Maialen Arteaga
Uztailaren 12an zortzi euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egiten zuten lana “ETAren manupekoa” zelakoan. 13/13 auzia da. Orotara 77 urteko kartzela zigorra eskatzen die Fiskaltzak. Arantza Zulueta lekeitiarra, Naia Zuriarrain larrabetzuarra eta Saioa Agirre zornotzarra horietako hiru dira. Epaiketaren dataren berri izan bezain laster, auzipetuen herrikideak erantzuten hasi ziren, tokian tokiko asanblada irekiak, bilera informatiboak eta ekintza askotarikoak antolatuz. Eragile eta norbanako ugari elkartu dira Zornotzan, Larrabetzun eta Lekeition, herritar plataforma eta dinamiken bitartez erantzuteko. Arantza Herrian dinamika sortu dute Lekeition; 13/13 Epaiketari Ez plataforma Zornotzan; eta Naia Irtenbidera plataforma Larrabetzun. Hiru izen desberdin dituzte, baina helburu bera: epaiketa salatu eta auzipetuei babesa adieraztea.
Epaiketa “lekuz kanpokoa” eta “zentzugabea” dela adierazi izan dute Irten Bidera dinamikak, Sare Herritarra plataformak eta beste hainbat eragilek. “Hauts zaharrak harrotu” nahi dituela deitoratu dute. Zeintzuk dira hauts horiek? “Duela 11 urteko atxiloketa batzuen inguruan ari gara. Euskal Herriko gatazka politikoa eta egoera izugarri aldatu da. Herriak konponbidearen aldeko borondatea erakutsi du, eta pausoak eman ditu”, azaldu du Markel Amillategi Arantza Herrian dinamikako kideak. Espainiako Estatuaren jarrera “bestelakoa” dela uste du: “Bidegurutze honetan aurkitzen gara beste behin ere, eta estatuarentzat iragana eta mina dira bide bakarra”.
Azterketa horretan ados dago 13/13 Epaiketari Ez plataformako Ainhoa Egiluz zornotzarra: “Kronologia begiratzea besterik ez dago: 2010ean talde armatu batekin [ETArekin] lotura izatea egozten diete, presoen kolektiboarekin garai berrirako kohesio lanak egiteagatik. Konponbidea oztopatzeko atxilotu zituzten”. Larrabetzuko Naia Irtenbidera plataformako Uxue Hernandezek ere perspektiba bera dauka: “Epaiketa honekin preso politikoen aldeko antolakuntza oro ezabatu nahi dute”.
Herritarren babesa
Zergatik sortu dira dinamika herritar hauek? “Epaiketa hau kolpe latza izan da herriarentzat. Ezin gara geldi geratu”, adierazi du Hernandezek, Larrabetzuko begiradatik mintzatuz. Amillategi lekeitiarrak ere “eraso kolektiboa” dela uste du: “Ez da haien aurkako eraso bat soilik; konponbide eta askatasunaren alde dagoen herri baten aurkako epaiketa bat da”. Berdintsu mintzo da Zornotzako plataformako Miren Larrea: “Herri oso batentzako injustizia da, eta, beraz, elkarlanean erantzun behar dugu. Garrantzitsua da herri batek sasi epaiketari lepoa ematea, justizia hau gurea ez dela esatea. Mendekuz eta injustiziaz beteriko epaiketa hau azaleratu beharra dago”.
Konponbide garaia dela azpimarratu dute kide denek, eta iritzi diote logika horretan epaiketa honek ez duela “ez bururik ez hankarik”. “Bake agertokiaren eta elkarbizitzaren kontrako norabidean doa”, gehitu du Hernandezek. Epaiketaren oinarriak ulertzeko, 2010. urteko atxiloketetara egin dute atzera. Uda honetako epaiketaren argazki orokorra izateko, orduko faktore batzuk nabarmendu dituzte: “Torturak eta eraso sexistak”. Izan ere, auzipetuek salatu zutenez, sumarioa “eraso sexista eta torturapean egindako adierazpenetan oinarrituta” dago. Saioa Agirre zornotzarraren adibidea jarri du Larreak:”Bortizki atxilotu zuten, umeekin lanean zegoen bitartean, eta bost egunez inkomunikatuta izan zuten. Egun horietan eraso sexistak eta torturak egin zizkioten. Deklarazio horien gainean eraikitako epaiketa bat da, eta ez dugu onartzen. Gainera, ez da kasu bakan bat. Beste hainbat euskal emakumeren adibide da Saioa”. Gertaera horien aurrean erantzutea ezinbestekoa dela esan du: “Tortura eta erasoen aurrean herri gisa ezin da beste alde batera begiratu; hori ez da eraiki nahi dugun herria”. Amillategi ez da harritu Larreak kontatutakoarekin: “Tortura eta atxiloketa irregularretan oinarritutako epaiketa bat da, baina, zoritxarrez, ez da kontu berria”.
