“Arte bizia da dantza: obrarekiko harremana aldatu egiten da”

“Arte bizia da dantza: obrarekiko harremana aldatu egiten da”

A. I. A.

Basamortuko oztopoei aurre egiten dieten bi lagun agertzen ditu La Intrusa konpainiaren Sonora piezak. Eraldaketa du hizpide lanak, sortzaileetako batek, Damian Muñozek (Gasteiz, 1968), azaldu duenez. Bilboko Zabalguneko eraikinean ikusi ahal izango da, urriaren 29an, 19:00etan.

Sonorako basamortuan (Mexiko eta AEB) dago kokatuta pieza. Zergatik?

Sortu genuenean Sonoran geundelako, eta asko inspiratzen gintuen zerbait zegoen basamortuan, espazio huts eta haize horietan. Toki bat da non eutsi behar diozun eta berreraiki behar zaren. Haizeari aurre egin behar diozu, egokitu egin behar zara, eta ni berri bat sortzen aritu etengabean.

Nola adierazi daiteke hori agertokian?

Irudiekin egiten dugu lan. Kasu honetan, bidaia berean doazen bi pertsonaia sortu genituen. Ikusizko metaforen bidez ondu dugu obraren garapena. Ez dugu eraikitzen mugimendutik abiatuta, baizik eta ideietatik. Horietatik tiraka gidoia idatzi genuen, eta sortzen hasi ginen metafora fisikoa deritzoguna: kontatu nahi duguna aztertu, eta mugimenduari ezaugarri batzuk txertatzen dizkiogu, zeintzuek hurbilduko gaituzten helarazi nahi dugun sentimendura. Mugimendua inprobisatua da, ez dugu lan egiten errepikapenen bitartez. Kontzeptu batetik abiatzen gara, eta saiatzen gara itzultzen ideia fisiko batera, nabaritu ahal izango dena ez mugimenduaren bidez, baizik eta gorputza mugiarazten duen horren bidez.

Virginia Garciarekin sortu eta interpretatzen duzu pieza. Elkar ulertzea da oinarria?

25 urte daramatzagu elkarrekin dantza egiten, eta badaude konexio bat eta dantza tratatzeko modu oso intuitibo bat. Instintuak esna egon behar du, zati handi bat inprobisatua delako.

La Intrusa konpainiak 25 urte bete ditu aurten. Ba al duzue hasierako urteen nostalgiarik?

Egia esan, ez. Iraganera oso gutxi begiratzen dion konpainia bat da gurea. Nostalgia gutxi dugu; hain zuzen, urtebetetzea ospatuko dugu hustuz, dena botaz. Atxikimendu oso txikia diegu ideiei, erraz askatzen gara, piezetatik ere bai: bizitza bat dute, asko gozatzen ditugu, baina igaro daitezen uzten dugu gero.

Hortaz, beste horrenbeste gertatuko da Sonora-rekin ere?

Imajinatzen dut baietz. Bestalde, oso kuriosoa da sortzaileen eta haien obren arteko harremana. Lan batzuek zurekin eboluzionatzen dute. Eta beste batzuk oso arin iraungitzen dira. Arte bizia da dantza: obrarekin duzun harremana aldatu egiten da; batzuk hazi egiten dira, eta besteak diluitu, arrastorik utzi gabe.

Sonora-rekin nolakoa izan da harremana?

Hazkunde harremana izan da. Pieza garrantzitsua izan zen bere garaian, mugimendua interpretatzeko modua aldatu zigulako. Aldaketaz diharduenez, behar genuen, halaber, eraikitzeko eta mugitzeko beste modu bat aurkitu. Prozesu luzea izan zen: tartea hartu genuen ikasteko, klaseak jasotzeko, beste modu batera idatzi eta interpretatzeko, eta eszenari ezberdin aurre egiteko. Mugarria izan zen dantza ulertzeko eta eraikitzeko gure forman, eta gaur egunera arte iraun du.