Margoak, gaitzen aurka

Ibarrangeluko kultur etxean, Mari Carmen Zubietaren margolanen enkante-erakusketa solidario bat antolatu dute. Egitasmoaren bidez, Zubietak egindako artelana aitortzeaz gain, minbiziaren aurkako ikerketan lagundu nahi du haren familiak. Dirua lortzetik harago, “kontzientziazioa”; ere bultzatu nahi dute.

Peru Azpillaga Diez

Egitasmo solidario bat dago martxan Ibarrangelun. Mari Carmen Zubieta Karmentxu-k ondare zabala utzi zuen 2019an hil zenean. Haren familiak, egitasmo kultural solidario baten bidez, hark egindako artelanei duten balioa aitortzeaz gain, familia astindu duen gaixotasun baten kontrako ikerketa bultzatzeko egitasmoa jarri dute martxan. Hala, erakusketaren bidez, minbiziaren aurkako ikerketan lagundu nahi dute, galdutako senideari omenaldia egiteaz gain. Gaixotasuna sendatzeko aurrerapen zientifikoari laguntzeko funtsak lortzetik harago, gizartearen “kontzientziazioa eta sentsibilizazioa” bilatzen dutela azaldu du Gaizka Arrizabalagak, Zubietaren ilobak.

Hala, Ibarrangeluko Udalaren laguntzarekin, erakusketa Ibarrangeluko kultur etxean egongo da ikusgai, irailaren 5era bitartean. Denbora horretan egin ahal izango dira eskaintzak. Izan ere, erakusgai dauden koadroak, 25 guztira, enkante publikorako irekita daude, irteerako gutxieneko prezio batekin. Kopuru horretatik aurrera, eskaintza guztiak onartuko dituzte, itsu-itsuan egindako enkante baten bidez. Ebazpenak bi etapatan egingo dira, eta koadroa eskaintzarik altuenean erosteko aukera emango du, dohaintza bidez. Lortzen den diru bilketa AECC Minbiziaren aurkako Bizkaiko Elkarteari emango zaio, minbiziaren aurkako ikerketara bidera dadin.

“Halako egitasmoek prestigioa ematen diote herriari, eta hemen sortutako ondareari balioa ematen laguntzen dute”, jakinarazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak. “Elkartasunez sortutako egitasmo bat da, istorio gogor bat bizi izan duen familia baten ekimenak abiatutakoa. Udalean gure esku izan dugun guztia egiten saiatu gara laguntzeko”, erantsi du. Nabarmendu duenez, “oso polita” izan da egitasmo bakarrean “elkarren babesa, kultura eta ikerketa zientifikoa” batu ahal izatea. “Egitasmo berezia da hau, Zubietaren familiari eta ingurukoei sufritu duten guztiagatik omenalditxo bat egiteko modua ere bada”.

Erakusketa

Minbizia protagonista

Arrizabalagak azaldu duenez, minbiziak eragindako galerak bultzatu du familia halako erakusketa bat antolatzera. “Familian bizitako esperientziak pisu handia izan du; minbizi kasu asko izan ditugu, eta, azkenean, horrek sentsibilitate berezi bat ematen dizu arazo horren inguruan”. Dioenez, hiru izan dira gaixotasun horren ondorioz galdutako kideak. “Orain dela 30 urte, ama hil zen buruko minbizi baten ondorioz. Iaz, lehengusina ere galdu genuen, oraindik ere oso gaztea zela. 30 urte hauetan gehien harritu gaituena izan da gaixotasunaren egoerak berdin jarraitzen duela”, esan da Arrizabalagak. Horretaz gain, kontatu du osaba bat ere biriketako minbiziak jota hil zela.

“Herritarrengandik elkartasun handia jaso dugu, udala ere inplikatu egin da, langileak… Egia da halako gaixotasunak eta heriotzak nahiko gai tabua direla eta jende bati ez zaiola gustatzen horrelakoetan parte hartzea, baina, oro har, oso egitasmo polita antolatu dugula uste dut”, nabarmendu du Arrizabalagak.

Dioenez, enkantearen asmo nagusia ez da dirua lortzea, baizik eta minbiziaren ikerketaren egoeraren berri ematea. “Egitasmoak lortzen duen oihartzunaren bidez, kontzientziazio hori lortu nahi dugu, hori da helburu nagusia: egitasmo txiki baten bidez, sentsibilizazioa bultzatzea, eta izekoren oroitzapen polit hori gordetzea; hura oso harro egongo litzateke”.

