Ezinduen autonomia handitu nahi du Bizkaiko Diputazioak

Ezinduen autonomia handitu nahi du Bizkaiko Diputazioak

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak elbarrien eta ezinduen bizitza kalitatea hobetzeko datozen urteetarako lan ildoak aurkeztu ditu. Ezinduen Partaidetzarako eta Bizi-Kalitaterako 2021-2023 Planean daude jasota. Besteak beste, ezinduek ahalik eta autonomia handiena lortzea lortu nahi dute. Diputazioaren eta ezinduen elkarteen eta haien familien artean ondu da plana. “Plan hau aurrekoen eraikuntza partekatuaren espiritu berarekin landu dugu”, adierazi du Sergio Murillo foru diputatuak.

Planaren oinarrian dagoen ereduak arreta pertsonarengan eta haien gaitasunetan jarri nahi du, ezintasunei edo mugei erreparatu ordez. Murilloren esanetan, pertsonen gaitasun propioak ahalduntzea eta indartzea funtsezkoak dira autonomia pertsonalaren eta bizitza independentearen mailarik handiena lortzeko ingurune komunitarioan.

Planak bost ardatz ditu, beste horrenbeste helburu lortzeko. Batetik, ezintasunen bat dutenek komunitatean ahalik eta autonomia, inklusio eta parte hartze aktiborik handiena izan dezaten baldintza egokiak sustatuko dituzte. Irisgarritasun unibertsal eraginkorra eta guztientzako diseinatua ere sustatuko dute, baita aukera berdintasuna eta ezinduekiko tratu egokia eta ez diskriminatzailea ere. Baldintza egokiak bultzatuko dira ezinduentzako eta haien familientzako, foru erantzukizuneko prestazio eta zerbitzuetarako unibertsaltasuna eta bidezko irizpidea bermatzeko.

Parte hartzea bultzatu

Komunitatean parte hartzea eta bizi kalitatea bermatzen dituen eredua ezartzen eta sisteman esku hartzeko ereduaren barruan pertsona ardatz duen metodologia ezartzen ere sakondu nahi du aldundiak. Era berean, gizarte ekimeneko erakundeen lankidetza bultzatu nahi dute, foru erantzukizuneko gizarte zerbitzuen sistema orientatzen eta hedatzen lagun dezaten, elkarrizketa zibilean parte har dezaten eta gizarte ekimeneko erakundeen beste jarduera batzuetan.