Maialen Arteaga
Uztaila hasi berri da. Harekin batera, Bizkaiko hamaika txokotako jaiak iritsi dira. Iazkoa jairik gabeko urtea izan zen neurri batean, baina jai gisa ulertzen den hori aldatu, berrasmatu eta berritzeko hautua egin dute herri batzuek. Murrizketen urte hau jai ereduaz hausnartzeko parentesi izan da aisialdi eta gizarte arloko eragile batzuentzat. Parentesitik irten eta gero, argi daukate: jaiak antolatzearen alde egingo dute.
Sopela, Zornotza eta Markina-Xemein dira hautu horren alde egin duten hiru herri. Sopelan, joan den astean ospatu zituzten jaiak, eta Plaza Beltza kulturguneak hartu du antolaketaren lekukoa. Betiko antzera ez bada ere, aisialdiarentzako arnasgune bat eraiki zuten, erresistentzia txosna izenpean.”COVID garaian hartutako zenbait neurri murriztaileen atzean, osasun arrazoiak ez diren beste helburu batzuk ere badaude. Sopelako Udalak hesiz eta poliziaz inguratu du jai gunea, eta, inoren parte hartzerik gabe, jende gutxi batentzako egitaraua prestatu dute”, adierazi zuten Plaza Beltzako kideek joan den barikuan egin zuten pregoian. Jokamolde hori “etorkizuneko herri ereduaren” isla dela uste dute: “Gure bizitzetan ezarritako erabaki ororen aurrean, subjektu pasibo izatera kondenatu nahi gaituzte”, salatu zuten Plaza Beltzakoek. Analisi horren aurrean, eskaintza alternatibo bat egitea pentsatu zuten. Manifestazio batekin hasi zuten asteburua, eta larunbatean azoka “antikomertziala” egin zuten.
Zornotzan eta Markina-Xemeinen datozen asteetan ospatuko dituzte jaiak, eta, udalak antolatutakoaz gain, txosnaguneetako eragileak ere martxan jarri dira. Bertso saioak, hitzaldiak eta hainbat kontzertu antolatu dituzte hilabete honetarako.”Pandemiaren hilabete hauen ostean, herriko eragileok ez ezik, herritarren parte handi batek nabaritu du txosnagune edo antzeko espazio baten falta. Herria bizirik dagoela gogorarazteko aprobetxatuko dugu aurten”, esan du Txomin Pagaegi Markina-Xemeingo Txosna Batzordeko kideak. Modu berritzailean, jaien eredua moldatu daitekeela uste du: “Antolakuntzaren eta sormenaren bidez, gauza handiak lor daitezkeela erakutsi nahi dugu, betiere, egoerak eskatzen dituen neurrietara egokituta”.
Zornotzan ere filosofia berdinetik heldu diote hilabeteari. Jaiak festarako ez ezik, harremanak ehuntzeko aukera direla dio Ane Larrea Zornotzako Txosneroak kolektiboko kideak. “Herritarron artean harremanak izateko eta gozatzeko espazio dira. Bizitzen ari garen testuinguru honetan, herritarroi eta, bereziki, gazteoi, harremanak izateko ditugun bestelako espazioak murriztu zaizkigu pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrontzako honelako espazioak sortzea, ukatuta egon den harremanak izateko eta aisialdirako aukera hori eskainiz”.
Jai eredu aldaketa
Zelakoa izan behar da proposatzen den jai eredu hori? “Nolako komunitatea eraiki nahi dugun ideiaren haritik tiraka gabiltza, eta espazio hau hasiera txiki bat da”, esan du Larreak. “Komunitatea gurutzatzen dituen hainbat ideietan oinarrituta dago programazioa, Jaiak bai, borroka ere bai lelo klasikoa hartu dugu oinarri”. Hartzailea herritarrak direla nabarmendu dute, eta, logika horretatik, lokalaren aldeko apustuari eta herriaren beharrei erantzun nahi diete Zornotzan: “Programazioa xumea bada ere, herriari begira egin nahi dugu. Adibidez, gure zonaldeko musikariak ekarriko ditugu. Eta, parekidetasunera bidean, musikan zein umorean presente egongo dira emakume sortzaileak; Ane Lindane eta Raquel Torres umoregileak etorriko dira”. Baina herriaren momentuko arazoei erantzuteko ere baliatu nahi dituzte jaiak. “Saioa [Agirre] herrikidea 13/13 auziko auziperatua da. Epaiketa honek torturak ekarri ditu berriz ere herriko plazara; hori dela eta, Non dago Mikel? dokumentala emango dugu. Justizia eta erreparazioa herriaren erantzukizuna ere badelako”.
