Antzinako babesen aztarna

Antzinako babesen aztarna

Ibai Maruri Bilbao

Urduñako harresia zaharberritzen dabil aurten udala. Bi dorreetako teilatuak deseraiki eta birgaitu dituzte irailera arte egin dituzten lanetan. Andra Mari elizaren eta harresiaren arteko gunea lorategi publiko bihurtzea da hurrengo pausoa. Besteak beste, bisita gidatuak eta ekitaldi publikoak egiteko erabiliko dute bukatutakoan. Bizkaian, harresirik handiena eta ongien kontserbatu dena da Urduñakoa. Hala ere, haren zati gehienak desagertuta daude gaur egun. Aitor Gonzalez historialariak esan du hiru gunetan baino ez dagoela zutik: “Andra Mari parrokiaren ondoan dago garrantzitsuena. Zazpi metro da garai, eta ehun metro luze. Gainera, hiru dorre ditu inguru hartan”.

Elorrioko harresia

Ikus daitekeen beste harresi zatia Velasco jauregian dago. “Jauregiaren fatxada, egiaz, harresia bera da”, egin du oharra Gonzalezek. Hirugarren zatia Orruño kalearen atzeko aldean dago. “Ezezagunena da, hondatuta dagoelako, baina oraindik han daude berrogei metro harresi”.

Plentziako harresia

Bere garaian 1,8 kilometro zen luze. Gonzalezen esanetan, parrokia dagoen ingurukoa da zatirik zaharrena, XIII. mendekoa. “Nik uste dut Bizkaiko jaunak hiria sortu zuenean hasi zirela eraikitzen. XIV. mendean handitu egin zuten, eta mende horren bukaeran Urduña osoa hesituta zegoen, gaztelu eta guzti”. Bizkaian hiri titulua duen herri bakarra babestea zuen helburu nagusia. Baina baita izurriei aurre egiten laguntzea ere. “Halakoetan itxita egoten ziren harresiak zituen zazpi ateak. Zaintzaileak egoten ziren haietan, eta sartu nahi zutenei galdeketa egiten zieten: nondik zetozen eta nora zihoazen, zer zeramaten, izurriak jotako herrietakoekin harremanik izan ote zuten… Barrura sartutakoan berrogeialdia egin behar izaten zuten”.

Portugaleteko harresia

Gonzalezek Bizkaiko hiribilduen harresiak izan ditu ikerketa gai azken urteetan: Bilbo, Elorrio, Portugalete, Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Urduña, Balmaseda eta Durango. Euretako bakoitzari liburu bat eskaini die. Iaz argitaratu zuen Durangokoa, azkena, eta aurten kaleratu du seriea biribiltzeko idatzi duen Murallas de Vizcaya (Bizkaiko harresiak) lana. “Bilduma ixten du. Guztira, 3.000 orri baino gehiagoko corpusa sortu dut”.

Balmasedako harresia

Gonzalezen esanetan, hiribilduek hiru arrazoigatik erabakitzen zuten harresia eraikitzea: sinbolikoa, ekonomikoa eta babesa. “Ez zegoen inguratzen zuen harrizko gerrikorik ez zuen hiribildurik. Prestigioa ematen zien harresiak. Oinezko bisitariari botere eta segurtasun irudia ematen zion; merkataritza indartsu zegoela ere erakusten zion. Zenbat eta sendoagoa harresia, orduan eta boteretsuagoa hark babesten zuen hiribildua”.

Durangoko harresia

Harresietako ateak erakusleiho apartak zirela esan du. “Atari handiak eraikitzen ziren, armarriekin eta apaingarri eskultorikoekin”. Aldi berean, ate horiek izaten ziren tokiko erlijiotasunaren isla. Fede handia zieten santuen irudiak jartzen zituzten horma hutsarteetan. Gutxi badira ere, horietako batzuk gaur egun oraindik ikusgai daudela esan du Gonzalezek. Ohartarazi du, inguruko lurraldeetakoekin alderatuz gero, Bizkaiko atariak xumeak zirela.

Bizkaiko hiribilduak XIV. mendean sortu ziren, bandoen arteko gerra betean. XV. mendera arte luzatu zen gatazka hori. “Egoera horretan, hiribildu sortu berriek ez zuten euren buruak harresi bidez babestu beste biderik. Hala ere, egia da euskal harresiek ez zutela espainiar erreinuetakoek zuten sendotasun bera. Horregatik, ez zen hain zaila haiei eraso egitea. Batzuetan, indarrez sartzea lortu zuten. Esaterako, Elorriora, 1463ko batailan. Baita Arrasatera [Gipuzkoa] ere, 1448an; oinaztarrek su eman zioten”.

Harresi horiek ziren hiribilduek zuten leku bakarra kontsumorako produktuen sartu-irtena kontrolatzeko eta zergapetzeko. “Kontseiluek zorrotz kontrolatzen zituzten merkatariek hiribildura sartu aurretik ordaindu beharreko zergak. Era berean, ateetan aztertzen zuten elikagaiak ondo zeuden. Hiri bazterretan birsalmentarik ez egotea ere zaintzen zuten guardiek”.

Izurriteetan ez ezik, mahats bilketa sasoian ere ateak itxi egiten zituzten. Baimendu gabeko lekuetatik mahatsa sartzea eragozten zuten hala. Guardiek eragozten zuten hiribildukoena ez zen mahatsa barrura sartzea. “Agirietan irakur daitekeenez, kontrabandoa zorrotz zaintzen eta zigortzen zuten”.

Artilleria modernoak hautsi

Oharra egin du Gonzalezek: “Harresia zuten herrigune guztiak hiribildu izan ziren, baina hiribildu guztiek ez zuten harresia izan”. Bizkaian, Lanestosa, Ugao, Larrabetzu, Areatza eta Otxandio harresi gabeko hiribilduak dira. Hori azaltzen duten arrazoiek azterketa sakonagoa behar dutela uste du egileak, baina batzuk aipatu ditu: “Halako obra garesti bat egiteko baliabide ekonomiko faltagatik izan zitekeen, eta baita jauntxoen edo hiribildu indartsuagoen trabengatik ere”.

XIX. menderako harresiek galdua zuten euren egiteko nagusia. Beraz, hiribilduak haiek eraisten hasi ziren. Bilbok lehenagotik ekin zion zeregin horri: XVIII. mendean. Harresirik sendoenak zituzten hiribilduen kasuan soilik izan ziren baliagarri gerra karlistetan. ” Bizkaian, Urduñakoa salbu, ez dira artilleria modernoari eusteko behar bestekoak: gerra karlistetan erabilitako obusek erraz hautsi zitzaketen Erdi Aroko harresiak”. Horrez gain, hiribildurik txikienak ere hasiak ziren kanpoan eraikitzen, barruan leku gabe geratu zirelako. “Arkitektura modernoak elementu zaharkitu eta antiestetikotzat jo zituen”.

Gutxi dira gaur egunera iritsi diren harresien aztarnak, BIzkaian: Zelaiko eta errekako ateak, Elorrion; Salazar atea, Portugaleten; Hierro kaleko atea, Urduñan; Plentziako Santiago atea; Bermeoko San Juan atea; Balmasedako San Lorentzo atea; Santa Ana atea, Durangon; eta Lekeitioko harresiaren zati batzuk.