Agurne Gaubeka: “Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da”

Agurne Gaubeka: “Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da”

N. S. O.

Agurne Gaubeka (Bermeo, 1984) Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak uste du merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko egitasmoek noizean behingo kanpainak baino zerbait gehiago izan behar dutela.

Bertatik bertara edo Kaishop bezalako egitasmoak eraginkorrak al dira?

Euskararen presentzia eta hizkuntza eskubideak bermatzeko kanpaina eta neurri oro da beharrezkoa. Kontzientziazioa sortzeaz gain, euskararen presentzia handitzeko balio dezakete. Hala ere, zenbaitetan, bestelako neurri edo pausorik ezean, azaleko neurri moduan gera daitezke. Gainera, neurriak kanpaina gauzatzen den garaietan soilik aplikatzen dituzte zenbaitek. Beraz, baliagarriak dira, eta eragina izaten dute, baina herritarrek salatzen dute askotan kanpainetan parte hartzen duten negozio eta denda askok azaleko neurriak soilik hartzen dituztela. Hau da, kanpainan parte hartzen dute, baina egunerokoan ez diote behar bezalako garrantzirik ematen eskaintzen duten zerbitzua eta informazio osoa euskaraz izateari.

Uste duzu egitasmook lehen hitza euskaraz egitera bultza dezaketela, eta, ondorioz, harremanak euskaraz egiten lagundu?

Egia da lehen hitza euskaraz egiteko kontzientzia hartzeak bezeroak euskaraz aritzera bultzatzen dituela. Izan ere, askotan bezeroek zuzenean gaztelania erabiltzen dute aurrean dutenak euskaraz jakingo ez duela pentsatzen dutelako edo gauza bera bi aldiz azaldu beharko dutela pentsatzen dutelako. Gurera jotzen duten askok kontatu digute beren burua bultzatu dutela gaztelaniaz egiteko ohitura hartzera, euskara erabiltzean izan dituzten esperientzia txarrak direla eta. Hori da askotan eremu sozioekonomikoan gertatzen dena eta ohitura, inertzia edo beldurrei buelta ematea ez da izaten erraza. Horregatik, garrantzitsua da kanpainen bidez zerbitzuak eman edo ondasunak saltzen dituztenengan kontzientzia piztea. Hala ere, kontzientzia horrek bestelako neurri eta laguntzak —ez bakarrik ekonomikoak— behar ditu. Bestalde, sarri ikusi dugu kanpainetan parte hartzen duten enpresa batzuek adierazi nahi dutela nolabait euskararen alde daudela, baina gero egunerokoan ez diotela garrantzirik ematen bezeroak euskaraz artatzeari, edo, lanak errazago egitearren, erdaraz diseinatzen dutela beren negozioa.

Hainbat eragile eta herritarrek salatu izan dute hizkuntza paisaia arroztu egin dela: gaztelera, ingelesa, frantsesa eta bestelako erdarak ikusten dira hainbat lekutan , eta euskararen arrastorik ez. Bereziki Bilbori egiten zioten aipamena. Zer irakurketa egiten duzue Bizkaiko hizkuntza paisaiaren egoerari buruz?

Sektore turistikoari eman nahi zaion bultzadaren ondorioz, zerbitzu asko hizkuntza horiei eta kanpoko bezeroei begira jarri dira. Barne turismoa handitu den bi urte hauetan ere, kostatu da herritar horien hizkuntza eskubideak errespetatzea. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu, besteak beste, Uemak jatetxeetan karta euskaraz izateko bultzatu duen kanpaina. Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da euskaraz komunikatzeko hautua egiteko, baita herritarra euskara erabiltzeko eroso sentitu daitekeela adierazteko ere. Euskararen presentzia bermatuta, bertako bezeroen eskubideak aintzat hartzen dira, eta, gertutasuna adierazteaz gain, kanpokoei herri honen nortasuna, kultura eta ezaugarri propioak erakusten ere ari gara; balio gehigarri bat ematen ari gara. Balore horiek ezin ditugu utzi albo batera Bizkaiko hizkuntza paisaian; euskara garenaren parte da.