Auzotarrak auzoa kudeatzen

Auzotarrak auzoa kudeatzen

Ibai Maruri Bilbao

Duela 160 bat urte Iurreta baso batzuen jabetza galtzekotan egon zen. “Udalak ez zuen dirurik mantentzeko, eta herriak hartu zuen bere gain lursail haien ardura. Guztira, 200 hektarea inguru dira. Basoaren kudeaketarekin herrirako dirua lortzen zen, eta herrian inbertitzen zen”, esan du Gorka Lazkanok. Azaldu du herriak kudeaketa hori egin ahal izateko sortu zirela kofradiak Iurretan. Hura Goiuriako kofradiako ordezkaria da Iurretako Kofradien Batzorde Nagusian, eta baita Batzorde Nagusiko presidentea ere. Guztira, sei kofradiak osatzen dute Batzorde Nagusia: Goiuriakoa, Iurretakoa, San Markoskoa, San Faustokoa, Santa Marinakoa eta Orozketakoa.

Kofradia horietako bakoitza hainbat auzok osatzen dute: “Ez da auzo bakoitzeko kofradia bat. Adibidez, gurean, Goiuriako kofradian, Goiuria eta Mañarikua gaude. San Markos kofradian, Oromiño, San Markos… Santa Marinakoan, Arriandi, Gaztañatza, Amezketa… Auzo batzuen artean kofradia bat sortzen da”. Basoaren ustiaketatik lortutako dirua kofradien artean banatzen da, eta kofradia bakoitzak bere auzoetan inbertitzen du. Esaterako, Lazkanok gogorarazi du garai batean diru horri esker konpontzen zituztela auzoetako errepideak eta bideak; baita telefono linearen kablea etxez etxe zabaldu ere. “Gaur egun, horrelako lanak edo erakunde publikoek egiten dituzte, edo telefonia konpainiek. Beraz, kofradiak ez dira horretaz arduratzen”. Lazkanok esan du azkenaldian kirolerako eta kulturarako diru laguntzak emateko erabili izan dela dirua. Eta, tarteka, leku publikoak edo komunitatearenak konpontzeko diru laguntzak ere ematen dituzte. “Sekula ez obra pribatuak finantzatzeko”, ohartarazi du.

Goiuriako kofradiaren azken ibilerak azaldu ditu, beren egitekoa hobeto ulertzen laguntzeko: “Duela urte batzuk zabortegi bat ipini zuten gure auzoan, legez kanpo; irregulartasunak egon ziren. Kofradiatik borrokatu zen haren kontra: enpresa auzitara eroan, eta gure aldeko epai bati esker gelditu ahal izan genuen”. Azken batean, auzokideen ongizatearen alde lan egitea da kofradiaren egitekoa. Auzibide horrek Goiuriako kofradiak zuen diru gehiena gastatu zuen, eta Lazkanok dio gainontzeko jardueretarako ia aurrekonturik gabe geratu zirela.

Iraupenerako bermea

Iurretan ez ezik, Bizkaiko herri askotan egon dira. Oraindik Arratia aldean ere mantentzen dira. Baita Mungian ere, baina gaur egun sinbolikoak dira, eta auzoetako jaiak izaten dira haien egiteko nagusia. Iurretako kasuan, kofradiek diru laguntza ematen diete jai batzordeei, jaiak antolatzeko. Kofradiek beren eguna izaten dute: iraileko bigarren domeka. Laixiar zelaian elkartzen dira. Meza izaten dute lehenengo, dantzariak, musika taldea eta herri bazkaria. “Iurretarrentzat jai garrantzitsuenetariko bat da; Kofradia Eguna gure nortasunaren parte da”.

Lazkanok esan du beste herri batzuetan galdu egin diren arren ez dutela uste berenean halakorik pasatuko denik: “Zerbait ez baduzu mugitzen, galtzeko arriskua dago, baina zeure burua berrasmatzen baduzu, seguruenik jarraituko duzu”. Azken urte hauetan jende berria sartu da kofradietara. Izan ere, aitortu du aspaldian herritik urrunduta egon direla. “Seguruenik mugimendu gutxi izan dugulako, eta, horren ondorioz, jende askoren artean kofradien inguruko ezjakintasuna zabaldu delako”. Azaldu du aukerak daudela kofradiekin gauza “erakargarriak” egiteko: “Bide berriak azter daitezke, eta beti dago aukera kolektibotasunetik auzogintzari balio apur bat emanda gauza interesgarriak egiteko”.

Kofradia bakoitzeko herritarrek kofradia gidatuko duten ordezkari bi hautatzen dituzte asanbladan. “Orain arte gizon ona esaten zitzaien. Azken bozketan andreak ere aukeratu dira; beraz, orain andre onak ere baditugu. Dena den, nik gurago dut ordezkari erabili, garai hauetan egokiagoa da-eta genero markarik ez erabiltzea”. Eta kofradia bakoitzeko bi ordezkariak Batzorde Nagusiko kide izango dira.

Aitortu du auzolana asko galdu dela: “Umea nintzenean, auzolana izaten zen hainbat baserriren artean auzoko bidea konpontzea. Gaur egun, hori erakunde publikoen esku dago”. Hala ere, oraindik beste hainbat auzolan egiten dira kofradietatik: Laixiar zelaia garbitu, esaterako. “Orain, gakoa da norantz bideratu nahi den egin daitekeen auzolan hori, eta zenbat bideratu nahi den”.