Batera “konspiratzeko” gunea

Herri mugimenduaren topaleku izango da Iraultza Txikien Akanpada. Abuztuaren 25etik 29ra egingo dute bigarren aldia, Arteagan. Gune irekia eta askotarikoa izango dela diote.

Maialen Arteaga

Konspirazio hitzak badu zama astun bat, kutsu ezkor bat. Hitzaz birjabetu, eta beste perspektiba bat eskaintzen diote batzuek. “Konspiratzea beharrezkoa da elkarrekin hobetu pentsatu, saretu, zubiak eraiki eta ekin behar diogunari hobeto ekiteko”, esan du Gorka Novales, ITA Iraultza Txikien Akanpada egitasmoko antolatzaileetako bat da, eta herri mugimenduaren topaleku horren beharra azpimarratu du. “Zapaltzen gaituen sistemari aurre egiteko konspiratu egin behar dugu”. Abuztuaren 25etik 29 arte egingo dute kanpaldia, eta Arratiako Arteaga izango du aterpe.

“Piztuko dugu sua?”. Galdera horrekin aurkeztu zuten topagunea sareetan, baina baiezko erantzuna kozinatzea da asmoa. Joan den astean aurkeztu zuten egitarau osoa, eta hainbat borroka ildo izango dituzte hizpide. Horretarako, hainbat sektoretako ordezkarien hitzaldiak, ikuskizunak, mahai inguruak eta tailerrak eskainiko dituzte. “Ongi bizitzearen praktika bat da, gauzak beste modu batera egiteko eta bizitzeko. Baina esperimentu horrek etorkizuna izan dezan, saretzeko espazioa izan behar da. Eragileak elkar elikatzeko topaleku bat”, esan du Novalesek. Askotan, borrokarako gaitasunak konfluentzia faltaren ondorioz murrizten direla uste du: “Sarri, geure burua mugatzen dugu, eta ez dugu erabiltzen mundua aldatzeko dugun potentzia guztia, elkarren arteko zubiak falta direlako”.

Zubiak eraikitzearen beharraren jakitun, ezinbestean, espazio “irekia eta anizkuna” izango dela nabarmendu du: “Hasieratik erakarri nahi izan dira espazio guztietako militanteak; ez dago betorik. Egia da garai honetan zenbait eragileren arteko tentsioak daudela, baina hori gainditu nahi dugu, edonorentzako dago irekita ITA”. Antolatuta ez dagoen jendearentzako aterpe ere izan nahi dute, eta kide horiengan “anbizioa” eta “sua” piztu.

Hitzetatik ekintzetara

Ez dute nahi piztuko duten su hori soilik teorikoa izaterik. “Modu praktikoan, borrokak aurrera atera nahi ditugu. Ez dugu nahi dena hitzaldietan, ideietan eta pentsamenduetan geratzerik; praktikan performatiboak izan nahi dugu. Borrokatzeko arrazoi bat hartu, eta apustu horren alde egin”. Topaguneari itxiera emateko, azken ekintza gisa, basoko ustiatze prozeduretan jarriko dute azpimarra. “Arratian pisu handia hartu du eukalipto eta pinudien landaketa masiboak. Batzen gaituen borroka praktiko eta ikusgarri bat da”.

Kanpaldiaren bigarren edizioa da abuztu honetakoa. 2018. urtean antolatu zuten lehenengo ITA, Zubietan (Gipuzkoa). Erraustegiaren borroka helduleku garrantzitsu bat izan zen Gipuzkoako herrialdea hautatzeko.

Oraingoan ere hamaika arrazoi dituzte Arratian egiteko. “Lehenengo edizioan, erraustegiari erantzun behar zitzaion; oraingoan, ikusi dugu Arratia aukera ona dela, herri mugimenduaren perspektibatik prozesu interesgarri asko hasi direlako sortzen bertan: elkarren laguntza, sareena, errefuxiatuen ingurukoa… Fenomeno horiei aitortza eman nahi diegu”. Arteagan bertan dagoen Arteako Basoa proiektua da horren isla garbi bat. Iheslarientzako aterpe eta babesa eskaintzen dien proiektu soziala da, eta ITAren etxe ere izango da abuztuko bost egun horietan.

Aurten beste bereizgarri nagusi bat dago: pandemia garaia. Harremanak, kontaktu fisikoa eta topaguneak hari fin bati eutsita dauden honetan, zailagoa da ereindakoa loratzea eta uzta jasotzea. “Handikap handi bat da. Baina inoiz baino behar handiagoa daukagu; hortik dator erabili dugun leloa, sua piztearena. COVID-19aren ostean, zer? Galdera zail horri ere erantzun behar diogu, eta elkarrekin pentsatu behar dugu”. Badakite osasun sistemaren egoera ez dela ona. “Pandemia ez dago gaindituta”. Oraindik izurriaz aritzean orainaldia erabili beharra dago. Baina, aldi berean, mesfidantzaz ikusten du “arduratsu” jokatzeaz ulertzen dena: “Pandemiak mugatu gaitu, eta mugatu behar gaitu, nahi eta nahi ez; baina ez hainbeste. Arduratsuak izan behar gara, baina ezin da izan jendeak lanean osasuna arriskuan jartzea baina guk konspiratzeari uztea. Normaltasun borrokalaria behar dugu, eta horretarako da ITA, kaltetuak irten diren borrokak indartzeko”.

Behar desberdinak

Behar desberdinen aitortza egin behar dela azaldu du Novalesek. “Jende asko bizi da txakur batekin, jende askok aniztasun funtzionalak ditu eta ezin du kanpaldian lo zaku batean lo egin… Behar bereziak aitortzen dituen borroka antikapazitista ere landu behar dugu”. Gogoratu du “sua piztu” nahi duen edonorentzako izena emateko epea zabalik dagoela Ita.eus web orrialdean.