Bizirik irauteko, komunitatea

Bizirik irauteko, komunitatea

Maialen Arteaga

Komunitatea, antolakuntza eta politizazioa: hiru balio horiek ditu oinarri Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak. “Sare herrikoia da, eta kapitalismoak bultzatzen duen merkatuarekiko menpekotasunari buelta eman nahi diogu”, zehaztu du sareko kide Itxaso Perez Muruagak.

Egoera horri buelta emateko giltza herritarren arteko komunitatea dela iruditzen zaie. Pandemiagatik iaz ezarritako itxialdian, antzeko sare edo talde gehiago sortu ziren, baina Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak lehenago hasi zuen ibilbidea, 2017. urte inguruan. Eta oraindik ere sendo jarraitzen dute. Bestelako mugimendu sozialetan ibilitako hainbat kidek sortu zuten taldea, eta sistema kapitalistari aurre egiteko arnasgune gisa irudikatu zuten. “Kapitalismo patriarkalak dena hartzen du, eta lanaren eta diruaren menpekotasun horrek arlo guztietan eragiten du”. Arazoa “egiturazkoa” dela ikusirik, badakite irismena mugatua dela. “Guk badakigu txikitasunetik ezin dugula sistema osoa aldatu, baina funtsezkoa ikusten dugu zapalkuntza horren aurrean antolatzea eta politizatzea; ez dugu ikusten proiektu asistentzial moduan. Ulertu behar dugu zapalduen daudenak ez daudela horrela ausaz tokatu zaielako, baizik eta klaseetan oinarritutako sistema baten parte direlako”.

Beharrizanei erantzuteko

Beharrizanak hainbat dira, eta askotarikoak. Asanblada irekien bitartez definitzen dituzte herritarren premiak eta horiei erantzuteko jardunak. “Elkarlaguntza Sarea oso handia da, eta, gero, hainbat azpitalde daude”. Guztira proiektu osoan 80 kide baino gehiagok parte hartzen dutela kontatu du Perezek. “Dena oso plurala eta irekia da; filosofia eta oinarri berdinen arabera egiten da lan, baina oso modu irekian”. Hiru lan lerro bereizi ditu: “Kipularen geruzak bezala azaltzen dugu guk”. Lehenengo geruza erosketa kolektiboena da; jarduera hori da jende gehien biltzen duena. “Biltegi bat daukagu; eguenetan irekitzen dugu, eta erosketa kolektiboak egiten ditugu bertan”. Biltegiko produktuek filosofia eta irizpide jakin batzuk bete behar dituzte: “Tokian tokikoa izatea, lan baldintza eta modu duinetan ekoitzia izatea, eta prezio eskuragarriak izatea”. Helburu argia du biltegikoak: “Supermerkatura ahalik eta gutxien joatea”.

Kipularen sakonagoko geruzan, ekoizpen komunalen jarduera dago: taldekide batzuen lursailetan auzolanak egiten dituzte. “Kideek komunitaterako utzi dute lurra, eta eguenetan eta domeketan auzolanak egiten ditugu; landatu, erein, ekoitzi… Bertako produktuak biltegira eramaten ditugu gero”. Baina elkarlanean lantzen duten lursailak fruitu gehiago ere ematen ditu, Perezen iritziz. “Nik asko gozatzen dut: naturarekiko harremana lantzen duzu, gure komunitateko kideekin ere harremanak estutzen dituzu… Lortzen dena ez da lan fisikoaren emaitza bakarrik”.

Etxebizitza da taldeak duen beste borroka nagusi bat. Azken hilabeteetan lehentasunezko arazo bilakatu dela esan du. “Astelehenero biltzen dira biltegian. Jende asko gerturatzen da bertara, gehienak etorkinak, eta oso-oso egoera larrietan daude. Etxebizitza agentzietan arrazismo handia dago: ez dizkiete etxeak alokatzen. Lan handia dago egiteko etxebizitzaren auziarekin; esango nuke arazo larriena dela, konpontzeko zailena”.

Azkenik, Eleak taldea dute, etxeko garbitzaileen laguntza kudeatzen duena. Konfinamendu garaian sortu zen azpitalde hori, eta ordutik andre horien eskubideak eta lan baldintzak hobetzeko laguntza eskaintzen dute. “Elkarlaguntzako kideak dira orain, eta harreman estua sortu da. Salaketak, ortuko lanak, asteburupasak eta beste hainbeste egiten dugu elkarrekin. Sare honek aurrera egiten laguntzen die, bakarrik ez daudela ikusteko”. Pribilegioetatik lagundu, hausnartu eta komunitatea eraikitzeko apustua egin dute: “Indibidualki ezin da; komunitatea sortzeko egiten dugu lan, komunitaterik gabe ez dago-eta etorkizunik”.

COVID-19ak leherrarazi duen krisiak gehiago eragin die zaurgarrienei, baina, epe luzera, leherketa hori aukera izan daitekeela uste du: “Eztanda honek erakutsi du arrazoia geneukala, konponbidea ez dela lehengo bizimodura itzultzea”. Komunitatearen kontzientziaren bitartez lanean jarraituko dute, kipularen azken geruzaraino heltzeko.