Javi West Larrañaga
Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxeak salatu du Osakidetzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dutela jartzen indarkeria matxistaren biktimak behar bezala artatzeko adina baliabide. Aurtengo lehen seihilekoaren balantzean argitaratu dute aholku etxeko kontsulten %55 arreta psikologikoa emateko izan direla; iaz, ostera, %45 izan ziren. “Datu horrek argi erakusten du emakumeek pairatzen duten estresa eta bortizkeria igo egin dela pandemiarekin”, azaldu du Mireia Saiz Argitaneko kideak.
Iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, igo egin da indarkeria matxista jasateagatik haiengana jo duen andreen batezbestekoa. “Arduratzekoa” dela nabarmendu du Saizek, haiek jasotzen dituzten datuak arazoaren “iceberg punta” izan ohi direlako. “Zifra horiek kasuen zati txiki bat erakusten digute, ez daukagulako gaitasunik denak detektatzeko”. Aurten izan dituzten kontsulta guztien artean bortizkeria matxistak leku handiagoa izan badu ere, berdintsu jarraitu du kasu absolutuen kopuruak.
Erakundeei ardura eske
Elkartekoek argitu dute haiek ez direla gai “erakundeek egiten ez duten lana” egiteko, eta aholkularitza eskaini eta informazioa ematen dizkiete elkartera agertzen zaizkienei. Argitanen arabera, “prekaritatetik, diskriminaziotik eta bortizkeriatik” ateratzeko jotzen dute haiengana, eta haien lana da emakumeei erakundeen sarean nabigatzeko informazioa ematea. Horretan ere, gero eta eragozpen gehiago hautematen ari direla salatu dute: “Guk ematen diegun informazioa sarbide bat da ateak jotzen hasteko, baina ikusten ari gara ate horiek zabaltzea oso zaila dela”.
Saizek esan duenez, talde feminista eta aholkularitza elkartea diren heinean, ez daukate baliabide nahikoa eskakizun guztiei aurre egiteko. Haren aburuz, erakundeei dagokie lan hori. Osakidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundian ez ezik, Barakaldoko Udalean ere jarri dute arreta.
Kalean “borrokan” jarraitzeko beharra nabarmendu dute elkartekoek, eta adierazi dute kanpainek ez dutela balio gero baliabide gehiago jartzen ez badira andreen arretarako: “Utzi alde batera sustapenak eta kanpainak, jarri serio, eta eskaini benetako baliabideak beharra duten emakumeei laguntzeko”.
Adierazi dutenez, Argitanera aholkularitza eta arreta psikologiko bila jo duten andre asko Osakidetzan saiatu izan dira lehenago, baina ez diete aukerarik eman psikologoarenera joateko. Hilabete luzez orduak emateko aukera barik egon dira Bizkaiko Foru Aldundiko Zutitu zerbitzuan ere. “Maiatzean urrirako orduak ematen ari ziren”, azaldu du Saizek. “Sare publikoa eta lehen mailako arreta baliabideetarako sarbide izan beharko lirateke, indarkeria matxista detektatzeko bide, eta, zoritxarrez, ez da hala gertatzen ari”.
Askotariko emakumeek jotzen dute haiengana. Argitanen nabaritu dute gazteak ere laguntza eske joaten zaizkiela, baina, oraindik, 40 urtetik gorakoak dira gehienak. “Urteetako lanari esker, emakume gazteak gai dira bortizkeria arinago detektatzeko”. Adineko emakumeen kasuan, “zailagoa” dela azaldu du Saizek, “indarkeria identifikatzeko zailtasun gehiago” dauzkatelako eta “baliabide ekonomiko propioen urritasunak” indarkeria horretatik aldentzeko aukera kentzen dielako.
Legeak eta lanbideak
Arreta juridikoa ere ematen du elkarteak. 2021eko lehen seihilekoan aholkularitza lanen laurdenak izan dira arlo juridikokoak. Dibortzioen, zaintza partekatuen eta mantenu pentsioen gaineko zalantzak dira gehien errepikatzen direnak. Gainera, Argitanekoek salatu dute Ezkerraldeko herrietan emakumeen eta haurren aurka jo duten sei kasu hauteman dituztela “GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudiotzat hartuta”; horietako hirutan umeen zaintza kendu diete amei.
Badute langileentzako aholkularitza zerbitzua ere, eta aholku horiek behar dituzten gehienak etxeko langileak dira: %90. Horietatik gehien-gehienak migratzaileak dira. Kanporaketekin eta lan amaierako kitapenekin laguntzen diete elkartean, eta behargin gehienek kontratu barik edo benetako lanari egokitzen zaizkion kontratu barik egiten dute lan. Pandemiak gogor jo zituela ohartarazi du Saizek. “Konfinamenduan kontsulten gorakada izan genuen langile asko kanporatu eta etxetik bota zituztelako, eta ez zutelako prestazio sozialik, ez langabezia ordainsaririk”.