Kultura aire zabalera

Kultura aire zabalera

Zihara Jainaga Larrinaga

1998az geroztik, udaro eta hilabete batez, Arriola kultura elkarteak Musikaire musika jaialdia antolatzen du aire zabalean, Elorrion. Kultura kalera irteten da herriak dituen paraje ikusgarriak aprobetxatuta. Hain zuzen, espazioek egiten dute Musikaire jaialdia berezi. Ondare artistiko ikusgarria du Elorriok; batez ere, arkitekturari dagokionez. Uztaileko asteburuetan, herrian dauden jauregi liluragarrietako lorategiak agertoki bihurtzen dira, musika eta arkitektura herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Jendez betetzen dira berdeguneak, musika kontzertu eta errezitalez gozatzeko. Aurten ere ez diote muzin egin jaialdia antolatzeari; hala ere, joan den urtearen gisara, osasun egoera dela-eta ezarritako neurriak errespetatu ahal izateko, Musikaireko emanaldi denak Ganondo parkean eskainiko dituzte, herriko plazaren aldamenean. Antolatzaileek ahal bezain laster betiko espazioetara bueltatu nahi lukete. “Xarma handia ematen du kontzertuak entzuteko lorategi ikusgarrietara sartzeak”.

Hasieran Elorrio Klasikoa izena izan zuen jaialdiak, baina hiru urteren buruan, duela 21 urte, jarri zioten Musikaire izena. Aitor Iriarte Arriola kultur elkarteko kide eta Musikaireko koordinatzaileak azaldu duenez, ekaina bitarte makina bat kultur ikuskizun eskaintzen du Arriola antzokiak, baina, uda hasten zen heinean, bertan behera gelditzen zen programazioa. Hori horrela, eta Elorriok herri gisa duen nortasun eta indarra baliatuta, kultur programazioa udan kalera ateratzea ideia egokia izan zitekeela pentsatu zuten. Udalarekin elkarlanean antolatzen dute jaialdia. Hala, auzoetako ermitetan hasi ziren ikuskizunak antolatzen, baina berehala ohartu ziren lortutako arrakastaz. “Hasieratik erantzun itzela jaso genuen, jende asko kanpoan gelditzen zen, emanaldia ikusi ezinik”.

MUSIKAIRE

Auzoetatik herrira egin zuten salto. Jauregietako jabeekin harremanetan jarri ziren, espazioak erabili ahal izateko. Hasieran, asmoa asteburu bakarrean hainbat kontzertu eskaintzea zen, baina aurrekontua handitzeaz batera, talde parte hartzaileak gero eta garrantzitsuagoak ziren, eta jaialdiak gero eta sona handiagoa lortu zuen. Hori horrela, asteburu bakarrean kondentsatu ordez, jaialdia hilabete batez luzatzea erabaki zuten. Iriartek azaldu duenez, Arriola kultura elkartearen helburua beti izan da, nolabait, kulturaren normalizazio prozesuan, ohitura bihurtzea Elorrion kulturaz gozatu ahal izatea. “Asteburu bakarrean jaialdi handi bat egin ordez, gainezka egin eta herria jendez betetzeko, auzoak basamortu bihurtuta, erabaki genuen eguneko kontzertu bana egitea, asteburuetan”. Bi hamarkada daramatza jaialdiak egitura horrekin, herriari bizia ematen, eta urtetik urtera erantzuna “apartekoa” izaten da.

