Berrikusten

Ekaitz Herrera Azkarraga

Ekaitz Herrera Azkarraga

Fakultatera itzultzeak on egin dit. Ariketa osasuntsua izan da berriro ere kazetaritzaren kode deontologikoak ikasleekin lantzea. Belarrondoko bat edo beste ere jaso dut. Plast! Merezita. Unibertsitatea aspaldi utzi genuen kazetariok honelako egoeretan galdetzen baitiogu geure buruari ea gure lanean ohitura txarrik hartu dugun, ea erreportaje hura lantzerakoan zuzen jokatu genuen, eta ea noizbait arau hausteren bat egiteko mugan egon ote garen. Ariketa sanoa da, urteak pasatu ahala kamustu egin daitekeelako gure jokabidea autoaztertzeaz arduratzen den barne-zaindaria, eta zorrotz egotea komenigarria delako. Beste ideia askoren artean honako hau helarazi diet ikasleei: gure jokabide deontologikoak berrikusten egon behar dugula etengabe, hori delakoan informazioa ahalik eta tentu handienarekin lantzeko modua.

Eta halantxik aritu naiz egunero, Aretxabaleta-Iurreta joan-etorria Kanpazar aldetik egiten, Udalaitz azpiko zerumugan abiadura handiko trenaren obrak bistaratuta. Mendatea jaitsi ahala, Elorrioko Iguria auzora joan zait begirada; Atxondon antolatutako kanpalekura; abadiñar batzuek Irazola aldean egin berri duten protestara; Iurretatik Zornotzarako bidean eraikitako zubietara. Furgonetako bozgorailuetatik etorritako musikak ez dit nire barne pentsamenduetatik libratzen utzi. Hortxe, nire barne zaindaria: “Eta azpiegitura horren beharrizana berrikusten al da?”. Etxera ailegatu eta balkoira irten naizenean, beste zerumuga bat ikusi dut. Sozioekonomikoa: mikrotxipak direla eta, Gestamp bezalako automozio enpresa handiak geldirik daude; Nievesen arropa denda une batetik bestera zarratu daiteke, errelebo barik; Durangar batzuk eskualdean ospitale bat eraiki dezaten eskatzeko mobilizatzen hasi dira; eskualdeko ez herritar gutxi airearen kalitateaz kezkatuta dago; Urkiola aldeko zortzi sai zuriak arriskuan daude; Durangaldeko bateko zein besteko instituzioak bizikleta garraiobide lez sustatzeko lanetan ari dira; eta han, bukaeran, larrialdi klimatiko global bat eta mundu mailako pandemia bat.

Bizkaiko bazter honetan 2008an ekin zioten AHTa eraikitzeko lanari. Baziren kexak eta desadostasunak. Ugari. Baina zutabe bat gehiago hemen, baso bat gutxiago han, urte mordoa pasatu da ordutik. EHUtik etorri da azken kolpea. Ikerlari talde batek ondorioztatu du AHTa ez dela bideragarria. Eta ni zerumugara begira berriro: gizartearen eraldaketa erritmoa hain da handia, abiadura handiko trenaren beraren abiadura irenstera ailegatu dela. Azpiegitura bere kabuz zaharkitu dela, berau beharrezkoa dela defendatzen zuen argudioa lurperatzeraino. Eta puntu honetara ailegatuta, ikasleen galdera deseroso horietako bat datorkit burura: “Orduan, zertarako?” Berrikusten al da haren egokitasuna? Galdera logikoa. Horixe esan diedalako. Etengabe egon behar dugula kode deontologikoak behatzen. Eta zalantza dut azpiegitura horrekin ere ez ote genukeen berdin egin behar. Berrikusi. Eta, beharrezkoa balitz, atzera egin. Ingurumena eta gizartea aldatu direlako.