Bolibartarren sustraietara

Bolibartarren sustraietara

Ibai Maruri Bilbao

Simon Jose Antonio de la Santisima Trinidad Bolibarjauregi Blanco zuen izen osoa Simon Bolivarrek. Askatzailea esaten zioten, eta Espainiako Inperioaren Ameriketako kolonien independentziaren bultzatzaile garrantzitsuetako bat izan zen. Haren bosgarren aitona Ziortza-Bolibartik Santo Domingora joan zen, maiorazkoaren legearen ondorioz. Jatorri euskalduneko militar eta politikari venezuelarra Caracasen jaio zen, 1783ko uztailaren 24an, familia kreol aberats batean. 1983ko uztailaren 24an, sortu zenetik 200 urte bete ziren egunean, Simon Bolivar Museoa zabaldu zuten Ziortza-Bolibarko Errementarikua baserrian. “Eraikinak harremana du Bolibar familiarekin, baina haien jatorrizko etxea Herriko Plazan dago”, zehaztu du Beñat Ibaibarriaga museoko teknikariak.

Latinoamerikarekin harreman zuzena zuen jende asko zegoen inguruan, eta haiek bultzatuta sortu zen. Francisco Abrisketa izan zen sustatzaile nagusia. “Museoan ikusgai ditugun pieza asko Abrisketak berak egindako donazioak dira; esaterako, hark lortutako agiriak, billeteak eta armak dauzkagu”.

Eraikin sendoa da museoa, hiru solairukoa. Alboko lorategitxoan dagoen Simon Bolivarren bustoak argi uzten du bisitariak noren berri jasoko duen barruan. Baina Askatzailea ez da gai bakarra. Beheko solairuan, aldi baterako erakusketak atontzen dituzte. Uda honetan Ahaztuen Oroimena taldeak ondutakoa dago ikusgai: 1936ko gerrak eskualdean utzitakoari buruzkoa da, eta iraila amaitu arte egongo da. Lehen solairuan bolibartarren sorterria da gai nagusia. “Ziortza-Bolibarren historia kontatzen da. Donemiliaga Kukulako [Errioxa, Espainia] XI. mendeko kartulario batean ematen da Ziortza-Bolibarren berri lehenengoz. Beraz, uste da aurretik ere bazela herria”. Bolibar izenaren jatorria ere azaltzen diote bisitariari: “Boluaren ibarra edo bolin ibarra esan nahi du; hau da, errota asko zeuden ibarra izan zela. Hemen errotak eta burdinolak ugari zeuden. Eraikin hau ere, Errementarikua, burdinola izandakoa da”. Burdinola baten maketa eta errotarri baten maketa dituzte, besteak beste.

SIMON BOLIVAR MUSEOA

Bigarren solairuan, Simon Bolivarren bizitza azaltzen dute. Besteak beste, Askatzailearen genealogia osoa dute. Paneletan bildu dituzte haren ibilerak. “Gerrari ez zaio eman hainbeste garrantzirik. Haren heziketari buruzko informazioa dago. Baita Bilbon bizi izan zen urteari buruzkoa ere”. Ikus-entzunezkoak ere badaude, eta Bolivarrekin lotutako hainbat elementu. Arreta gehien pizten dutenak Bolivarrek “askatutako” herrialdeen banderak dira: Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Panama eta Peru.

Venezuelari lotuta

Simon Bolivarri buruzko bibliografia mardula gordetzen duen liburutegi bat ere badute museoan. Ez dago ikusgai, baina interesa duenak eska ditzake han dauden liburuak, kontsultatzeko. Horrez gainera, museoak berak ere argitaratzen ditu Askatzailearen inguruko lanak. Urtero, uztailaren 24an, museoaren sorreraren eta Simon Bolivarren jaiotzaren urteurrena ospatzen dute, Herriko Plazan dagoen oroitarrian lore eskaintza eginez; Venezuelako Gobernuak ordaindu zuen. Baita plazan bertan dagoen San Tomas elizako Coromotoko Amaren kapera ere; izan ere, Venezuelako zaindaria da. Ibaibarriagak azaldu du asko direla museoa ikustera joaten diren venezuelarrak eta latinoamerikarrak, oro har. “Simon Bolivarrekiko interes handia dute”. Aurrez ordua eskatuta, bisita gidatuak egin daitezke.