Javi West Larrañaga
Domekan izango da Gorbeia Suzien mendi lasterketa nagusia Zeanurin, baina gaur emango diote hasiera asteburuari, hainbat ekitaldi dauzkate-eta antolatuta. Zeanuritik hasi eta San Justo ermitatik tontorrera izango da lasterketa nagusia, eta beste bide batetik jaitsiera herriraino. Bi zirkutiturarako da puntuagarria: Golden Trail National Series eta Skyrunners World Serieserako.
Berri samarra da lasterketa, 2012an hasi baitziren antolatzen. Ordutik hona, urtero egiten dute, 2018an eta iaz izan ezik. Goranzko joera izan dute hasieratik, Munduko Koparen zirkuituan sartzea lortu arte. Hainbat arrazoik azaltzen dute arrakasta hori. “Lan asko egiten dugu urtean zehar, ibilbidea oso polita da, eta horrek berez saltzen du”, azaldu du Jurek Ziemkiewiczek antolatzaile taldeko kideak. “Korrikalariak normalean pozik geratzen dira, eta haiek dira gure enbaxadorerik onenak”.
Iazko lasterketa ez zuten egin, COVID-19aren ondorioz, baina geldialdiak ez die kalte handirik egin, 2020an Munduko Koparen zirkuituan sartzea lortu zutelako, eta aurten ere hor jarraituko dutelako. Hala ere, aurtengo egoerak babesleak lortzeko zailtasunak gehitu dizkiela aipatu du Ziemkiewiczek. Pozik daude, hala ere, halako hamalau proba daudelako munduan eta horietako bat Zeanurikoa delako.
Aurten ere antolatzeko zalantzak izan arren, Ziemkiewiczek uste du jendea ohitu dela neurrietara, eta horregatik egin dute aurrera: “Nahiz eta lasterketa neurri bereziekin egin jendea gogotsu dago korrika egiteko”.
Lasterkalari onak mundu osotik etortzea lortu dute: Hegoafrikatik, Kolonbiatik, Espainiatik, Norvegiatik eta Kenyatik etorriko dira, besteak beste. Dena dela, Ziemkiewiczek uste du Euskal Herrian ere maila handia dagoela, eta bertoko baten batek beti amaitzen duela podiumean.
Mendia eta herria
Lasterketa nagusiaz gain, beste proba bi antolatzen ditu Gorbeia Suzienek. Bata, biharkoa, umeena; eta bestea, 21 kilometrokoa, helduentzako alternatiba laburragoa. Herriko jendeak parte hartzeko egiten dute, eta doazen korrikalariek eta familiek “asteburu oso bat” izan dezaten. Filosofia horrekin antolatzen dituzte ekitaldi kulturalak ere bai: hitzaldiak, proiekzioak eta dantza ikuskizunak.
600 korrikalarik parte hartuko dute 31 kilometroko lasterketa nagusian, eta 200ek laburragoan. Nagusirako jende gehiegik ematen duenez izena, zozketa bidez banatzen dituzte dortsalak. Aurreko lasterketan 600etik 40 bakarrik izan ziren andreak. Aurten beste 40 haientzat gordetzea erabaki dute, kopurua bikoizteko: “Ikusi genuen emakume kopurua oso baxua zela, baina bai neskei eta bai mutilei proportzio berean egokitzen zitzaiela”.
Boluntarioek antolatzen dute lasterketa, eta 1.200 biztanleko herri batean 200 direla azpimarratu du Ziemkiewiczek: “Zuzenean edo zeharka, etxe guztietan dago boluntarioren bat”. Musu-truk egiten dute lan, mendiarekiko zaletasunagatik, eta herrian zerbait egon dadin. “Lasterketa egunean denak daude laguntzeko prest, herrian giroa egotea, elkar laguntzea delako politena”.