“Bidegabekeriaren” beste aurpegi bat gehitu du Amillategik: Non bis in idem printzipioa; alegia, delitu beragatik aldi bakar batean epaitua izateko eskubidea. “Zortzi herritarrak akusazio beragatik epaituak izan ziren aspaldi, eta kondena ere bete dute”. Zuluetaren kasua da hurbilen dagoen adibidea: Jon Enparantza auzipetuarekin batera espetxeratu zuten duela bi urte, Herrira plataformaren auzia dela eta, delitu berbera egotzita. Uztailean biek deklaratu beharko dute berriro Auzitegi Nazionalean.
Elkartasun ekintzak
Ekintza bidez erantzutea erabaki dute hainbat herritarrek. Ekainean hainbat egitasmo antolatu dituzte hiru herriotan, salaketarako eta auzipetuei babesa adierazteko. Larrabetzun, esaterako, argazki bidezko elkartasun kanpaina abiatu zuten hilabete hasieran. Hainbat eragilek, elkartek eta norbanakok atera dituzte argazkiak plazako photocall-ean, eta, gaur, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan, herriko plazan.
Lekeition, mahai inguru bat egin zuten auzipetuekin joan den ostiralean, eta asteburu honetan ere hainbat ekintza dituzte: gaur, zine foruma izango dute, eta bihar, zortzi orduko Elkartasun Eguna izango dute. “Zortzi orduz txandakako enkartelada egingo dugu herriko eragile eta norbanakoekin. Horrez gain, eskaintza kulturala, jan-edana, presoei gutunak idazteko aukera eta beste hainbat kontu izango dira”, azaldu du Amillategik. Uztailaren 31n ere Elkartsun Eguna egingo dute.
Zornotzan, hainbat eragilek osatu dute ekaineko egutegia. Gazte eragileek, adibidez, herriko gazteentzako kokapen saio bat antolatu zuten joan den astean. “Egungo gazteok guztiz desberdina den testuinguru politiko batean bizi gara, eta ikusten genuen ezinbestekoa zela orduko testuingurua eta errealitatea ulertzea, epaiketa honen ertz guztiak ezagutu eta kontzientzia izateko”, azaldu du Egiluzek. Gazte perspektibatik ez ezik, begirada feministatik ere erantzun diote. Bihar arte iraungo du Zornotzako Mugimendu Feministak abiatutako elkartasun kanpainak: Gu ere Saioarekin lelopean, argazkiak bildu dituzte hilabete osoan, eta biharko manifestazioan izango dira denak ikusgai. 13:00ean hasiko da, Zornotzako Erreferendum plazatik. Horrez gain, lelo berberarekin mural feminista parte hartzaile bat egin dute herriko sarreran. Sinadura bilketa bat ere abiatu dute: dagoeneko 300 sinaduratik gora lortu dituzte.
Tokiko mobilizazioez gain, uztailaren 10ean manifestazioak izango dira Bilbon eta Donostian. Parte hartzeko deia luzatu dute auzipetuen herrikideek. Gaineratu dute zortzi kideak kartzelatzekotan hainbat albo kalte ekarriko dituela: “Ezin dugu onartu motxiladun ume gehiago egoterik; ezin dugu onartu hainbeste familiari zauri gehiago eragiterik. Kartzelak husteko garaia da, eta ez horiek betetzekoa”.
11 urte pasatu dira gertaera haietatik, baina Larreak ohartarazi du orain ere prest daudela orduko “bidegabekeriei” erantzuteko:”Elkartasun eta konpromiso gaitasuna ez da aldatu urte hauetan”. Amillategiren iritziz, konponbide nahia ez da geldituko: “Konponbidea, bakea eta askatasuna nahi duen herria gara, eta hori ez da haien konstituzioan kabitzen. Amets ederregiak ditugu amore emateko”.