Harri zaharren erabilera berriak

Harri zaharren erabilera berriak

Amaia Igartua Aristondo

Horma zuzen marratuak, arroketan sortutako terrazak, eta han eta hemen utzitako harri puskak, saltzeko desegokiak izateagatik baztertuak, edota harrobiarekin batera abandonatuak: Mañariko Angurreta harrobian agerikoak dira behialako ustiapenaren zantzuak. Kareharria atera zuten handik 1970eko hamarkadara arte, eta erabili gabe zegoen harrezkeroztik, harik eta, duela lau bat urte, Victor Arrizabalaga eskultore mañariarrak begiz jo, eta kulturgune bat antolatzea erabaki zuen arte. Arrizabalagak elkarte bat sortu du, lagunekin tokia kudeatzeko —Angurreta Harrobia Kultur Elkartea—, eta hainbat urtez ibili dira garbitzen eta atontzen; harri txiki eta ertainak eta hondakinak kendu edo alboratu dituzte, baina elementu mardulenak ez dituzte mugitu, eskualdeko historiaren erakusleak baitira, eta, era berean, ekitaldi batzuetarako erabilgarriak.

Angurreta Harrobia Arte Espazioak helburu du “batetik, lekuaren memoria berreskuratzea, eta, bestetik, praktika artistiko berrien topagunea izatea”. Ildo horretatik, performanceak, arte instalazioak, body art-a eta bestelako diziplina berriak konbinatzeko asmoa dute ohiko kultur programazioarekin, hala nola formatu txikiko kontzertuekin eta irakurketa poetikoekin.

Angurreta harrobia 2

Eskultorearen hitzetan, “museoak eta galeriak jada ez dira lekurik aproposenak praktika artistiko berrientzat, lekuak mugatzen dituelako”. Hori horrela, artista garaikide askok alternatibetara jo dute, izan antzinako lantegi edo hiltegietara, izan harrobi batera, bere kasuan. Arrizabalagaren iritziz, “bizitza, natura eta artea elkarrekin egoten dira, edo lotura bat mantendu behar dute”, eta Angurreta aproposa iruditzen zaio horretarako: Eskubaratz, Saibigain eta Mugarra mendiek inguratzen dute Angurreta, Urkiolako parke naturala 200 metrora dago, eta txorien txioak baino ez dira entzuten. Kutsu poetikoa ere antzematen dio Arrizabalagak, ondorioz. “Naturaren opari bat da. Nahiz eta mendia zaurituta dagoen gizakion esku hartzeagatik, kasu honetan badauka bere xarma”. Hala, nahiago du lekuari Mañariko harrien lorategia deitu.

Irailaren 3an inauguratu zuten gunea, antzinako musika jotzen duen Khantoria taldearen kontzertuarekin; Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza ipuina musikatu zuten, besteak beste, idazlea bera entzule zegoela. Biharko beste ekitaldi bat antolatu dute, hirurogei lagunentzat. Lehenik eta behin, bi bisita gidatu egingo dituzte: geologo bat harrien eta harrobiaren sorreraz eta egituraz ariko da hizketan, eta ikuspuntu artistikoa azalduko du Arrizabalagak. Ondoren, Laukote taldeak kontzertu bat emango du. Aurtengo azken ekitaldia izango da, tokia aire zabalean egonik, eguraldiak baldintzatzen duelako egitaraua. Hala ere, dagoeneko badituzte aurrera begirako jomugak: esaterako, Tadanori Yamaguchi artista japoniarraren instalazio bat.

Angurreta harrobia 4

Lorratz artistikoa

Yamaguchiren proiektua hartuko duen gunea okupatuta dago orain, ordea. Harrobiak dituen terraza askotako batean, Corten altzairuz eginiko esfera bat kokatu du Arrizabalagak, eta haren inguruan hiru zirkulu zentrokide osatu ditu, bertan zeuden harri batzuk erabilita; agerraldi bat eta hark sortutako uhinak dirudite. “Harrobian forma kubiko eta errektangularrak gailentzen dira, plano lauak, eta ni saiatu naiz elkarrizketa estetiko bat egiten, kontrastea sortzen”, azaldu du.

Harrobia erakustoki bilakatu nahi du, besteak beste. Bere lanak jarri ditu eskultoreak, hasteko, eta bereak dira, halaber, tokian egindako lehen esku hartze artistikoak ere. Ez dira gutxi, edozein bazterretan agertzen baitira; hasierako jarduera ekonomikoaren arrastoak eta oraingo erabilera artistikoaren lehenengo adibideak uztartu egiten dira, eta elkar osatzen dute biek. Langileek aldagelatzat eta biltegitzat erabiltzen zuten etxolaren aldamenean kokatu ditu, esate baterako, Corten altzairuz taxututako letra bilduma eta puzzle piezak.

Angurreta harrobia 3

Alabaina, nahi gabe pilatutakoa dirudi harrizko eskailera baten ondoko gurutze sortak. Eremuari “lubaki” traza hartu zion, eta irudi hori indartzeko paratu ditu harrizko sinboloak, eta, gainean, arantzadun burdin haria. “Memoria historikoarekin lotu dut. Baina garrantzitsuena da natura, bizitza eta heriotza harremanetan daudela”. Arrakala zabal bat biribildutako harri zuriz bete du, horma ilunagoarekin kontrastea eragiteko, beste behin, eta azalera lau eta estatikoei dinamismoa txertatzeko.

Lanak erakusteko ez ezik, lasai egoteko abagunea ere eskaintzen dio harrobiak Arrizabalagari; zona batean bereziki indartsua da giro poetikoa, eskultorearen hitzei erreparatuta. Bi hormek osatutako pasabide baten hondoan, Kantauriko artadi oparoak emandako gerizpean, bi harri handi utzi zituzten harrobiko langileek; horien inguruan txikiago batzuk jarri ditu eskultoreak, bazter horren “kutsu megalitikoa” azpimarratze aldera. “Cromlech bat dirudi. Oteizak zioen cromlecha gure arbasoek sortutako leku magiko bat zela, eguzkiarekin, argiarekin… konektatzeko. Naturako klaustro moduko bat da: sarritan etortzen naiz bakarrik egoteko, hausnartzeko, naturarekin harremanetan egoteko…”.