Pili Castro: “Gizartea borroka daiteke bakardadearen aurka, ez erakundeak”

Pili Castro: “Gizartea borroka daiteke bakardadearen aurka, ez erakundeak”

I. Maruri Bilbao

Pili Castro Blanco (Bilbo, 1968) Psikologian doktoreak azaldu du gizakia 7-8 urte dituenetik aurrera senti daitekeela bakarrik: “Adinean gora egin ahala, zailago egiten zaigu gure kasa konponbidea bilatzea”. Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta Bizkaiko Caritaseko Edadetuen eta Zahartze Arloko arduraduna.

Datuen arabera, azken urteetan gero eta gehiago dira bakarrik sentitzen direnak. Igarri duzue?

Nabaritzen da, bai. Eta ikusten ari gara estereotipo bat sortzen ari dela; etiketa negatibo bat bihurtu da. Datuen arabera, hainbeste jende pobrezia egoeran dago. Baina zuk entzuten duzu norbait esaten pobrea dela? Bakardadearekin gauza bera gertatzen da. Horregatik, bakarrik sentitzen den jendeari piloa kostatzen zaio laguntza eskatzea. Caritasen deiak jasotzen ditugunean, esaten digute: “Gustatuko litzaidake norbait nire etxera etortzea. Senarra nuen, baina hil egin zen duela bi urte. Ez daukat seme-alabarik. Nire lagunak ere hil dira”. Azkenean, konturatzen naiz jendeak laguntza eskatzen duela, baina justifikatu egiten du bere egoera. Izan ere, norbait bakarrik ikusten dugunean, beti pentsatzen dugu: “Ez du seme-alabarik? Beharbada, desatsegina da eta bakarrik geratu da”. Porrot moduan hartzen da.

Etxean bakarrik bizitzea eta bakarrik sentitzea bereizi behar dira, ezta?

Badago bakarrik bizi den jendea baina kalera atera eta beste batzuekin harremana duena. Sufrimendua sortzen duena ez da bakarrik bizitzea, baizik eta behar dituzun harremanak ez izatea. Prentsan agertzen den datua izaten da gero eta jende gehiago bizi dela bakarrik, baina hori ez da zertan arazo izan.

Hala ere, harremanek beti ez dute bakardadea saihesten.

Zainduta sentitzen zara, baina lekuz kanpo: zure iritzia, zure mundu ikuskera ez direla ulertzen sentitzen duzu. Hori asko gertatzen da adinekoen egoitzetan. Nola da posible? Zaintzaileak dituzte, jendez inguratuta daude… “Ez naiz sintonian sentitzen”, erantzuten dute. Harreman kopurua ez da garrantzitsuena, harreman horien nolakotasuna baizik.

Bakardadea ikertu zenuen doktoretza tesian, eta, hain zuzen, hori izan zen topatu zenuen bakardade motetako bat: sintonia bakardadea.

Hiru mota topatu nituen. Lehena da bakardade objektiboa: bakarrik bizi zaren edo beste batzuekin, harremanak dituzun edo ez; kasu horretan, agerikoa da. Bigarrena emozionala da: hau da, zerbait gertatzen bazait, badaukat norengana jo laguntza eske? Hirugarrena da sintoniarena: egon naiteke beste batzuekin, oso ondo zainduta, baina ez sintonian. Ez daukat nire interesak partekatzen dituenik eta ulertuko nauenik. Irratiak lehen sintonian jarri behar izaten ziren, ondo entzuteko. Antzeko zerbait gertatzen da pertsonen artean ere. Bakardadea ez da bakarrik egotea; gizarte politikekin erraz konpondu daiteke. Laguntza falta ere konpondu daiteke. Baina behar dugu jendea onartua eta baloratua sentitzea, sintonian sentitzea, eta hori da zailena.

Nola konpontzen da?

Gizartean zahartzea txarto ikusita dago. Gure gizarteak gazteen bizitza gehiago baloratzen du. Ondorioz, urteak bete ahala, gizartean leku gutxiago dugula sentitzen dugu. Belaunaldien arteko harremanak falta dira. Askotan pentsatzen dugu umeek eta edadekoek harremana izatea dela, baina ez: gizarte osoaren kontua da. Orain bakoitza geure munduan bizi gara, harreman gutxi ditugula auzokideekin. Hori aldatu behar da. Zaintzaileak garenean ere kontuan hartu behar dugu zaintzea ez dela bakarrik jaten ematea, garbi egotea… Pertsonek beste beharrizan batzuk ditugu: harremanak, espiritualtasuna, kontuan hartua sentitzea… Ahalegindu behar gara zaintzen dugun hori bere adineko beste pertsona batzuekin ere egotea, gu ez garen beste pertsona batzuekin. Hamaika gauza txiki egin daitezke. Bakardadeen kontrako borroka ez da erakundeen lana. Asko egin dezakete isolamenduaren aurka, bai, baina bakardade sentimendua amaiaraztea gizartearen kontua da.

Caritasen zer egiten duzue?

Mendekotasunen bat datorkigunean, familiarekin eta zaintzaileekin baino ez dugu harremana izaten, ezin garelako etxetik irten. Galtzen ditugu harreman libreak. Laguntasuna zer da? Nik aukeratu dudan horren laguna naiz, afinitate bat dugulako. Horregatik da ezinbestekoa harremanak doakoak izatea. Boluntarioekin-eta lortzen dugu harreman aske bat sortzea boluntarioaren eta bakarrik sentitzen den pertsonaren artean. Astero elkartzen dira. Bikote horrek funtzionatzen badu, horrela jarraitzen dute nahi duten bitartean. Badugu Caritaseko programan emakume bat, bere boluntarioarekin hamabost urteko harremana duena.