Zaldibarko Parkeko Hotela ez botatzeko eskatu dute

Zaldibarko Parkeko Hotela ez botatzeko eskatu dute

Natalia Salazar Orbe

Severino Atxukarro arkitektoaren zuzendaritzapean eraiki zuten Zaldibarren Parkeko Hotela, 1882an. Establezimendua deitzen dioten beste eraikin handi batekin eta lorategiekin batera egin zuten. Establezimendua bainuetxea zen, luxuzkoa, eta Parkeko Hotela, berriz, maila ertaineko erabiltzaileei zuzenduta zegoen. Bainuetxea ospitale psikiatriko bihurtuko zuten urteekin, eta Parkeko Hotela ospitaleko beharginen eta mojen ostatu bilakatu zen. Herritarrek joan den otsailean jakin zuten udalak Parkeko Hotela eraikina botatzeko asmoa duela. Batzarrak egin, eta Parkeko Hotela Ez Bota herri mugimendua sortu dute. Bideo bat ere argitaratu berri dute, eraikinaren balioa nabarmentzeko.

Afera herrian ezagutaraztea du helburu Parkeko Hotela Ez Bota herri mugimenduak, Izaskun Narbaiza bertako kideak azaldu duenez: “Prozesu horretan ari gara: erakusten zer den, kontzientziatzen, ez konbentzitzen”. Herritarren babesa lortzea da haien asmoa. “Planteatzen genuen lehenengo pausoa gaia herrian zabaltzea zen, ateratzea; herrian indarra hartzea, eta gero udalera jotzea, esanez herriak hau nahi duela eta albora dezatela eraikina botatzeko asmoa”.

“Kasualitatez” jakin zuten

Otsailean izan zuten Zaldibarko Udalaren asmoen berri. “Zurrumurruak zeuden, baina kasualitatez gutako batzuk Kultura Batzordera joan ginen, eta bertan beste gai batzuei buruz berbetan ari ginela atera zen udalaren asmoa eraikina botatzea zela. Esaten zuten hobe dela eraikina bota eta berria egitea, eraberritzea baino”. Orduan piztu zitzaizkien alarmak, eta elkartzen eta mugimendua martxan jartzen hasi ziren.

Bospasei lagun elkartu ziren hasieran, Parkeko Hotela botatzeko arriskuaren aurrean zer egin aztertzeko. Antolatu duten azken batzarrean, berriz, 25 pertsona inguru elkartu direla azaldu du Narbaizak: “Denetarikoak elkartu ginen, 20 urte ingurukoetatik hasi eta 80tik gorakoetaraino. Oso anitza izan zen”.

Herri mugimenduko kideak azaldu du udalak ez duela aurkeztu inongo argudiorik eraikina botatzeko; ezta eraikina eraitsita bertarako duen proiekturik ere. “Udalaren lehen argudioa izan zen merkeagoa dela eraikina bota eta berria egitea; eraikin jasangarria egin nahi dutelako, zerbait erraza eta sinplea. Esaten zuten beren ustetan egoera arriskutsuan dagoela, erori egin daitekeela, baina ez dago horrelakorik dioen inongo txostenik”, esan du Narbaizak. Beraz, argudioak eskatu dizkiote: “Ondo argudia dezatela erabakia, eta, agian, izan dezakete arrazoia. Bestela, zergatik bota? Gainera, esaten dute merkeagoa dela botatzea eta berria eraikitzea, baina ez daukate proiekturik. Zergatik da merkeagoa? Nondik atera dute hori?”.

Zaldibarko Udalaren asmo horren aurrean, eraikina ez botatzeko eskatu dute herritarrek. “Zaldibarren ez dago ondare askorik. Hau multzo arkitektoniko baten parte da. Agian, eraikina bera ez da izugarri ederra, baina uste dugu baduela garrantzia. Zaldibarko historiaren parte da”. Oinarri hori izan zuten kontuan hasieran borroka abiatzeko orduan. Asanbladak egin ahala, berriz, bestelako iritziak ere atera ziren, Narbaizak adierazi duenez: “Zaldibarko jende askorentzako garrantzi sentimental handia du eraikinak. Beraz, memoria eta kulturarekin lotuta ere badago gure eskaera”. Eraikinean bizi izan ziren hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen bideoa argitaratu berri dute. “Noiz da eraikin bat ondare?”, galdetu du. “Ondaretzat dugu, multzo baten parte delako, historiaren parte eta sentimendu baten parte ere badelako”.

Aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa dute. Datozen asteetan udalari eraikina ondare gisa izenda dezala eskatzea aztertzen ari dira, horrek bermatuko lukeelakoan Parkeko Hotela babestea. Sinadura bilketa bat egitea ere badute buruan. Bizkaiko Hitza-k iritzia eskatu dio Zaldibarko Udalari, baina ez du erantzunik lortu.