Gertukoak, gertukoen eskura

Gertukoak, gertukoen eskura

Natalia Salazar Orbe

Pandemiak kontsumitzeko ohiturak aldatu zituen, hasieran behintzat. Internetera jo zuten askok; gertuko eta bertako produktuen aldeko apustua egin zuten beste batzuek. Herrien itxiera perimetralak ere, bertako dendetara eraman zituen hainbat herritar, erosketa handiak egitera ez bazen ere. Egoera horretan, udalek herriko dendak bultzatu dituzte hainbat lekutan. Udal eraikinetan herritarrei egunerokorako behar dituzten lehengaiak eta produktuak eskaintzen dizkiete dendok. Azken hiletan Gizaburuagan, Jataben eta Mallabian ireki dituzte era horretakoak.

Herritarrentzako lehen mailako zerbitzua ematen dutela kontuan hartuta, udal lokalak alokairu merkeetan hartu dituzte zerbitzuok kudeatzeko lehia irabazi dutenek. Bestelako erraztasun batzuk ere badituzte batzuek. Esaterako, ura eta argindarra ez dituzte ordaindu behar.

Denda ireki aurretik herriko taberna kudeatzen zuten Fermin Oleak, Jataben, eta Rosa Godoyk, Gizaburuagan. Tabernen ondoan edo barruan jarri dituzte herriko dendak. Ez bataren, ez bestearen helburua ez da irabazi handirik ateratzea. Biek esan dute herriari zerbitzua emateko helburua dutela, irabazi ekonomikoak tabernarekin bermatuta dituztela azalduta. Idoia Allenderen kasua desberdina da: hutsetik hasi da, eta Mallabiako denda du diru iturri bakarra. Allenderi zaila egiten ari zaio proiektuaren hasiera, eta bezeroak erakartzea du erronkarik handiena.

Joan den apirilaren 6an ireki zuen Allendek Idoia herriko denda, Mallabian. Orain arteko esperientziari buruz galdetuta, “ez da txarra, baina gogorra izaten ari da”, erantzun du. “Berria naiz sektore honetan, eta, beraz, ikusiko dugu zer-nola doan”. Bezeroak apurka haren zerbitzua ezagutzen ari direla azaldu du, baina zaila iruditzen zaio orain arte zituzten ohiturak aldatzea. “Mallabitarrek erosketak Ermuan egiteko ohitura dute, eta kostatu egiten zaie hori aldatzea. Normala da, denok ari gara beti presaka, lanez gainezka. Lanera doanak joan-etorria aprobetxatzen du supermerkatura joateko”.

Bestelako esperientzia ari dira bizitzen Jataben eta Gizaburuagan. Pandemiaren hasierarekin batera esleitu zuen Jatabeko Udalak bertako denda. Hala ere, joan den abenduan hartu zuten kudeaketa Oleak eta haren familiak —aurretik beste emakume batek eta zinegotzi batek kudeatzen zuten—. “Hasieran pentsatu nuen pandemia egoeran geundelako funtzionatzen zuela. Baina, egoerak hobera eginda ere, jendeak etortzen jarraitzen du”.

Denetariko herritarrek jotzen dute Maruri Jatabeko dendara. “Herri osoa dator. Goizean goiz etortzen dira. Hala ere, erosketa batzuk supermerkatuetan egin behar dituzte, noski”.

Pozik dago orain arteko erantzunarekin. Igerilekuaren ondoan dago denda. Eta bertako bezeroek ere jotzen dute beraiengana: “Familia asko umeekin etortzen dira. Arratsaldez ogitartekoa nahi izaten dute seme-alabentzako, eta prestatu egiten diegu ogia eta hestebeteak hartuta. Benetan, ez nuen uste daukan arrakasta izango zuenik. Pentsatzen nuen pandemia bukatzean jendeak etortzeari utziko ziola. Ez, ordea. Herritarrek leial jarraitzen dute”.

Batez ere, adineko bezeroek jotzen dute Jatabeko dendara. Hala ere, Olearen esanetan, “Jatabeko herritar guztiak dira beraien bezeroak. Ez dut uste bizilagunik egongo denik esan dezakeenik ez dela pasatu dendatik”. Inguruko herrietako bizilagunen bisita ere izaten du. Bereziki, Gatikakoak. “Beharrizan edo estualdi batetik ateratzen zaituen herriko denda da gurea. Xaboia behar duzula? Badaukagu. Patatak? Hemen daude. Hortzetako eskuila? Hori ere bai. Imajina dezakezun guztia daukagu”.

Herritarrentzako lagungarri

Antzera mintzatu da Godoy. Herrian zegoen beharrari erantzuteko zabaldu zuen denda, joan den apirilean. “Herritarrei zerbitzua ematea da helburua. Sarri etortzen zitzaizkidan bizilagunak litro bete esne eskatzera. Erosketak egitera Lekeitiora joaten zirenean ekartzen zidaten bueltan. Beste batzuetan, tomate, letxuga edota gatz bila jotzen zuten gurera. Lekeitioraino joan behar ez izateko, etorri eta eskatu egiten zidaten. Dendatxoa behar horri erantzuteko jarri genuen. Gainera, udan ezinezkoa da Lekeition aparkatzea; zoramena izaten da. Herriarentzako zerbitzua da gurea. Eta kanpotik badator norbait, baita horientzako ere”. Tabernaren ordutegi bera du.

