Ibai Maruri Bilbao
“Bizkaiko Foru Aldundia berba betetzen duen diputazioa da”. Unai Rementeria ahaldun nagusiak urteko berbaldi printzipala egin du Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, eguaztenean Gernika-Lumoko Batzar Etxean egindako bilkuran. Agintaldi erdia igarota, hartutako konpromisoak zenbatean bete dituen egin du balantzea: %35 osatu dute edo osatzear daude; %49, gauzatze bidean. “Bi urte ditugu diseinatzen edo hasi gabe dagoen %16 hori egiteko”. Argazkia egin dio diputazioari: “Hauxe da gure selfie-a; hauxe gara eta hauxe egiten dugu”.
Azpiegiturak
2023 hasieran abiatuko dira Leioan BI-647 errepidea estaltzeko lanak. 60 milioi euroren aurrekontua izango dute. Sollubeko tunelak ez ditu baztertu, baina bitartean Mungia eta Bermeo lotzen dituen BI-631 errepidea hobetuko dute, Bidebietatik Sollube gainera. Hiru urteko epea egongo da proiektua idazteko; beraz, hurrengo legealdian egin beharko dute obra bera. “Prest utziko dugu lanean hasteko”. 35 milioi euroren aurrekontua izango du.
Bilbo hegoaldeko saihesbidea 2023ko udaberrirako amaitzeko konpromisoa berretsi du Rementeriak. Gelditu behar ez den bidesaria duen lehendabiziko bidea izango da Bizkaian. Itsasadarreko tunelaren kasuan, ingeniaritza azterketak egiten dabiltza.
Metroaren 5. lineari dagokionez, “gaitz dago”, esan du; “baina ez dut baztertzen. Seguru egingo da? Ez. Ezinezkoa da? Hori ere ez”. Abiadura Handiko Trenaren inguruan ere egin du berba. “Justifikaezinak” iruditu zaizkio atzerapenak. Obra osoa euskal erakundeen esku utzi beharko litzatekeela uste du, kupo bidez finantzatuta. Bilboko Udalak asteon onartu du behin-behineko sarbide alternatibo bat egiteko proposamena, lurpeko sarbidea “gehiegi” atzeratzen doalako.
Zornotza eta Durango arteko edukiera handiko bidegorria eta itsasadarreko bulebarra ere aipatu ditu: bidegorria eraikitzen azaroan hasiko dira; bulebarra, 2022ko hil berean. Horrez gain, adierazi du udalekin lanean dabiltzala lurralde mailako bizikleta bidezko mugikortasun sistema berezi bat ezartzeko: partekatu daitekeen bizikleta elektrikoa, herri batetik bestera ere joateko.
Ikerketa eta ekintzailetza
Urriaren 13an inauguratuko dute Nagusi Intelligence Center, Urdulizko dorrean. Hasteko, Silver Economy delakoari lotutako ekintzailetza teknologikoaren master bat eskainiko du Mondragon Unibertsitateak.
Bizkaia dorrea, berriz, zortzi hilabete berandu irekiko dute: “2022ko irailean argiak piztuko dira, eta munduko 140 ekintzailetza gunetara konektatuko da”. Bitartean, 50 enpresarekin baino gehiagorekin berbetan dabiltza, parte hartzea zehazteko.
Energy Intelligence Centerreko egoitza eraikinak 2022ko irailean irekiko ditu ateak. “Sarbideak amaituta daude jadanik, eta puntako enpresen 11 eskaera ditugu”. Datorren astean, sare adimendunen zentroaren instalazioak inauguratuko dituzte; Iberdrolarekin egindako proiektua da.
Ekonomia eta zergak
“Enplegua da gizarte politikarik onena, gazte politikarik onena, etxebizitza politikarik onena, berdintasun politikarik onena”. Enpleguak”esparru politiko eta sozial egokia” behar duela dio ahaldun nagusiak, “lurraldeari eta enpresei egonkortasun politiko eta fiskala emanez”. Diputazioak sustatutako enplegu planen emaitzak aurkeztu ditu: 3.293 lanpostu sortu dira; 919, mugagabeak.
Datu ekonomikoak hobetzen ari direla azpimarratu du. Esportazioak %31,7 hazi dira, berbarako. Baina ohartarazi du aurreikuspenak ez direla nahikoa, eta diputazioak dirua mugitzen lagundu behar duela; besteak beste, zerga politikaren bidez. Diru bilketa 2019ko mailara iristen ari da. Ekonomia Suspertzeko Foru Araua onartu zuen gobernu kontseiluak martitzenean, eta Batzar Nagusiek aurten onartuko dute.
2020ko martxotik hamabost dekretu arauemaile onartu dituztela gogoratu du. “650 milioi euroko likidezia sartu dizkiogu Bizkaiko ekonomiari, pandemia betean. Beste 66 bat milioi, zerga onuretan. PFEZaren eta BEZaren itzulketa bizkortu dugu, pertsonek, familiek, autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek dirua lehenbailehen izan zezaten. 11,2 milioi inbertitu ditugu 806 enpresari emandako maileguetan. Enpresa horien % 63k ez zuen beste finantzaketa iturririk”. Seed Capitalek 89,4 milioi banatu dizkie mikroenpresei maileguetan.
Ingurumena
%4 hondakin gutxiago bildu dute, baina birziklatze tasa %6 jaitsi da; batez ere, kartoiari eta beirari dagokienez. Rementeriak espero du Bizkaiko toki eskumeneko hondakinak kudeatzeko hirugarren plan integralak horri buelta ematen lagunduko duela; udal eta mankomunitateekin kontrastatzen ari dira orain. Aurten, Getxon, Berriatuan eta Igorren konpostatze plantak izango dituzte.
Basoei dagokienez, lau miloi euro erabiliko dituzte lursailak erosi eta tokiko espezieak landatzeko. Lursail pribatuetan eukalipto landaketa berriak eragozteko, beste luzamendu bat sartuko dute Mendien Foru Arauan.
Bestelakoak
Guggenheim museoa Urdaibaira hedatzeko proiektuak Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso duela esan du. Banda zabala hedatzeko lanak ere haiekin egingo dituzte: “Bigarren faseaz Madril arduratuko da, Europako funtsekin, baina haien inbertsio eta irismen planak gureak baino txikiagoak dira; beraz, espero dut hedapen horri laguntzen eta abiada bizian jartzen utziko digula”.