Heriotzak ikertzeko argia

Heriotzak ikertzeko argia

Natalia Salazar Orbe

Euskadin ez dago erabiltzen ez den eta horrenbesteko aukera eskaintzen duen beste hilerririk”. Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiak berba horiekaz laburbildu du Bilboko Begoña auzoko hilerriaren garrantzia. Kanposantua 1813tik 2006ra bitartean egon zen martxan. Orain, Aranzadik Bilboko memoria historikoa berreskuratzeko laborategi eta ikasgela zientifiko bilakatuko du eremua. Besteak beste, 36ko gerrako berrogei biktimaren gorpuzkiak desobiratuko dituzte.

Begoñako Argia izena jarri diote proiektuari. Haren asmoa da unibertsitate praktiken campus bat ezartzea hilerrian. Historiaren, ondarearen eta antropologiaren inguruko ikerkuntza egiteko baliatuko dute eremua. Bilboko Udalak 325.000 euroko laguntza eman dio horretarako Aranzadi zientzia elkarteari.

BEGOÑAKO ARGIA PROIEKTUA

Memoria historikoaren ikuspegitik duen balioaz gain, XIX. eta XX. mendeen arteko hilerrien arkitektura aztertzeko aukera emango du hilerrian egingo duten ikerkuntzak. Izan ere, agirietan jasota dagoenez, arkitektu eta artista ospetsuek diseinatutako panteoiak dauzka Begoñako hilerriak. Besteak beste Vicente Larreak, Emilio Amannek eta Jose Maria Basterrak egindakoak.

Ondarea osatzeko bidea

Aranzadi zientzia elkarteak uste du eremuak aukera handia eskaintzen duela hiriaren iragana ezagutzeko, eta oso egokia dela ikerketarako, zientziaren metodologia eta sentsibilitate tekniko egokiak erabilita. Azaldu dute bertan bat egiten duten elementuek ondare materiala eta ez-materiala osatzen dutela.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten proiektua, eta lanen garrantzia azpimarratu zuen Agirrek: “Uste dugu Begoñako hilerria aukera bakarra dela antropologiaren, memoria historikoaren eta kultur ondarearen arloan nazioartean zientziaren alorreko zabalkundearen eta formazioaren eredu bihurtzeko”.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berme gisa ikusten ditu Aranzadi elkartearen “ibilbidea, esperientzia eta lan egiteko moduak”, eta ziur dago proiektua zientzia eta teknika koordinazio bikain batekin gauzatuko dela, “Begoñako hilerriari zor zaizkion protokoloak ziurtatuz”. Azpimarratu du “memoria leku baten gainean” ari direla hizketan. “Eta horrek lotura estua du beti sentimenduekin: bai kolektiboekin, bai norberarenekin”.

Agirrek eta Aburtok aurkezpenean argi utzi zuten “kontakizuna eta ezagutza sortzeko” baliatuko dituztela Begoñako proiektuaren barruan egingo dituzten jarduera guztiak —aholkularitzakoak, formaziokoak eta zientzia hutsekoak—. Izan ere, herritarrentzako zabalik egongo da hilerria, eta nahi dutenek aukera izango dute bisita gidatuetan parte hartzeko. Horrez gain, adituek hitzaldiak emango dituzte Bidebarrieta liburutegian.

EHU, Deustu eta UNED

Aranzadik unibertsitate campus baten bidez egingo ditu indusketa eta desobiratze lanak. Horretarako, elkarlanean ariko dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatea. Zientzia elkarteak berak hartu du bere gain ikasleak erakartzeko eta haien lana kudeatzeko ardura.

Asteon piztu dute proiektuari izena eman dion argia. Hobitik atera duten lehen gorpuarekin piztu dute, eta ez dute itzaliko hilerriko azkena atera arte. Dibulgazio lana ere egingo dute proiektuarekin: hainbat panelekin erakusketa gune bat jarri dute Begoñako Andra Maria kaleko hilerrirako sarbidean.

Ikerketa lan guztiak dokumentatu egingo dituzte. Sozializazio plan bat eratu eta “ahalik eta zabalkunderik handiena” emango diote. Bisita, erakusketa eta hitzaldiez gain, esku hartze artistikoko tailer bat ere egingo dute. Eta baita hilobien petrologiari buruzko beste bat ere.