Ibai Maruri Bilbao
Bigarren urtez, Bilbok ezin izan du Aste Nugisirik ospatu. Eta, bigarren urtez, Bilboko Konpartsak jai faltari alternatiba bat bilatzen ahalegindu dira, bilbotar eta bisitariei dibertimendu aukera bat eskainiz. Iaz, Aste Nahasia izeneko egitaraua ondu zuten, baina pandemiaren bilakaerak bertan behera uztera behartu zituen. Aurten, Bilboko Irria izeneko bost eguneko egitasmoa aurkeztu zuten abuztu hasieran. Joan den astean egin zuten, hiriburuko festak ospatu beharreko azken egunetan. Udalak prestatutako hainbat ekitaldi egiteko baimena ukatu dien arren, balorazio ona egin du konpartsen federazioak: “Pozik gaude Bilbori irria bueltatzen lagundu duelako egitasmoak”. Azaldu dutenez, erakutsi dute kultura egin daitekeela “eredu parte hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistaren arabera, osasun neurriak, edukierak eta COVID-19ren aurkako protokoloak errespetatuta”.
50 ekitalditik gorako egitaraua prestatu zuten, baina erdia inguru egiteko baimena ukatu zien udalak. Konpartsak eta udala joan den apirilean hasi ziren Bilboko Irriak izan zezakeen egitaraua aztertzen. Konpartsen esanetan, harrezkero, ekitaldiak kendu eta kendu ibili dira udal teknikariak, abuztu hasieran aurkeztu zutena adostu zuten arte. Ondoren ukatu zieten dagoeneko aurkeztuta zegoen egitarauaren ia erdia egiteko baimena. Ekitaldi horiek ere seguruak izan zitezkeela nabarmendu dute konpartsek, eta agintariek “lapurtu” egin dituztela salatu.
Besteak beste, joan den zapatu iluntzean Irrien lapurrak izeneko ekitaldia egin zuten Areatzako kaian, “aburtismoak lapurtutako” egitasmoei aterpe emateko. Maite Sarasola Isazelaia eta Maddi Askaiturrieta Diaz bertsotan aritu ziren, Elena Caballero Villanueva La Basu-k hainbat doinu eskaini zituen, eta Bilboko dantza taldeetako zenbait kidek elkarlanean egin zuten dantza alarde txiki bat. “Erantzun egin diote udal agintariek azken orduan emandako artazi kolpeekin inausitako egitarau meheari”. Izan ere, uste dute “azkunismoak aburtismoari” lekukoa eman diola, eta “debeku ziklo berri bati bide eman”.
Bilboko Aste Nagusiaren sorreratik udal agintariekin izan dituzten tirabirak gogoratu dituzte. Azaldu dute Jai Batzorde Mistoa sortu zela erakundearen eta konpartsen arteko koordinaziorako, baina, lantzean behin, arazoak izan dituztela gogoratu dute. “Konpartsak etsaitzat hartu eta karikaturizatzeko estrategiak kalte handia ekarri zuen [Iñaki] Azkunaren garaian; horiek iraganeko kontuak izan behar dira, ez errepikatzekoak”. Horregatik, “haserre bizi beharrean, elkarlan zintzoa” proposatu diote Juan Mari Aburto alkateari.
“Eredugarria”
Bilboko alkateak berak ere joan den asteari buruzko balorazio ona egin du. Herritarren jarrera “eredugarria” izan dela esan du. Aburtok aitortu du “kezka” izan duela beste herri eta hiri batzuetan izan diren istiluak Bilbon ere errepikatuko ote ziren. Bere balorazioan ez du aipatu konpartsekin izandako tirabira. Baina duela pare bat aste konpartsen “erantzukizuna zalantzan” ipini zuen, Bilboko Irria dela eta.