Gura beste alditan eroateko edalontzia

Dendak Bai Durangoko merkatari eta ostalarien elkarteak eta Irri Sarri enpresak eramateko edalontzi berrerabilgarriak banatu dituzte Durangoko hogei taberna eta kafetegitan. Helburua da behin erabiltzeko edalontziak baztertzea.

Ibai Maruri Bilbao

Aurretik tankera honetako beste kanpaina batzuk ere egin dituzte Durangoko merkatari eta ostalariek, denak biltzen dituen Dendak Bai elkarteak sustatuta: erosketak egiteko poltsa berrerabilgarriak banatu, bezeroei arrandegi eta harategietarako tuperrak eskaini… Oraingoan, hondakin gutxiago sortzeko beste pauso bat ematea erabaki dute. “Pandemia dela eta, ohartu ginen eramateko kafearen kontsumoa asko ugaritu zela. Kaleko zakarrontziak erabilera bakarreko ontzi eramangarriz beteta egoten ziren. Eta pentsatu genuen ontzi berrerabilgarriak banatu genitzakeela kontsumitzaileen artean”, azaldu du Dendak Baiko merkataritza teknikari Miren Garrastazuk.

Pentsatu eta egin: eramateko edalontzi berrerabilgarrien zerbitzua martxan dute joan den ekainetik, Euskal Herriko beste toki batzuetan ere zerbitzua ematen duen Irri Sarri edalontzi enpresaren eskutik. Abendura bitartean, abian izango da Guk Durango kanpaina, zerbitzu berri hori herritarren artean ezagutarazteko. Sistemak gero ere jarraituko du, durangarren artean ohitura bihurtuta.

Lehenengo eta behin, ostalariei eman zieten kanpainan parte hartzeko aukera. Garrastazuk esan du dagoeneko Durangoko hogei ostalarik bat egin dutela kanpainarekin, eta datozen hilabeteetan ere jarraituko dute taberna eta kafetegi gehiagotara zabaltzeko ahaleginean. Dendakbai.eus eta Irrisarri.eu web orrietan kontsultatu daiteke zeintzuk diren. Garrastazuk aitortu du gehiago batzea espero zuela, baina uste du kanpainaren “arrakasta” ikusita gainontzekoak ere apurka-apurka gehituz joango direla: “Oro har, parte hartzen dabiltzanek esan dute pozik daudela”.

Horietako bat da Durangoko Herria taberna. Angi Uria ugazabak azaldu du plastiko kontsumoa murrizteko kontzientzia duelako parte hartu duela: “Arazo handia dugu plastikoarekin, eta, horrelako ekinaldiekin konponduko ez den arren, pauso txikiak ere eman behar dira, ohiturak aldatzeko. Ezin dugu jarraitu orain arte bezala”. Uriari eta ekinaldira batu diren gainontzeko ostalariei ez die gasturik sortu sistema berria ezartzeak: doan jaso dituzte edalontziak.

Erabat birziklagarriak

Funtzionamendua oso erraza da. Halako edalontzi bat eskuratu gura duen kontsumitzaileak euro biko gordailua ordaindu beharko du tabernan. Edalontzia itzultzen duenean berreskuratuko du ipinitako dirua. Bien bitartean, gura beste aldiz erabili ahal izango du edalontzia. Polipropilenoz eginda daude. Higienikoki seguruak dira, oso iraunkorrak, eta ekoizten errazak. Gainera, material bakarra erabiltzen dutenez, guztiz birziklagarriak dira. Irri Sarri enpresakoen arabera, edalontzi birziklagarri bakoitzak behin erabili eta botatzeko 400 edalontzi erabiltzea eragozten du. Gainera, bada aldea nork bere etxetik eroan dezakeen edalontzi berrerabilgarriekin: behin erabilita, gura izanez gero, sareko kide diren edozein lokaletan utz daiteke, eta euro biak berreskuratu; tabernariak garbitu, eta zerbitzuan jarriko du berriro. Hurrengo behar denean, beste edalontzi bat eska dezake.

Dendak Baiko merkataritza teknikariak esan du bezeroen aldetik ere “arrakastatsua” izan dela. “Martxan jarri genuen egunean, jendea edalontziak eskatzeko zain zegoen”. Ez du uste eramateko kafea jende gehiagok eskatzen duenik egitasmo honengatik, baina iruditzen zaio ordura arte eramateko kafea eskatzen zuten gehienek orain edalontzi berrerabilgarria dutela. Datorren astean dira elkartzekoak erabiltzaile kopurua ezagutzeko.

Garrastazuk eta Uriak esan dute batez ere bulegoetan behar egiten duen jendeak eskatzen duela eroateko kafea. Uriak taberna duen inguruan ez dago bulego askorik. Hala ere, egunean eroateko 40-50 kafe ipintzen dituztela esan du. Nabarmendu du pandemiaren ondorioz terrazak eta taberna barruak itxita egon ziren sasoietan bereziki, gora egin zuela eroateko kafearen kontsumoak. Edozelan ere, ez zuten espero eskaera asko izaterik. “Harritu naiz, eta tabernako langileak ere harritu dira: guk espero baino jende gehiagok eskatzen digu edalontzi berrerabilgarria. Ez dakit gutxi edo asko diren, baina onerako harritu gaitu. Ez genuen itxaroten horrenbeste izatea. Nik uste dut ingurumenaren eta iraunkortasunaren inguruko kontzientzia duen jendea dela gehienbat, eta halakoak gero eta gehiago dira”.

Parte hartzen duten bezeroek saria dute, gainera. Edalontzia eskuratzearekin batera, txarteltxo bat ematen diete. Kontsumitzen duten bakoitzean, zigilua jartzen diete txarteltxoan, eta seigarren kafea doan eskuratzen dute. Fidelizazioa lortzeko modu bat da. Garrastazuk uste du martxan duten kanpaina baliagarria dela, hein batean, sarean sartu diren ostalarientzat ere, bezeroak erakartzeko.