Familian bizi izan dituzten galeren inguruan, pixkanaka aurrera egiten ari direla aitortu du Arrizabalagak. Baina kexu da, azken urteetan minbizia sendatzeko ia ez delako pausorik eman. “Gogorra da: zer tratamendu dauden begiratzen hasten zara. eta ikusten duzu gauzak ez direla aldatu. Proba fasetan dauden proiektuak daude, baina oraindik garapena behar dutenak. Horiek lehenago ikertu izan balira, agian, orain tratamendu bat izango genuke”, azpimarratu du. Besteak beste, horregatik abiatu dute egitasmo solidarioa. “Asko dago oraindik ikertzeko, eta dirua behar da. Egitasmo honen bidez, ez dugu horretarako behar beste diru lortuko, baina, gutxienez, kontzientziazio lan hori sustatu nahi dugu”.

Egun ikerketa aurrera daramaten “bakarrak” AECC eta antzeko elkarteak direla nabarmendu du, eta, horregatik, bertara bideratuko dute lortutako diru guztia. “Ekarpena egin nahi duenak aukera izango du; gainera, ez du dirurik galduko, egindako inbertsio hori ogasunean errenta aitorpena egiterakoan berreskuratu egiten delako. Beraz, ekarpen sozial bat izango da”, adierazi du.

Erakusketa

Pintura, terapia

“Mari Carmen Zubieta nire izekoa zen. Haren semea —nire lehengusua— 20 urte zituela hil zen, eta psikologoak, terapia egiteko, margotzea gomendatu zion izekori. Berak betidanik margotu izan du, baina garai hartan utzia zuen afizio hori. Horren ostean, berreskuratu egin zuen, eta, geroztik, beti ibili da pintzela eskuan hartuta”, gogoratu du Arrizabalagak. Koadro horietako batzuk oparitu egiten zituela esan du, baina beste asko etxean gordeak zituztela. “Ez genekien ondo zer egin genezakeen, ez genuelako etxean guztiak jartzeko tokirik, eta, horregatik, enkantearena omenaldi apropos bat iruditu zitzaigun etxekooi”.

Izan ere, semea galdu eta hiru urtera, minbiziak ahizpa ere kendu zion Mari Carmen Zubietari. “Lotura handia izan dugu beti. Oso familia trinkoa izan gara; nire ama hil zenean, izeko bigarren ama bat bezala izan da niretzat”, aitortu du Arrizabalagak. Zubieta 2019an zendu zen, baina, iaz, haren alabak ere bizia galdu zuen minbiziaren ondorioz. “Artistaren ahizpa eta bi seme-alaba minbiziak jota joan diren honetan, uste dugu hura oso harro egongo litzatekeela halako egitasmo solidario bat antolatu izanagatik”.

Margolanak olioz eginda daude, eta askotariko gaiak lantzen dituzte. “Erakusketan ez ditugu denak jarri; oso pertsonalak direnak gorde egin ditugu. 25 laneko hautaketa bat egin dugu, guztientzako tokirik ere ez zegoelako”. Horien artean bi gai nagusitzen direla gehitu du Arrizabalagak. “Batetik, inguruko paisaiak daude: Mundaka, Murueta, itsasadarreko irudiren bat, Etxanoko baten bat, Gernikako Europako parkeko oso margo polit bat… Bestetik, natura hilak, loreak eta bestelako artelanak daude”.

Margotzea “funtsezkoa” izan zen Zubietaren dolu prozesuan, eta “laguntza handia” eman zion aurrera ateratzeko garaian, haren ilobak kontatu duenez. “Gauzei zentzu bat topatzen lagundu zion; kontzentrazioa, perfekzionismoa… Hobetuz joan zen urteen poderioz, eta guri ere pintzelak ematen zizkigun berekin margotu genezan. Hil arte, margolanak egiten ibili zen, eta, beraz, hau hari zuzendutako omenaldi bat da ere bada”.

Fitxa

Zer. Mari Carmen Zubietaren margolanak.

Zenbar koadro. 25.

Non. Ibarrangeluko kultur etxean.

Noiz arte. Irailak 5.

Erakusketa