Erraldoia

Pertsonaia ehiztari bakoitzak bere Moby Dick dauka. Gure ibilbide osoa justifikatuko lukeen harrapakin hura, erraldoia, erabatekoa, txundigarria gutiziatzen dugu. Aurkitu arte ez omen dakigu nolakoa den, non bilatu dezakegun. Ofizioan ni baino eskarmentu handiagoa dutenei entzuna diet, hala ere, hobe dugula sekula ez aurkitu. Haren indarrak hondatzen gaituela, eguzkiak Ikaroren hegoak urtu zituen modu berean. Haren handitasunaren parean nano bihurtzen garela. Leviatan hori aurkitu ostean ehizan berriro aritzeko kemena galtzen dugula, eta, askotan, baita bizitzeko gogoa ere. Ona dela aurkitzeko grinari eustea, baina maldizioa noizbait aurkitzea.

Aurkitu dut neurea. Ez dakit ondo azaltzen asmatuko dudan. Izan ere, ehiztari zaharrek bete-betean asmatu zuten: nano sentitzen naiz haren parean. Ondorioz, deskribapena lauso eta iluna suertatuko da ezinbestean. Pertsonaia hau biguna da, indargea, ezjakina, kexatia, gauzeztana, tiranikoa, kontzientzia gabea. Bere mesedetan, bere ongizatearen alde arreta osoz sakrifikatzen diren guztiekiko esker oneko keinu ziztrinik ere egiteko borondaterik gabea. Bera bezalako bat baino gehiago ezagutu dut, urrundik bada ere, eta beti sentiarazi didate halako arbuio sakon bat. Jendilaje nazkantea.

Ezustean agertu zait. Aldirietako auzo baztertu bateko etxe batean egon naiz gaur, morroi bati elkarrizketa bat egiten; kobrearen birziklatze ilunean lanean dabilen bat. Ostia txarrez nengoen, berehala konturatu naizelako ez zeukala interesik, ohiko topikoak eta lelo ezagunak besterik ez bere ahotik. Joateko modua bilatzen ari nintzen, gelan emakume bat atea jo gabe sartu denean. Andre gaztea, haurdun, txandaleko prakak bustita hanken artetik belaunetaraino. Urak bota dituela eta ziztu bizian abiatu behar direla ospitalera. Auzo hartara taxiak nekez hurbiltzen direnez, mesedez, nire autoan eramateko erregutu didate. Ez dut jakin ezetz esaten; adinarekin biguntzen hasia naiz.

Ez gara ospitalera heldu. Umearen burua agertzen hasi eta errepide bazterrean gelditu behar izan dugu autoa. Zorionez, andreak eskarmentua dauka erditze kontuetan, ez du inolaz ere lehen aldia, eta anbulantzia eskandaluzko argi eta zaratarekin agertu denerako umea atzeko eserlekuan zegoen, negarrez eta odolez. Nazkagarria.

Ez diet ospitalera lagundu. Musuka eta besarkadaka eskertu didate guraso gogaikarriek laguntza. Bakarrik geratu naiz azkenean. Denbora behar dut asimilatzeko.

Neure buruari galdetzen diot nola ez naizen orain arte pertsonaia horren handitasunaz ohartu. Idatzi gabeko orri zuria. Misteriorik handiena. Bizitza. Bizitza hutsa. Bizitza, ez besterik. Sekula ez dut pertsonaia handiagorik aurkituko. Ez naiz ehizan gehiago aterako, zertarako. Hau despedidako gutuna da, jaun-andreak. Bukatu da. Ume alua!

Bigarren galdera etorri zait ondoren, are zitalagoa: ea ez ote niokeen probetxu gehiago aterako nire bizitzari, fikziozko pertsonaien xerka itsuan ibili beharrean, hura bezalako bat mundura ekarri izan banu. Beranduegi horretan pentsatzen hasteko, joder!

Galderaren mina ardoarekin samurtu behar dut. Autoan sartu naiz, tabernarako. Atzeko eserleku lohituari begira geratu naiz, odol eta auskalo ze beste likido likitsez blai. Garbitu beharko nuke, baina kotxea txatartegirako dago, eta, segur aski, ez dut molestiarik hartuko. Giltza sartu dut kontaktuan. Autoak ez du arrankatzen. Kagoen, Moby Dick.