Batzorde mistoak oniritzia eman dio Usansolo herri bihurtzeari

Batzorde mistoak oniritzia eman dio Usansolo herri bihurtzeari

Natalia Salazar Orbe

Usansolo Bizkaiko 113. herri bihurtzeko beste pauso bat eman berri dute. Usansolok Galdakaotik bereizita zein ezaugarri izango lituzkeen adostu du txosten teknikoak egiteaz arduratu den batzorde mistoak. Eginbehar hori ezarri zien 9/2012 foru arauak, desanexioa gauzatu ahal izateko. Batzorde horrek azken udal hauteskundeetako emaitzen araberako ordezkaritza du. Hauek osatzen dute: Galdakaotik, alkateak, eta EAJko eta EH Bilduko ordezkari banak; eta Usansolotik, Usansolo Herria plataformako bi kidek eta EAJko batek. EAJko bi kideak abstenitu egin ziren; beste guztiek aldeko botoa eman zuten.

Pozik atera zen Usansolo Herria plataformako kide Monika Mena batzorde mistoaren azken batzar horretatik. “Oso egun polita da, historikoa, egutegian markatzekoa”, adierazi zuen. Esan du batzorde mistoak bere lana bete duela, “oztopo” guztien gainetik. Usansolo eta Galdakao zer-nola geratuko diren zehazten du akordioak: “Mugak zeintzuk izango diren; Galdakaon eta Usansolon zerbitzuen kalitatea ez murriztea; populazio nukleoa zehaztea, eta ekonomikoki bideragarri izatea”.

Usansolo Galdakaotik bereizteko tramitazioari oniritzia gehiengo osoz eman ondoren, orain Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dago bideari jarraipena ematea.

Aldunditik, udalera berriz

Proposamena Aldundiak ezarritakoarekin bat datorren ebatzi beharko dute orain Lurralde Garapenerako Sailean. Hala bada, Galdakaoko Udalera itzuliko da prozesua. Hiru hilabeteko epean osoko bilkurara eraman beharko luke gaia udalak.

Denbora tarte horretan, Usansoloko herritarrei galdeketa egiteko aukera izango luke, herritarrek segregazioari buruz zer iritzi duten jakiteko. Osoko bilkurak memoria gehiengo osoz onartuko balu, Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko luke erabakia. Orduan, aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietara igorri beharko luke, eta Batzar Nagusiek izango lukete azken hitza.