Egungoa ulertzeko, sustraietarako bidaia

Egungoa ulertzeko, sustraietarako bidaia

Nerea Lauzirika

Euskal Herria museoa Gernikan dago, herriaren eremu altuenean. Gernika bonbardatu zutenean salbatu zen eraikin bakanetarikoa da. Batzar Nagusietatik oso gertu dago, eta horrek eragin nabarmena du museoan lantzen diren gaietan. Izenak ez du irudimenerako tarterik uzten, Euskal Herria denaren esanahi historiko, politiko eta kulturala azaltzea baitu xede museoak. Horretarako, askotariko objektuak dituzte ikusgai: Bizkaiko Foru Aldundiarenak dira batzuk, eta jendearen dohaintzak besteak.

Alegria jauregia da museoaren egoitza. 1733an eraiki zuten gaur egungo jauregia, nahiz eta lehenagotik bazegoen Erdi Aroko dorre bat bertan, Ibarguen familiarena. “Herriko gune altuenean egonda, aproposa zen hemen dorre bat egotea”, azaldu du Olatz Longarte Euskal Herria museoko teknikariak. 1717ko Aduanen Matxinadan suntsitu zuten, eta, berreraikitzerakoan, garai hartako modei jarraitu zieten, Euskal Herriko estilo barrokoari. Eraikina ia simetrikoa da, Allende Salazar sendiaren XX. mendeko armarria baitauka aurrealdean.

Jauregiak jabea aldatu du denborak aurrera egin ahala, ezkontza bidez. 1982an eskuratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta 1991. urtean ireki zuten Euskal Herria museoa bertan. “Jauregia eskuratu zuten museoa bertan jartzeko asmoz”, azaldu du Longartek. 2008an jarri zuten martxan gaur egun dagoen moduan, lehen beste era batera antolatuta baitzegoen.

Hiru solairu eta ganbara ditu, eta horren arabera antolatzen da museoa. “Solairu bakoitzeko gaia nahiko definituta dago, eta ez da behar bata bisitatzea bestea ulertzeko”, adierazi du Longartek. Beheko solairuak sarrera funtzioa betetzen du: ingurune fisikoaren berri ematen du, eta badago txoko bat museora ekarri dituzten objektu berrienentzat. Lehen solairua historiari buruzkoa da: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak gela bana dute bertan. Halaber, bereziki lantzen dute foruen abolizioa, ia gaur egunera arte izan duen eboluzioa azalduz. Hurrengo solairuak kulturarekin lotura zuzenagoa dauka, kirola, sinesmenak, dantzak, musika, gastronomia eta hizkuntzari buruzkoa baita. Ganbaran aldi baterako erakusketak egoten dira ikusgai; orain, Ernest Hemingwayri buruzkoa dago, Euskal Herriarekin zuen harremana aitzaki harturik.

Euskal Herria Museoa

Lorategia, haritzen tokia

Jauregiak oso lorategi handia dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak eskuratu zuenean atondu zuten, eta, gaur egun, Europako Herrialdeen Parkea dira lorategiok. Urte askotako zuhaitz espezieak daude bertan; tartean, Gernikako arbolaren familia bereko haritzak. Hegazti espezie ugari bizi dira lorategietan; zaila da ikustea, baina badago haien kantua entzutea. Noizbehinka antolatzen dituzte bisitak, lorategian dauden landare espezieen berri emateko, baita bestelako jarduerak ere.

“Batez ere, Euskal Herrikoak izaten dira bisitariak”. Izan ere, jarduera ugari antolatzen dituzte, eta ikasturtean zehar sarri joaten dira ikasleen edo adinekoen taldeak. Udan, aldiz, atzerritarrak ere joaten dira museora. “Aurten, pandemia dela eta, Espainiatik ari dira etortzen, batez ere”. Edozein tokitatik datozela ere, bisitariek ez dute museoa ulertzeko arazorik izango, hainbat hizkuntzatan baitaude eskuorri zein azalpenak. Bertakoentzat zein bisitarientzat, Euskal Herria zer den ulertzeko aukera da museoa.