoa babes izango du mozioak. Beraz, Bilbaok gaur utziko dio alkate izateari.

Jeltzaleak iazko irailean saiatu ziren zentsura mozioa aurkezten, baina udal idazkariak kontrako txostena aurkeztu zuen, eta ezin izan zuten bozkatu. Administrazioarekiko auzien epaitegi batek lehenengo, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gero, eta Espainiako Auzitegi Gorenak azkenik ebatzi dute zentsura mozioa aurkez dezaketela. Erabakion ostean, gaurko ezohiko bilkuran eztabaidatuko dute mozioa, 12:00etan.

2019ko ekaineko udal hauteskundeetan Bilbaok bere burua independente gisa aurkeztu zuen arren, EAJren zerrendaburua izan zen. Boto gehien lortu zuen zerrenda izanik, orduz geroztik Mundakako alkatea izan da. Haren lekukoa Irati Gondra jeltzaleak hartuko du aurrerantzean.

Bilbaok joan den astean Bizkaiko Hitza-ri esan zion prozesu osoa bukatzeko irrikan dagoela: “Eguna iritsi dadin nahi dut. Ez da kontu erraza, denbora asko darabilgulako honegaz, eta haiek [EAJko zinegotziek] ez dute arrazoi zehatzik eman zentsura moziorako”. Gainera, adierazi du ez zuela espero Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia: “Hala ere, heldu da, eta onartu egin behar da”.

Desadostasunak, hasieratik

Bilbaok alkatetza hartu eta urtebete pasatxora hasi zuen karguan jarri zuen alderdiak hura kargugabetzeko prozesua. “Gaur egungo alkatearen eta EAJren udal taldeko gainerako kideen arteko desadostasunak izan dira abiapuntua”. Hala azaldu zuten jeltzaleek prentsa oharrean, iaz. Aitortu zuten Bilbaok 2019ko ekainean agintaldia hasi zuenetik okertuz joan zela bere eta bost zinegotzi jeltzaleen arteko harremana. Bizkaiko Hitza saiatu da zinegotzien iritzia jasotzen, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan gaurko bilkura baino lehen.

Egoera horren aurrean, alkatea kargugabetzeko zentsura mozioa aurkeztea beste aukerarik ez zuten, Bilbao ez delako alderdikidea. Hala ere, udal idazkariak atzera bota zuen zentsura mozioa aurkezteko aukera, iazko irailean, hauteskunde legea oinarri hartuta. Orduko idazkariak egindako txostenari heldu dio Bilbaok zentsura mozioa eztabaidatzeko saiakerak behin eta berriro atzera botatzeko.

Txostenaren arabera, kargugabetze proposamena alkatearen talde politikoak berak eginez gero, hamar zinegotziren babesa behar du onartua izateko. Mundakan, ordea, ezinezkoa da hori gertatzea. Izan ere, bederatzi zinegotzi besterik ez dago udalean: Bilbao bera, EAJren bost zinegotzi, eta EH Bilduren beste hiru.

EAJk auzitara jo zuen mozioa eztabaidatu eta bozkatu zedila eskatzeko. Eta administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegi bat haren alde azaldu zen. Bilbaok helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak EAJri eman zion arrazoia berriro, joan den maiatzean ebatzitako epaian: “Helegitea aurkezten duen udalak ezin du pentsatu bere taldetik pertsona bat kanporatu duen talde politiko batek pertsona hori alkate gisa mantendu beharko duela. Eta horretarako ezin du oinarri hartu, hain justu, kontrakoa helburu duen arau bat”. Erabaki haren kontrako helegitea aurkeztu zuen Bilbaok, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu.

Udalak zentsura mozioa tramiterako ez zuela onartu ikusi zuenean, EAJk taldetik kanporatu zuen Bilbao. Beraz, iazko irailaren 28ko osoko bilkuraz geroztik, alkate independente modura jardun du Bilbaok.

Arazoaren jatorria

Prozesua hasi zutenean, “ezadostasunak eta sintonia falta” argudiatu zituen EAJk alkatea kargugabetzeko. Mundakako alkateak oraingoan ez du azaldu nahi izan nondik datozen desadostasun nagusiak: “Abokatuak esan dit behar den baino gehiago ez hitz egiteko. Ez dut EAJren interes partidisten alde egin, ezta Mundakako batzokian haria mugitzen duten pertsonen alde ere”, adierazi du egungo alkateak.

Lamiak eta Atorrak parkea egiteko herriko familia bati eman behar zitzaion ordainak eragin zuen polemika nagusia. Familiari Basamortu eta Itxasbegi eremuetan urbanizatu gabe dauden bi gunetako lur batzuk urbanizatzeko aukera eman zioten trukean, baina alkateak esan zuen truke horren prozesua “irregulartasunez beteta” egon zela.

“EAJk erabili gura izan nau batzokitik ekarritako truke urbanistiko ilegal bat onartzeko, aurreko udalbatzak kontratatutako aholkularitza juridiko baten bermeagaz”, salatu zuen Bilbaok joan den maiatzean. Enpresa horren zerbitzuak erabiltzeari ere uko egin zion alkateak. Haren ustez, truke prozesuan zeuden “irregulartasunak” zirela eta, ezin zion oniritzirik eman.

Mundakako EAJk, berriz, “gezurretan” ibiltzea leporatu zion alkateari: “Basamortukoa legeak onartzen duen lurren truke bat baino ez zen. Diruagatik saldu beharrean, ondasunak ematen dira, eta balioaren aldea dirutan ordaintzen da”. Lurrak trukean eman zituen familiak epaitegietara jo zuen prozesuaren izapidean eta exekuzioan udalak eragindako atzerapenengatik.

Bilbaok adierazi du aurrerantzean alkate ez baina zinegotzi jarraituko duela. “Herriari laguntzeko lanean jarraituko dut. Ez dakit aurrerantzean aukerarik izango dudan, baina beti egongo naiz hor”, ziurtatu du. Oraingoz, ez du berriro alkatetzara aurkezteko asmorik. “Ez dut pentsatu horretan. Trankil egon nahi dut orain, familiagaz”.