Gizaburuagako Udalak herritarrei eguneroko erosketa txikiak egiteko aukera bermatzeko zabaldu zuen denda herriko tabernan. Sasoi batean Tere tabernak eskaintzen zuen aukera hori. Hala ere, duela hogei urte inguru ateak itxi zituenetik, herrian ez dute izan beste janari dendarik. Pandemiak zaildu duen gaur egungo egoeran janari denda baten beharra handiagoa dela iritzita hartu zuten erabakia. Udal agintariei herriko taberna iruditu zitzaien denda jartzeko lekurik aproposena. Tabernaren izkina bat egokitu zuten horretarako.

Godoyk aitortu du orain artean harrera oso ona izan duela. “Adin guztietako herritarrak etortzen dira. Izan ere, litxarreriak ere baditugu. Asteburuan bazkaltzera kanpotik datozenak ere, jatera sartzen dira, dendan begiratzen dute eta beti aurkitzen dute interesatzen zaien zerbait. Tomateak eta barazkiak begiratu eta gustuko badituzte, erosi egiten dituzte. Emakumeentzako produktuak ere baditugu; tanpoiak, besteak beste”. Herriko produktuak saltzen ditu dendan. “Bertako produktuak hartzen ditut, baserrietakoak. Herrikoak izan daitezen saiatzen naiz”.

Hirurak saiatzen dira bertako produktuen erakusleku izaten. Allendek denetarik eskaintzen du Mallabian. “Ogia eta lehen premiazko elikagaiak ditugu. Bertako barazki eta fruituak ekartzen saiatzen naiz. Baita arrautzak ere. Inguruan eskuratu dezakedan guztia ekartzen saiatzen naiz. Denda txikia da, baina denetarik aurki daiteke. Garbitasunerako produktuak eta beste ere bai”. Estakua jogurta eta Idiazabal jatorri izena duen Mallabiko ekoizleen Onandi gazta ere aurki daiteke bere apaletan. Egunero zabaltzen du denda. Asteburuetan, eguerdira arte bakarrik.

Eskaintza zabalduz doaz

Oleak azaldu duenez, Jataben “oinarrizko produktuekin” hasi zuten ibilbidea. “Apurka eskaintza zabalduz joan gara. Orain, goizeko lehen orduan denetariko opilak saltzen ditugu. Opilak eta ogia geuk egiten ditugu. Bertako barazkiak eta ortuariak ditugu. Bertako produktuak ekartzen saiatzen gara ahal dugun guztietan. Inguruan aurki ezin ditzakegunak herriko fruitu saltzaile bati eskatzen dizkiogu eta fruitua, barazkiak, denetariko ogiak eta hestebeteak ekartzen dizkigu. Egunkariak ere baditugu”. Eskaintza oso zabala dela adierazi du. “Arropa gutxi batzuk ekartzeari ere ekin genion, herriko adinekoek ez zutelako atera nahi herritik kanpora. Proba moduan pertxa batzuk jarri genituen. Arrakasta izugarria izan zuen, eta arropak saltzen jarraitzen dugu orain ere”. Etxeetan behar beharrezkoa diren produktuak dauzkate apaletan. “Gure denda txikian denetarik daukagu”.

Jatabeko denda astegunetan bakarrik zabaltzea zen asmoa. Pandemia garaia zen, eta herritarrentzako zerbitzua bermatzea zen helburua. Oleak azaldu du apurka, herritarren beharrei erantzunez, ordutegi hori zabalduz joan direla. “Pandemia garaian zerbitzua emateko jaio zena herriko denda bihurtu da. Esango nuke oso ondo funtzionatzen ari dela”. Orain, egunero irekitzen dute: 09:00etatik 21:00etara. Udan, gainera, atsedenik gabe.

Oleak aitortu du ez dela erraza supermerkatuekin lehiatzea. Hala ere, eurenean prezio lehiakorrak dituztela esan du, dendaren ardura hartu aurretik kudeatzen duen jatetxean dituzten hornitzaileekin egiten duelako lan. “Gainera, gure asmoa ez da dendarekin dirua irabaztea. Askok esaten digute produktuetako asko saltoki handietan baino merkeago ditugula. Irabazi txiki bat bai badaukagu, langile bat dugulako kontratatuta”.

Herritarrek gustura hartu dituzte zerbitzuok. Gizaburuagako Herriko Tabernako dendari izena ere jarri diotela azaldu du Godoyk: “Herritar batek zuran zizelkatu eta margotutako kartela egin du, dendan jartzeko”. Rosiren denda gisa bataiatu dute.