Natalia Salazar Orbe
Hiriaren egoerari buruzko ezohiko bilkura egin zuten joan den martitzenean Bilboko Udalean. Agintaldiaren erdialdera iritsita eta COVID-19aren astinduaren ostean, Juan Mari Aburto alkateak udalak orain arte egindako lanari eta etorkizuneko erronkei buruzko analisia egin zuen, eta, haren esanetan, hiria “zutik jarri da jada, eta orain hasiko da suspertzen”. Azaldu zuenez, pandemia aurretik zituen enplegu kopuruetara iritsiko da 2022an. Pandemiak Bilbo astindu arren udala lanean, proiektuak betetzen eta egitasmo berriak sortzen aritu dela adierazi zuen. Oposizioko taldeek bestelako analisi bat egin zuten, eta, besteak beste, hiriaren kudeaketa eredua aldatzeko eskatu zuten.
Alkateak azaldu zuen udal gobernua osatzen duten bi alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— adostu zuten Aginte Planak aurreikusitako 100 jardueren %52 beteta dituztela. “Eta %100 lortzeko lanean jarraituko dugu”. Aburtok iragarri zuen 2022an ere ez dituztela garestituko zergak. Bestalde, Bilbo oraindik ere “merkataritzaren hiri” izatea nahi du, eta turismoa sustatu “bisitari gehiago etorri eta luzaroago gera daitezen”.
Suspertze ekonomikoaz gain, bestelako erronkak ere aipatu zituen; besteak beste, Bilbo Bizkaiko beste herriekin eta munduarekin konektatzeko beharra. “Hiribilduko auzoetan dena ematen” jarraituko dutela ere esan zuen.
Alfonso Gil udal gobernuko PSE-EEko kideak goraipatu egin zuen Bilbo Aurreraren moduko planak gauzatzeko talde guztien arteko batasuna. Langabezia tasa murrizteko lan egin behar dutela adierazi zuen. Alde horretatik, uste du udalak hirian dauden 4.000 saltoki eta ostalaritza establezimenduei lagundu behar diela: “Gure altxor nagusia direnez, zaindu behar ditugu”. Industria jarduera erakarri beharrari buruz ere mintzatu zen Gil. Esan zuen horretarako “itxaropen handia” duela Zorrotzaurren eta Zorrotza muturrean finkatuko diren jardueretan.
Alderdien erantzuna
Bestelako hausnarketak egin zituzten oposizioko taldeek. EH Bilduk Bilboren hiri eredua aldatzeko proposatu zuen. Herritarren eskaerak entzuteko eskatu zuen Jone Goirizelaia bozeramaileak: “Mediku ekipamenduak eskatzen dituzte, kiroldegi publikoak, gazteentzako enplegu planak, eta etxebizitzen eta merkataritzarako lokalen gehiegizko prezioen aurka jarduteko. Eta, batez ere, hori guztia bizilagunekin adostuta egiteko eskatzen dute”. Auzoak garatzeko beharra ere azpimarratu zuen Goirizelaiak.
PPko ordezkari Raquel Gonzalezek ere gogoan izan zuen Aurrera Plana, eta 2022ra luzatu behar dela esan zuen: “Beharrezkoa da salbagailu horri heldu ziotenei lasaitasuna eta segurtasuna ematea”. Merkatarien, ostalarien eta autonomoen “arazo serioak” gogoan izan zituen, baita “gero eta handiagoa den kaleetako segurtasunik eza” ere, eta “proiektuak garatzeko geldotasuna”.
Ana Viñals Elkarrekin Podemoseko ordezkariak enplegu eta turismo datuak “ikaragarritzat” jo zituen. Kopuru horiei aurre egiteko “errezeta politikoak” pandemia aurreko ia berberak direla kritikatu zuen.