Peru Azpillaga Diez
Bilboko punta batetik bestera oztoporik gabe ibiltzen joateko aukera izatea; soilik oinezkoei bideratuta egongo diren eta pertsona guztientzako egokia izango diren kale sare bat erabiliz, edozein mugikortasun arazoren gainetik, kalera beldurrik gabe atera ahal izateko. Hori da, hain zuzen ere, Bilboko Auzokideen Elkarteen Federazioa, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea eta Ekologistak Martxan elkartea batu dituen aldarrikapena.
Bilbok oinezkoen sare bat behar du lemapean, agerian utzi nahi izan dute gaur egun Bizkaiko hiriburuan egiten diren joan-etorrien %65 oinez egiten direla, baina mugitzeko modu hori garatzeko espazio espezifikorik ez duen kolektibo bakarra osatzen dutela oinezkoek. “Bilbotarrok leku batetik bestera joateko dugun modurik erabiliena da, eta, beste garraio motek duten bezala, guk ere gure hirian mugitzeko espazio seguru eta esklusiboa aldarrikatzen dugu”, nabarmendu du Kike Antolin Ekologistak Martxaneko kideak. Azaldu duenez, hainbeste joan-etorri oinez egiteko arrazoi nagusia Bilboren biztanleria zahartua da, etorkizun hurbilean are gehiago zaharkituko dena: “Gaur egun, bilbotarren %23k 60 urte baino gehiago dituzte, eta, etorkizunean, datu hori askoz esanguratsuagoa izango da”.
Horregatik, hiri antolamendua pertsona guztien oinezko mugikortasunera moldatu behar dela deritzo. Horretarako aurkeztu egin dute oinezkoen sarea delako kontzeptu berritzailea. Sare horrek, hainbat onura ekarriko dituela esplikatu du: “Birbanaketa politikarekin bat egiten du, oinezko mugikortasunak ez duelako inor diskriminatzen. Gainera, lokomozio era bat izateaz gain, ibiltzea hiria sortzeko era bat ere bada, harremanak garatzeko modu bat. Era berean, gutxien kutsatzen duen garraio mota ere badugu, eta, hiriari lotuz, espazio gutxien betetzen duena”.
Antolinek azaldu duenez, sare horrek ardatz nagusi bat izatea da asmoa, hain zuzen ere, egun Bilboko mugikortasunaren muina den Zazpikaleak-Abando-Indautxu ardatza. Ondoren, erdiguneko ardatz hori, auzoetan sortuko diren sareekin konektatuko litzateke, Bilboko oinezkoen sare oso bat ehunduz, “punta batetik bestera arazo gabe joan ahal izateko”. “Auzo bakoitzak bere ibilbidea garatuko luke eta gero erdigunearekin konektatuta egongo litzateke. Horregatik, proiektu honetan auzoak protagonista izatea nahi dugu”, azpimarratu du Antolinek.
Mugikortasuna helburu
Plataformatik aitortu dute, azken urteetan, instituzioen partetik garatu diren politiken bidez, hazi egin direla hirian dauden oinezkoentzako espazioak. Aitzitik, uste dute espazio horiek ez daudela mugikortasunera bideratuta eta “beste interes” batzuei erantzuteko eraiki direla. Hala azaldu du Ainhoa Abendaño Anaitasuna Uribitarteko auzo elkarteko ordezkariak: “Egia da instituzioek apustua egin dutela oinezkoen espazioak handitzeko. Baina proiektu horien helburua ez da izan oinezkoen mugikortasuna sustatzea. Kontrara, lur publikoaren pribatizazioari lotuta egon dira, aisialdiaren, turismoaren eta merkataritzaren mesedetan”. Haien artean komunikatuta ez dauden espazioak eraiki direla dio Abendañok, agerian utziz mugikortasunaren irizpidea “ez dela kontutan hartu”.
Horren aurrean, Bilboko auzoen ordezkari bezala, periferia eta erdigunea konektatzeko “plan estrategiko bat” aldarrikatu du. “Kontzeptu berria da oinezkoen sarearena. Baina zer esan nahi du? Bide zabalago bat? Ez. Ezaugarri askoz gehiago biltzen dituen proiektu bat da, gutxiengo erraztasun eta ekipamendu batzuk izango dituen mugikortasun sare bat”. Zuhaitzak, bankuak, komunak, garraio publikoarekiko konexioa… auzo batetik bestera “oztoporik gabe” joateko baliagarriak izango diren bideak behar direla erantsi du.
Herritarren parte hartzea
Sare hori osatzeko, auzoen esku utzi nahi dute tokiko oinezkoen bidearen garapena. “Horregatik, auzo elkarteen federaziotik bat egin dugu proiektu honekin, uste dugulako guztion artean garatu beharreko erronka bat dela”. Hala uste du Ana Simon Santutxuko Bizikidetzaren Aldeko Auzoak elkarteko kideak ere: “Gure asmoa auzokideen ideiak eta iradokizunak jasotzea da, bide hauek izango dituzten ezaugarriak guztion beharretara egokituta egon daitezen”.
Oinezkoen bideak garatzerako orduan, mugikortasuna mugatuta duten kolektiboen parte hartzea nabarmendu nahi izan du Simonek. “Guztiontzako bide atseginak eta seguruak izan behar dira. Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duzunean, hiria oztopo fisikoz josita dagoela ikusten duzu; beste pertsonek ikusi ere egiten ez dituzten oztopoak”. Arrazoia eman dio Julio Calvo Fekoor-eko ordezkariak: “Bat egin nahi izan dugu pertsona guztientzako egokiak izango diren oinezkoentzako sarearen proiektuarekin. Eta pertsona guztiak diogunean, ezin gara adineko auzokideez edota mugikortasuna duten pertsonez ahaztu”.