Durangorako ospitale eske

Durangorako ospitale eske

Ibai Maruri Bilbao

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Durangon ospitalea nahi dute, Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrei osasun arreta etxetik gertuago jasotzea bermatzeko. “Galdakaoko ospitalea gainezka dago, eta ez ditu herritarren beharrak behar bezala asetzen”, salatu du Isabel Gonzalez EPko legebiltzarkideak.

Barrualde-Galdakao delako Osakidetzaren eskualde sanitario integratuak ematen die arreta Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Hego Uribe eskualdeei eta Txorierriko herri batzuei; baita Arabako Aiaraldeko batzuei ere. Galdakaon du ospitale nagusia. Duela bederatzi urte, Gernika-Lumoko ospitalea inauguratu zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko herritarrei arreta gertuago eskaintzeko. Ospitale izena duen arren, ez dago bertan ospitaleratzeko aukerarik. Eskualdeko herritarren aldarrikapena da ospitaleratzeko oheak izan ditzala.

Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko ospitale honek ipini du Durangoko aldarrikapena mahai gainean. Izan ere, azken asteetan, Galdakaoko ospitalean zerbitzua gainezka dagoela-eta, Durangaldeko emakumeak Gernika-Lumoko ospitalera bideratzen dituzte mamografiak egitera. Osakidetzak esan du “Galdakaoko ospitaleko saturazioa konpondu arteko kontua baino ez” dela izango: “Itxaron zerrenda arintzea” da neurriaren helburua.

Baina horrek bestelako arazoak sortu dizkie Durangaldeko emakumeei. “Proba mediko bat egiteko, ordubete egin beharko dute auto pribatuan joateko, eta beste horrenbeste itzultzeko. Bestela, goiz osoa galdu beharko dute garraio publikoan, Durangotik Gernika-Lumora ez baitago zerbitzu zuzenik”, salatu du EH Bilduk, ohar batez. Elkarrekin Podemosen arabera, ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. Esan duenez, COVID-19aren txertoa hartzera ere Gernika-Lumoko ospitalera joan behar izan dute Durangaldeko ehunka herritarrek, eta aurretik ere hara agindu dituzten proba medikoak egitera. “Behin behikoa delakoan, sarritan egiten duten zerbait da”, azaldu du Gonzalezek.

Hainbat gabezia

Durangon eskatzen duten ospitaleak Durangaldeko eta Lea-Artibaiko 120.000 biztanleri emango lieke arreta; hau da, Gernika-Lumoko ospitaleak artatutakoak baino 50.000 gehiagori. “Galdakaok ezin die hainbeste herritarri erantzun; ospitale berri batek hori arintzen lagunduko luke, eta etxetik gertuago erosoago jasoko lukete arreta”, esan du Gonzalezek.

Sagarduiren agerraldia eskatuko du Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, Durangaldean osasun zerbitzuarekin arazo ugari dituztela uste dute. “Lehen arretako zerbitzuan gabeziak izan ditugu; pediatria zerbitzuan medikuak falta dira, eta anbulantzia medikalizatua behar dugu”, ohartarazi du koalizioak. Baliabide gehiago jar ditzala eskatu diote Sagarduiri.