Bilboko Olabeagako trenbidea lurperatu egingo dute

Bilbao Ria 2000k iragarri du Bilboko Olabeaga auzoa bitan banatzen duen trenbidea lurperatu egingo dutela. Sozietate horrentzako Fulcrum ingeniaritza enpresak egin duen bideragarritasun azterketak aurreikusi du trenbidea hegoalderantz mugitzea eta estaliko duten orube horretan 600 etxebizitza eraikitzea. Lanak egiteko 75 milioi euro erabili beharko dituzte.

Gaur egun auzoan dagoen geltokia ere mugitu egingo dute: mendebalderago eramango dute, San Nikolas elizaren ingururantz, eta erdi lurperatuta egongo da. Hutsik geldituko den tokian gune berdeak eta ekipamenduak ere jarriko dituzte, eta eraikiko dituzten 600 etxebizitzetatik %40 babes ofizialekoak izango dira. Horiek salduta, lanen zati bat finantzatu ahalko dute.

Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Agenda Urbanoen Ministerioari eskatu behar diote orain Adifen trenbidearen trazatuaren moldaketari buruzko azterketa informatiboa egin dezan; hori da eman beharreko hurrengo pausoa.