Ogibideek egindako hiria

Ogibideek egindako hiria

Ibai Maruri Bilbao

Hainbat bilduma zituzten gordeak Urduñako Hamaika Kale elkarteko kideek. Baina ez zeukaten non erakutsi. “Nik bizikleta zaharrena eta bizikleten matrikula zaharrena nuen”, gogoratu du Julio del Cerrok. Udalarekin harremanetan ipini, eta hutsik geratu zen eraikin bat utzi zieten, lehenago eskola, osasun etxe eta udal liburutegi izandakoa. Duela hiru urtetik han dago zabalik Urduña Hiria museoa: 2019ko maiatzean inauguratu zuten. Bizkaian hiri titulua duen udalerri bakarraren historia ezagutzeko aukera ematen du, gremioen eta haiei lotutako tradizioen inguruko erakusketa iraunkorrei esker. “Urduñako lanbideen museoa dela esan daiteke”, azaldu du Del Cerrok. Museoan boluntario lanak egiten ditu.

Hamabi aretotan atondu dituzte erakusketak, eta haietako batean dauzka Del Cerrok bere matrikulak eta bizikletak. Guztira, hiru solairutan banatuta dauden 1.200 metro koadro ditu museoak. Beste bi areto egokitzen ari dira, aldi baterako erakusketak egiteko. Horietako bat aurki inauguratuko dute, egunotan txukuntze lanetan ibili direlako. Fernando Moleres argazkilari urduñarraren lanak izango dira han. “Argazkilari profesionala da, eta hainbat herrialdetan ibili da mundu osoan. Kartzeletan egin ditu argazkiak, nomadekin ibili da… Ikusgarria izango da”, aurreratu du. Moleresen lana ez ezik, argazkilaritza ogibide moduan ere ezagutu ahal izango dute bisitariek. Urduñako beste lanbide bat, funtsean.

Esaterako, Bizkaiko bigarren botika zaharrena Urduñakoa izan da, eta haiek gordea izan duten material zahar guztia dago ikusgai. Besteak beste, 400 potetik gora dituzte. Hala, ezagut daiteke hamarkadaz hamarkada botikak zelan aldatu diren, eta zelan garai batean botikan bertan prestatzen ziren produktuak.

Beste areto bat ehungintzari eskainitakoa da. Del Cerrok hiriaren eta artilearen arteko lotura azpimarratu du: “Gaztelako artilea Bilboko portura bidean hemendik igarotzen zen. Urduña artilearen hiria izan da, eta, horri esker, zortzi jostundegi izan ditugu gurean”. Hala, ehungintzak ez ezik, joskintzak ere bere aretoa du museoan.

Urduña Hiria Museoa

Del Cerroren esanetan, zapatagintza ogibideak izan du garrantzi handienetakoa Urduñan. 1485. urtean, ogibidea arautzen ahalegindu zen udala. 1936ko gerra aurretik, Urduñan hamazazpi zapata lantegi zeuden, eta gehienetan, artisauen erara lan egiten zuten. Enpresa txikiak ziren, lau eta 30 langile artekoak. “1960ko eta 1970eko hamarkadetan industrializatu egin zen prozesua. Erakusketan eredu biak ikus daitezke: ordura arteko artisau erakoa eta ondorengo industrialagoa”.

Dohaintzak

Erakusketa batzuk eurek gordea izan duten materialarekin ondu dituzte; beste batzuk, berriz, herritarrek eman dizkiete edo utzi. Esaterako, hala atondu dute jangela eder bat, 1950eko hamarkadako estiloan, ordutik urduñarren ganbaretan gordeta egon diren baxerekin. Udal musika bandak, berriz, jada erabiltzen ez dituen musika tresna zaharrak eman dizkie, 1907an erakundea bera sortu zen garaikoak.

Gordea duten guztia ez dute ikusgai. Baina apurka-apurka erakusketa iraunkor berriak sortuko dituztela adierazi du Del Cerrok. Berbarako, inguruko gazte batek lisaburdina zaharren bilduma du, eta harekin harremanetan dabiltza museoan erakutsi ahal izateko. “Inguruan bildumagile asko dago, eta gurean izango dute euren altxor bitxi hori non erakutsi”.

Urduña Hiria Museoa