Pagaegi Larrearen antzera mintzo da. Igorlea zein hartzailea herria dela dio. “Urtero legez, aurtengoan ere gure herriko txosnagunea autogestioan oinarrituko da, egiten duguna herritik eta herriarentzako sortzen baitugu”. Horren adibide da txosnagunerko ekintzetarako egiten duten produktu lokalen erabilera; produktu fisiko zein ez fisikoetan: “Euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten dugu, egitarauan eta baita txosnaguneko musikaren aukeraketan ere”.
Aisialdia jomugan
Aisialdia jomugan egon da pandemian, baina eremu hori politizatzea premiazkoa dela uste dute: “Uste zutenaren kontrara, azken hilabete hauetan egin izan diren ekitaldi kulturaletan agerian geratu da aisialdi segurua posible dela. Argi dago jaiak ezin direla orain arte ezagutu izan ditugun moduan egin, baina egoera berri honetara egokitzen jakin dugu”, adierazi du Larreak. Pagaegi bat dator zornotzarrarekin: “Gure kultura eta ohiturak sozializazioan eta kalean oinarritzen dira. Posible da irudimena erabiliz herriari sozializatzeko gune seguru bat eskaintzea”. Bi herrietako espazio horiek hainbat eragileren elkarlanaren fruitu dira.
Hausnarketa zaharrek oholtza berriak hartu dituzte. Jaia eta alkohola: eskua emanda doazen bi aldagai izan dira, eta badira oraindik. Horien arteko harremanaz zintzoki hausnartu, eta modu arduratsuan gozatu nahi dute. “Guk argi dugu txosnagunea ez dela tragoak hartzeko gune soila, atzean filosofia oso bat dagoelako. Hain zuzen, hori da bestelako jai eremuetatik desberdintzen gaituena. Hala ere, kontziente gara gure kulturak alkohola eta sozializazioa batzen dituela”, aitortu du Pagaegik. Larrea ados dago: “Nekez irudika ditzakegu alkoholik gabeko jaiak”. Nahi denaren eta behar denaren arteko talka bezala ulertzen dute bi kideek; “kontraesanak”, esan dute argi. “Ekintza guztietan alkoholaren kontsumoa ez bultzatzen eta egitarau anitzagoa eskaintzen saiatzen gara. Baina, taldeen sostengu ekonomikoa helburuetako bat izanda, gure kontraesan guztiekin, beharrezkoa zaigu alkohola eskaintzea”, zehaztu du Pagaegik. Larreak modu eraldatzaile batean ikusten ditu herriko jaiak: “Gure aurrekontuak kontuan izanik, egoera berri honetara birmoldatzen gara. Txosnagunea betidanik aldarrikapen gunea izan da eragileentzako, eta bere horretan jarraituko du. Goxotasunez sortu dugu aurtengo gunea, eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera”.
Eta jairik gabe, zer? “Zornotzak jaiak behar ditu, jaiek Zornotza behar duen moduan”, dio Larreak. “Jaiek herritarron arteko harremanak ahalbidetzen dituzte, gero saretzeko. Baina, era berean, herriko jaiak konpromisorako espazio ere badira; ardurak hartzeko, antolakuntzan parte hartzeko…”. Pagaegik ere harremanetan jarri du azpimarra: “Askotariko jendearekin harremanak sortzeko aukera ematen dute, ‘kuadrilismoarekin’ apurtu eta herritarrak saretzeko”.
Jai herrikoiak eraiki nahi duten herri ereduaren oasi edo lagin txiki bezala irudikatzen dituzte. “Antolatzaile garen eragile guztien helburuak batu eta herriari eskaintza zabal eta indartsu bat proposatzeko abagunea ematen digute”, esan du Pagaegik.”Herrikoi” izaeraren zehaztapenetan sartu da Larrea: ” Euskalduna, feminista, anitza, parte hartzailea… Filosofia hau askotan entzuten da, baina gero eta jende gutxiagok hartzen du parte jaien antolakuntzan. Beharbada, herritarrok buelta bat eman behar diogu nahi dugun jai ereduari”.