Maialen Arteaga
Abiadura handiko trenaren ereduaren aurrean proposamen alternatibo bat eskaini nahi dugu”, esan du Atxondoko AHTaren aurkako plataformako Iñaki Mariskurrena Diezek. Ez daude ados AHT abiadura handiko trenak dakarren herri eredu eta filosofiarekin, eta, horri aurre egiteko, kanpaldi nazional bat egingo dute, Atxondon, uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean. Kanpaldia Atxondon izango bada ere, Euskal Herri osokoa izango da. Iruñetik bizikleta martxa bat abiatuko dute bi egun lehenago, eta hilaren 30ean Atxondora iritsiko dira. “AHTa geldi daitekeela erakutsi nahi dugu”, azaldu du Mariskurrenak.
Sinesmen eta indar horiek pilatzeko, hitzaldi, ikuskizun, kontzertu eta dokumental ugari eskainiko dituzte hiru egunetan. Horien artean izango dira, besteak beste, Aroztegia Gelditu plataformako kideak eta Emakumeen Mundu Martxako kideak hitzaldi bana eskaintzen, Iheskide eta Mice musikariak kontzertua ematen, eta baita Zintzilik Emozioen Laborategia eta Patata Tropikala antzerki taldea ere. Hiru eguneko egitarau osoa kanpaldiko sareetan dago ikusgai (@ahtrikezakanpada), eta izena emateko Ahtrikezakanpada.com webgunean egin behar da. Uztailaren 31n manifestazioa egingo dute Noraezeko abiadurak helmuga tinkorik ez, AHT gelditu lelopean. Kanpaldira joango ez direnei ere mobilizaziora biltzeko gonbita egin die Mariskurrenak.
Eskualdeko gainontzeko herrietan —Durangon, Zornotzan, Elorrion eta Abadiñon— obrak egin dituzte dagoeneko. Atxondo izan da legezko tresnen bidez lanak atzeratzea lortu duen herria, eta “erresistentzia ikur” modura definitu izan dute sarri. Baina iazko konfinamendu garaian obrak egin behar zituzten makinak iritsi ziren. “Egia da etsipen sentimendu bat badagoela, baina gure herrian obrak hasi direnean, adibidez, gero eta jende gehiago batu da borrokara, baita inguruko herrietakoak ere. Eskualdeko gainontzeko herrietakoak hasi ziren gehitzen, eta, orain, Euskal Herri osoko talde batean gaude guztiok. Susperraldi bat ikusten dugu”, azaldu du Mariskurrenak.
Atxondoko obrak eta pandemiaren aurkako neurri murriztaileak borroka indartzeko eztanda eragileak izan direla uste du: “Etxeratze agindua eta bestelako neurriak herrira sartzeko baliatu zituzten. Egun batean jaiki, eta herria horiz margotuta, seinalatuta eta kamioiz beteta ikusi genuen. Atxondok labirinto bat zirudien”.
Orduan, hainbat desjabetze egin zituzten inguruan. “Abadiñon eta Elorrion, baserri historikoak botatzen hasi ziren. Hor konturatu ginen: hemen ditugu, eta gure susmoak bete dira”. Gertaera horien aurrean kanpaldi nazionala “duintasun ariketa bat” dela azaldu du. “Herriak erabaki ez duen makro azpiegitura hau inposatu nahi digute, eta inposaketa eredu horren kontra gaude”. 2007an egin zuten herri galdeketa ekarri du gogora. Parte hartu zutenen %99,3k AHTaren aurka bozkatu zuten; ez zen baiezko bozka bakar bat ere egon. Mariskurrenak salatu du herriaren hitza ez dutela errespetatu. Faktore garrantzitsu bat ikusten du hor: “Udalean egondako aginte aldaketa”. EAJk agintea hartu zuenean, jarrera aldaketa bat gertatu zen udal gobernuan. “Alfonbra gorria jarri diote AHTari; irregulartasunen aurrean ezikusiarena egiten dute”, azaldu du.
Etsipenari aurre
Uste du komunikabide “handiek” etsipen sentimendua hedatu nahi izan dutela: “Jendeak sinetsita zeukan ezin zela ezer egin; mezu hori zabaldu nahi izan dute, obren inguruan gezurrak esanda, adibidez. Galduta dagoela sinetsarazi nahi digute, eztabaidarik ez pizteko eta ez hausnartzeko”. AHTrik Ez taldeko kideek joan den astean salatu zuten informazio faltsua zabaldu dela: “Obren %70 bukatuta dagoela esan dute, baina ez da egia: %30 baino gutxiago dago eginda, eta eginda dagoenak ere egokitzapen batzuk beharko lituzke oraindik”. “Manipulazio” horren aurrean, indartsu ikusten du borroka ekologista: “Inoiz baino gazte gehiago hurbildu dira, eta hori esanguratsua da. COVID-19aren pandemia betean eztanda egin du munduak”.
“Zentzurik gabeko proiektua”: horrela izendatu du Mariskurrenak AHTa. “Lehen zentzugabea baldin bazen, orain, are gehiago. Agerian geratu da zertan inbertitu behar den: beharrizan sozialetan, osasun sisteman, zerbitzu publikoetan, hezkuntzan… Adinekoen egoitzak pribatizatzen ari diren bitartean, begira zer egiten ari diren gure diruarekin”. Afera ekonomikoaz gain, geologikoa ere azpimarratu du: “Euskal Herria ez da laua; txikizio izugarriak egin behar dira tren hori zuzen joateko”.
Azpiegitura honen kalteak harago doaz, Mariskurrenaren ustez. “Herri izaera ukatzen digu”, ohartarazi du. “Aurreko udal agintaldian ikerketa batzuk egin genituen. Haien emaitzetan argi ikusten zen despopulazio bortitz bat biziko dugula”. Uste du azpiegitura berriak direla despopulazio horren eragile: “Ibilgailuentzako igarobide berria daukagu alde batean; errepide nagusia bestean, eta orain, abiadura handiko trena. Herria horien guztien artean geldituko da, hazteko batere aukerarik gabe”. Logika horretatik, esan du kaltetuak “denak” direla. “Batzuk askoz ere kaltetuago izan dira: etxeak eta lurrak kendu dizkiete, eta enpatia ariketa sakona egin behar dugu haiekin. Bizitokia kendu diete. Baina guk uste dugu kaltetuak denok garela, herri oso bat dela”. Hain agerikoa ez den ondorio bat azaldu du: “Langileok ere kaltetuak izango gara, lana hiriburuetan pilatuko delako, AHTak gune industrializatueneko hiriburuetan egingo baitu geldialdia”.
Kanpaldi nazionalak konponbideak eskaini nahi dizkie kalteei. “Motorrak oso berotuta ditugu, eta benetan gogotsu gaude. Eskualdearentzako eta Euskal Herriarentzako indar erakustaldi bat izango da”. Gogorarazi du izena emateko epea zabalik dagoela oraindik ere, eta adin guztietako herritarrentzako gunea izango dela azpimarratu du.