Organoei bizi berria ematen

Organoei bizi berria ematen

Ibai Maruri Bilbao

B izkaian 120 organotik gora daude. Gehienak XIX. eta XX. mendeetakoak dira, baina badaude zaharragoak ere: Euskal Herriko zaharrena Ziortzako kolegiatakoa da (Ziortza-Bolibar), 1686. urtekoa. “2004an sortu genuen elkartea, ondare hori dinamizatu eta herriari gozatzeko aukera emateko”, azaldu du Pablo Cepeda Diego de Amezua Bizkaiko organozaleen elkarteko idazkariak. Ia 40 kide dira. Presidentea Miriam Cepeda da, Begoñako basilikako organo jotzaile eta Santanderko (Kantabria, Espainia) kontserbatorioko organo irakaslea.

“Bizkaian zorte ona izan dugu, XIX. mendean garapen ekonomikoa izugarria izan genuelako eta organo berriak eta onak eraikitzeko dirua egon zelako. Araban, adibidez, organo gehienak barrokoak dira, eta ia ez dute erromantikorik”. Esan du garai haietan herrien arteko lehia zegoela, eta besteak zeukana nahi zuten guztiek. Horri esker, nahiko arin hedatu ziren Bizkaian organo erromantikoak. Lehia hori hasi zuen herria Lekeitio izan zen: ” Aristide Cavaille-Collek 1854an egin zuen Santa Maria basilikako organoa”.

Lekeitiokoaz gain, badaude interesgarriak diren beste batzuk. Portugaletekoa aipatu du: Henri Didier organogile frantziarrak egindakoa da, 1903koa. “Biek zaharberritze premia dute. Baina, horretarako, 400.000 bat euro behar dira”. Badaude guztiz zaharberritutako altxorrak: Begoñako basilikako Cavaille-Coll organoa duela bost urte egin zuten, eta 1943an Alemaniako Walcker etxeak egindako Durangoko Uribarriko basilikakoa ere zaharberrituta dago. “Prozesu garestia da, eta denen laguntza behar da: Eliza, erakunde publikoak eta gizarte zibila”. Martitzenean, San Pedro egunez, Joseba Segura Bilboko gotzainak Lumoko elizako (Gernika-Lumo) organo zaharberritua inauguratu zuen, meza nagusian. 1909an egin zuten, Bartzelonan.

Kontzertuak eta beste

Elkartekoek musika jaialdiak antolatzen dituzte. Dagoeneko hamasei aldiz egin da Bizkaiko Hotsak jaialdia. “Saiatzen gara eskualde guztietara joaten. Jaialdi honek lurraldea egituratzen laguntzen du: badago jendea ia kontzertu guztietara joaten dena, eta batzuetan organo kontzertua aukera izaten da haientzat herria ezagutzeko”. Organo bakoitza ezberdina da. Eurek helburu argia dute: “Eduki serioa eskaintzen dugu, baina, hala ere, entretenigarria”. Urte bakoitzean, azken kontzertua Abadiñon egiten dute, Gabonetan. “Familia osoak etortzen dira; pozgarria da”.

Gazteagoa da Bilboko Nazioarteko Organo Jaialdia: bederatzi aldiz egin dute; azkena, udaberri honetan. “Jaialdi bietan, kontzertuetako musikariek maila ona dute, baina Bilbokoan saiatzen gara nazioartean ibilbide interesgarria izan dutenak ekartzen”. Adibidez, Olivier Latry gonbidatu zuten 2019an. Notre Dameko organo jotzailea da, munduko famatuena. Bilboko katedralera etorri zen, Pariskoa erre eta hilabetera. Oso arrakastatsua izan zen: “Jarleku denak bete ziren, eta jendea zegoen zoruan eserita eta zutik”. Datozen asteetan Busturialdean egingo den Joxe Mari Egileor jaialdiaren antolatzaileekin ere elkarlanean aritzen dira.

Euskal sortzaileen musika zabaltzen ere saiatzen dirra. Jose Maria Usandizagaren organorako lan guztiak eskaini dituzte. Martin Rodriguez organo jotzailea izan zen Balmasedan, eta hango kontzertuetan bere piezak sartzen dituzte. “Euskal musikan urrezko garaia izan genuen, eta izen itzelak daude: Jesus Guridi, Usandizaga, Urreaga, Aita Donostia… Horien piezei garrantzia ematen diegu kontzertuetan.

Baita inprobisazioari ere. Europako Ondarearen Jardunaldietan bisita gidatuak eta kontzertuak egin ohi dituzte. Esaterako, jardunaldien gaia paisaia izan zen urtean, Noel Hazelbrouckek Gorbeiako argazkiekin eta Agate Deunaren doinuarekin inprobisatu zuen, Arteagan. Bestela ere egiten dituzte halakoak; adibidez, film mutuak eskaini eta organoarekin musika jarrita. Besteak beste, Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organo jotzailea eta Bartzelonako kontserbatorioko inprobisazio irakasle Juan de la Rubia ekarri izan dute.

Haziaren fruituak

Duela 15 urte, Portugaleteko Santa Maria basilikan ikastaro bat eskaini zuten. Michel Bouvard Parisko kontserbatorioko organo irakaslea ekarri zuten. Nafarroa Beheretik gazte bat etorri zen: Thomas Ospital aihertarra. Gaur egun oso famatua da, eta Parisko kontserbatorioko organo irakasle izendatu berri dute, Bouvarden ordez. Guretzat pozgarria da jakitea Portugaleten antolatu genuen ikastaroan hasi zela istorioa”. Cepedaren esanetan, garrantzitsua da kulturan inbertsio iraunkorra egitea. “Hasieran, asko kostatzen zitzaigun kontzertuak betetzea. Orain, badirudi organoa modan dagoela. Gazteek deskubritu duten musika tresna bat da, eta interesgarria iruditzen zaie. Orain hasi gara duela 15 urte ereindako haziaren fruitua jasotzen”.