Eklektikoa eta edulkoratua

Dohainik eta paraje zoragarrietan, aire librean. Iriarteren ustez, Euskal Herrian gutxi dira halako aukerak. “Argiztapena edo uda usaina izan daitezke, baina Musikaireko emanaldietan magia sortzen da”. Elorrioko jaialdiak talde bereziak programatzen ditu, ez oso ezagunak, baina maila altukoak. Iriartek dioenez, aukera gutxi izaten da bestela inguruan Musikairen aritzen diren taldeak entzuteko. Ondorioz, hainbat jende mugitzen du jaialdiak. “Egitaraua beti izaten da eklektiko xamarra”. Oro har, musika gustuko izanez gero, gustu guztietarako aukerak eskaintzen ditu Musikairek. “Agian, gazte eta nerabeek beste formatu batzuk nahiago dituzte”, adierazi du Iriartek. Hain zuzen, Musikairen kontzertuak baino gehiago errezitalak izaten dira, akustikoak. Iriartek azaldu duenez, erabiltzen duten jauregietako bat, adibidez, Opus Dei erakundearena da, atsedenerako erabiltzen duten etxea, eta kontzertuen egunetan bertan egoten dira erabiltzaileak; hortaz, ez da egokia lorategian burrunba handiko taldeak aritzea. Beste jauregi bat, berriz, markes batena da, eta horregatik antolakuntzaren ardura da hartu bezala uztea eremua. Iriartek adierazi du musika taldearen arabera lorategia hankaz gora gelditzeko arriskua egon daitekeela.

BONEY FIELDS

Musikaire jaialdia edulkoratu xamarra dela dio Iriartek, “publiko guztiarentzat” etiketa daramana. Euskal Herriko mugetatik harago, munduko musika eta kultura askoren plaza bihurtzen da Elorrio hilabetez. Dohainik eta halako lekuetan izatea da adin guztietako jendea erakartzeko gakoa. “Askotan jendea ez da ohituta egoten, eta gehiago eskatzen du. Hala ere, estiloen arabera, taldeen arabera, asko aldatzen dira aldiak eta urteak”, esan du Iriartek. “Puntako taldeekin nabaritzen dugu Euskal Herri osoko melomano eta jarraitzaileak hurbiltzen direla Elorriora”, gaineratu du. 400 eta 700 ikusle artean ibiltzen dira Musikaire jaialdira urte arrunt batean.

Aurten, gertukoak

Azken bi urteotan, osasun protokoloa bermatzearren, inguruko taldeengana jo dute egitaraua prestatzerakoan. Bestelako urteetan, ohikoa izaten da, besteak beste, Europan bira egiten dabiltzan Afrikako taldeak Elorrion ikustea. “Punta-puntan dauden taldeak izaten dira, baina mainstream joeratik kanpo”, adierazi du Iriartek. “Irratietan ateratzen direnek diru asko eskatzen dute; beste formatu baten alde egiten dugu guk apustu”.

Aurtengo egitarauari dagokionez, hasteko, joan den astean EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak kontzertua eskaini zuen Elorrion.Gaur ekingo diote asteburu osoko emanaldiei. Gaur, adibidez, publiko guztiarentzako Yllana konpainiaren Maestrissimo antzerki musikal batekin hasiko dira. Bihar, Madrilgo Freedonia banda indartsuak soul eta funk doinuak eramango ditu. Bertakoek ere izango dute tokia: datorren asteburuan, Juanma Urriza boskote nafarrak jazz musikarekin Hertzainak taldearen kanten bertsioak eskainiko ditu; eta, biharamunean, Xabier Lete izango da omendua Loreak eta Zauriak emanaldiaren bitartez. Hilaren 18an, Paul San Martin musikari donostiarrak, Frantziako bere taldearekin, punta-puntako kontzertua eskainiko du. Horrez gain, Pettik proiektu berria aurkeztuko du: Manipulazio estrategiak. Audience taldeak 15. urteurrenaren ospakizunetan Elorrion egingo du geldialdia. Maria Berasarteren ahotsaz gozatzeko aukera ere egongo da. Musika estilo desberdinak batuta, “mazedonia bat bezalako postre goxo bat” da Musikaire, Iriarteren esanetan. Hala, ohitura bihurtu dute Elorrion udan kultura “goxoa” dastatzea.

BONEY FIELDS