Herria, ondarearen jagole

Herria, ondarearen jagole

Natalia Salazar Orbe

Guk teoria bat daukagu: ondare historikoa ez da gauza handiak egiteko; ez du behar gauza handirik, egunero zaintzea baizik”. Hala uste du Lekeitioko ondarea zaintzea helburu duen Atabaka elkarteko kide Guillermo Ruiz de Erentxunek. Elkartearen lanari esker, Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologiko izendatu zuen herriko Garraitz uhartea. Bertako aztarnak eta ondarea ikertzen jarraitzen dute Atabakako kideek. Horretarako, abuztuaren 21etik 24ra arte, indusketak egingo dituzte bertan. Azken urteetan egin duten bezala, boluntarioek egingo dute lan gori, Aranzadi elkartearekin batera. Lan horietan lagundu nahi dutenei parte hartzeko deia egin diete.

2011n sortu zuten Atabaka elkartea. Santa Katalina itsasargia berritzeko lanetan kanoi-zulo batzuk suntsitu zituztelako kezkatuta zeuden herritarrak batu ziren. “Galera atzeraezina” izan zen. Egoera haren aurrean, urte hartan bertan estatutuak idatzi eta kultur elkartea eratu zuten.

Ondarzabal Lekeitioko azken egurrezko itsasontziaren egoeragatik zuten kezkak gerturatu zituen geroago kide gehiago. “Itsasontzia museo gisa zegoen portuan, baina oso egoera tamalgarrian”. Azkenean hondoratu egin behar izan zuten. Atabakak, erabaki horren aurka egin arren, ez zuen lortu itsasontzia salbatzerik.

Hirugarren saiakeran izan zuten arrakasta. Herriari “nortasuna ematen dion” Garraitz uharteari buruz lekeitiarrek zuten informazio eskasak bultzatuta, Garraitz 25 proiektua diseinatu zuten 2014an. Helburua zen indusketa arkeologikoen bidez uhartearen historia eta natura ezagutzea eta babestea. 2025ean Lekeitiok 700 urte beteko ditu, eta elkarteak urte horretan aurkeztuko ditu ikerketaren ondorioak.

Orain arteko emaitzen berri eman dute jada. Gaur arte sei indusketa arkeologiko antolatu dituzte Garraitzen, Aranzadi elkartearekin batera. Abuztuan egingo dute zazpigarrena. Alfredo Moraza arkeologoa da auzolanean antolatzen dituzten indusketon burua. Elkartetik jakinarazi dutenez, 50 boluntario inguru elkartzen dira auzolanotan. Ruiz de Erentxunen ustez, auzolan hori da proiektuko gauzarik politena. Abuztuko deialdian parte hartzera deitu ditu interesa dutenak. Ez dute baldintza berezirik bete behar horretarako.

ATABAKA ELKARTEA

Indusketa lanetarako, bi ataletan bereizi dute uhartea. Erlijioarekin lotutako atalean, frantziskotarren komentua garbitu dute. Inguruan titare batez, kaskabilo txiki batez, iltzeez, teilez eta beste zenbait elementuz gain, hainbat herrialdetako txanponak aurkitu dituzte: “Portugal, Gaztela, Eskozia, Frantzia eta Brabanteko XIV. eta XV. mendeetako txanponak”. Moraza arkeologoak bi hipotesi ditu aurkikuntzok azaltzeko: Erdi Aroan Lekeitioko portutik igarotako marinelek utzitako limosnak edo izurriteagatik berrogeialdian zeuden marinelen ofrendak izan daitezke. Argitzeke dute misterioa.

Alde militarrari dagokionez, Lehen Karlistadan uhartea gotorleku izan zela erakusten duten hainbat arrasto aurkitu dituzte; besteak beste, metalezko balak. Beste alde batetik, ikerketa botanikoa egin zuten. Garraitzeko lurretako eta itsasoko flora eta fauna aztertu zituzten. Horri guztiari esker, 2019an Eusko Jaurlaritzak parke arkeologiko izendatu zuen.

Herritarrak, akuilu

Elkartea bera sei-zazpi lagunek osatzen dute. Ruiz de Erentxunen esanetan, “ondare historikoaren inguruko jakin-minak” batzen ditu denak. “Herrian gauza batzuk oso txarto egin ziren ondarearen izenean; negargarri, penagarri”. Era horretako egoerak ikusita, kexatu beharrean, lanean hastea erabaki zuten. “Konturatu ginen apur bat mugituz gero dena jartzen dela martxan: instituzioak, teknikariak, diru laguntzak… Baina herrikoia izan behar du hasierako egitasmo horrek, akuilu lan horrek”.

Ruiz de Erentxunek pena du belaunaldi gazteen erreleborik ez dutelako. Arkeologia zein Historia ikasleentzako aukera ezin hobea ikusten du berak ondarearen zaintza horretan. “Zuk lortu behar dituzu diru laguntzak, proiektua landu, aurkeztu, mugitu… Baina zure arloan jarduteko aukera ezin hobea eta aberatsa lortuko duzu”.