Natalia Salazar Orbe
Lanegunetan 130.000 ibilgailu inguru ibili ohi dira Leioa erdibitu eta zeharkatzen duen BI-637 errepidean —Artatzako errepidea ere deitzen zaio—. Bizkaiko errepideetan auto ilara gehien izaten dituena da, eta Leioa inguruko bizilagunek 80 eta 90 dezibel arteko zaratak pairatzen dituzte. Bertakoek urteak daramatzate errepidearentzako eta inguruarentzako konponbide eske. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak joan den hilaren bukaeran iragarri zuen 60 milioi euro bideratuko dituztela errepidea estaltzeko. Bizilagunek uste dute zati batzuk estaltzea ez dela nahikoa, eta errepidea lurperatzeko eskatu dute. Eskaerok plazaratzeko manifestazioa egingo dute etzi, 12:00etan, Leioako Bulebarretik abiatuta.
Avanzada Estaltzeko Plataformak “konponbide integral bat” eskatuko dio aldundiari domekako manifestazioaren bidez. Plataformak berak deituta, hainbat herritarrek batzar informatibo bat egin zuten urriaren 14an, aldundiak herria erdibitzen duen errepideari irtenbidea emateko egin zuen iragarpenari buruz hausnartzeko. 150 lagun elkartu ziren batzar hartan, eta ondorioztatu zuten Rementeriak iragarritako egitasmoak ez dituela konponduko leioaztarren arazoak.
Aurrekontua, iragarrita
Ahaldun nagusiak irailaren bukaeran iragarri zuen aldundiak 60 milioi euro inbertituko zituela BI-637 errepidea estaltzeko: “Herria zatitzen duen lubakia ezabatu eta pertsonen gozamenerako gune bat sortuko dugu”, adierazi zuen Rementeriak.
Iragarri zuen 2023. urtearen hasieran abiatuko dituztela obra horiek egiteko lanak. “Historikoa da aldundiak konponbidea emango dion eskaera”, esan zuen Rementeriak. Aurreikusi dute proiektua prest egongo dela 2022ko azarorako; orduan hasiko da lanak adjudikatzeko prozesua.
Avanzada Estaltzeko Plataformak Leioako hainbat elkarteren babesa du; besteak beste, pentsiodunena eta SOS Kurkudirena. Guraso elkarteek ere babesa eman diete, eta plataformako kideek gogorarazi dute haurrak direla zaurgarrienak egunero errepidetik igarotzen diren ibilgailuek sortutako kutsaduraren aurrean. Plataformako kideek dei egin diete gainerako elkarte eta eragileei eurekin bat egin, eta, hala, denek batera eskaera bakarra aurkezteko udala osatzen duten talde eta alderdi guztien aurrean.
Plataformako kideek uste dute, besteak beste, aldundiak kutsadura —akustikoa eta ingurumenari dagokiona— murrizteko konponbideak gauzatu behar dituela. Alde horretatik, esan dute aldundiaren proposamenak ez diola emango irtenbiderik arazoari.
Adierazi dute ez dela nahikoa errepideko tunelen artean estali gabe dauden eremuak tapatzea —lubaki ere esaten diete—. “Artatzako biribilgunetik gasolina zerbitzuguneetaraino estal dezaten nahi dugu”, esan dute plataformako kideek.
Protestak, lehenago ere bai
Ez da leioaztarrak BI-637 errepidea berrantolatzeko lanengatik kalera ateratzen diren lehen aldia. Aldundiak joan den otsailean hasi zuen lanon bigarren fasea. Asmoa zuten Bilborako noranzkoan errepide horretatik herrira sartzeko tunelaren ondoren dagoen lehen sarbidea kentzeko. Leioako Auzoak Lotuta Stop Lanak plataformak deituta, hainbat herritarrek protestei ekin zieten lanok hasi zituztenean.
Herritarren aldarrikapenek eta protestek eragina izan zuten aldundiaren asmoetan. Azkenean, hasierako proiektua aldatu, eta, sarbidea kendu ordez, hari eutsi eta Udondoko biribilgune berria eraikitzeko egitasmoaren berri eman zuten martxoan.
Protestetan parte hartu zuten leioaztarrek pozik hartu zuten erabakia. Hala ere, orduan ere azpimarratu zuten irtenbide integrala lortu arte kalera aterako zirela. Domekan plazaratuko dituzte berriro ere euren eskakizunak.