“Emakumeen desira erotikoa agertzea da filmaren indar oinarrizkoa”

“Emakumeen desira erotikoa agertzea da filmaren indar oinarrizkoa”

Amaia Igartua Aristondo

Despopulazio bidean dagoen Extremadurako (Espainia) herri txiki batean kokatu du Ainhoa Rodriguez zuzendariak (Madril, 1982) bere fikziozko lehen filma: Destello bravío. Hango andreen istorioak bere ideiekin txirikordatu ditu.

Nondik sortu zitzaizun ideia?

Gogo handia nuen Extremadurako herri txiki bateko emakumezko aktore naturalekin [ez-profesionalak] filmatzeko. Aurretik lan eginda nengoen aktore naturalekin, eta zoragarria iruditzen zait egile gisa materia hain porotsu eta aberatsarekin lan egitea. Nire fantasiak haien bizitza istorioekin uztartu ditut. Extremadurakoa naiz, gainera; nire aitaren familia Tierra de Barros eskualdeko herri batekoa da, eta erroekiko lotura sentitzen nuen.

Gaurkotasuneko gai bat jorratzen duzu: despopulazioa.

Ez nuen aurreikusia hori jorratzea. Urtebete inguru egon nintzen herrian, gidoia lantzen, autoreen hautaketa, xehetasunak, pertsonaien eraikuntza eta kokalekuak aztertzen… Eta topo egin nuen izandakotik jada urrun zegoen toki zaharkitu batekin; jende gazteak alde egin du, ume gutxi daude, eta herria txikitzen ari da: milatik gora biztanle ziren lehen, eta seiehun bat orain. Ezin nuen beste alde batera begiratu.

Hala ere, zure kontakizuna errealismotik aldentzen da, ezta?

Filmak dokumentaletik edaten du, baina baita beste genero askotatik ere, azken batean istorio bat kontatzeko ezin baitzara mugatu. Egia da baduela errealismo magiko apur bat, errealitatearen berrasmakuntza, egunerokoan badagoelako fabulatzeko eta existentziari zentzua bilatzeko joera bat; hori da errealismo magikoa, eta munduko edozein herritan aurki daiteke.

Pertsonaiek eta aktoreek arautik harago dagoen hori islatzen dute. Zergatik?

Pelikulako erabakietako asko arau hausteak dira, eta atsekabez diot, baina hala dira. Adineko pertsonak, ikusezinak sarritan, ikusgai egiten dituelako. Emakumeen aurpegi errealak agertzen direlako, ez edertasun estandarra; indar basati bat dago, askoz interesgarriagoa dena eta, hortaz, ederragoa ere bai. Extremadurako azentua dagoelako, ez azentu neutro absurdo hori, arimarik ez duena. Eta kapital handietatik urrun dagoen herri txiki batean egin delako, non ematen duen ez dagoela ezer kontatzeko, baina badagoen. Araua haustea da, halaber, zuzendaria emakumea izatea, gehienak gizonak diren sistema batean.

Arau urraketak ez ezik, askatasuna ere islatzen du filmak?

Kartzela sozial eta kulturaletatik ihes egiteko beharra erakusten du. Baita desira ere, ekintza zein sexu grina, emakumeen desira erotikoa erakustea araua urratzea ere badelako. Desira hori agertzea pelikularen oinarrizko indarra da, nire ustez.