Peru Azpillaga Diez
Arrigorriagan, ikusteko dago Mendikosoloko urtegiarekin eta horren inguruan eraikita dagoen parkearekin zer gertatuko den. Iazko udan, herritarrek berdegunearen etorkizuna ezbaian jartzen zuen informazioa jaso zuten. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari. 2019an, konfederazioak eskatutako zehapen batekin topo egin zuen gobernu taldeak. Egoera horren aurrean, udalak talde tekniko bat kontratatu zuen, eta prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan Mendikosoloren etorkizuna bideratzeko.
Maiatzaren 28an egin zuten prozesuaren aurkezpena. “Gardentasun ariketa erraldoia egingo dugu. Udal gobernuari eta herritar guztioi dagokigu gure herriko arnasgune eta naturgune nagusia den Mendikosolo parkearen geroa landu eta erabakitzea. Hori da bere garaian hartu genuen konpromisoa, eta gure hitza betetzen ari gara”, azaldu zuen Maite Ibarra alkateak.
Ibarrak esan du urtegiaren egoerak eta katalogazioak baldintzatuko duela parkearen etorkizuna: “Segurtasun arauak mantentzea ez da hautazko erabaki bat, bai edo bai bete beharreko obligazioa baizik. Horren arabera, gu guztioi dagokigu irudikatzea zer parke nahi dugun, inguruarekiko oreka zelan mantenduko den, eta abar luze bat”.
Alkateak erantsi du bertan lanean aritu diren pertsonen bidez bazekitela “gai delikatua” izango zela. “Gu heltzerako, urtegiaren auziak hainbat eta hainbat urte zeramatzan mahai gainean, eta herritarrek ez zuten horren berri. Bitxia da hamar urtean egoeraren berri izan dutenek eta ezer egin ez dutenek udal gobernu honi leporatzea hilabete batzuetan konpondu ez izana”.
Prozesua urrian amaituko dela ere jakinarazi du. “Bitartean, Arrigorriagan bizi diren herritar guztiek aukera izango dute parte hartzeko, proposamenak plazaratzeko eta proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko”. Izan ere, 2019an urtegiarekin zegoen arazoa ikusita, udalak talde tekniko bat kontratatzea erabaki zuen, urtegiaren egoera aztertu eta proposamen desberdinak garatu ahal izateko.
Hiru aukera
Parkea bere horretan mantentzeko arazo nagusia urtegiaren kategoriarekin lotuta dago, eta, talde tekniko horretako kideetako Paola Sangallik —SCIA Sangali Coronel Asociados ingeniaritza eta paisaia estudioko biologoa da— esplikatu duenez, Mendikosolo parke bat da, baina baita urtegi bat ere, aldi berean. “Zehazki, A kategoriako urtegi bat da, eta horrek berarekin dakartza zenbait betebehar”. A kategoria urtegi batek izan dezakeen izendapenik zorrotzena da, eta, beraz, arriskugarritasun eta altuera handiena adierazten du. “Hamabost metroko sakoneratik aurrera A kategoriakoak dira, eta honek hamasei ditu”, zehaztu du.
Konponbide bat bilatze aldera, eta urtegiaren eta parkearen egoera aztertu ondoren, hiru aukera nagusi daudela mahaigaineratu du Sangallik. Lehena, urtegia bere horretan mantentzea litzateke, A kategorian. “Ez da guk gehien aztertuko duguna, beste ingeniaritza batek aztertu baitu”. Urtegia A kategorian mantenduz gero, erregulazio zorrotzak bete beharko lituzke, eta, horren ondorioz, aisialdirako guneak ere mugatu egingo lirateke.
Bigarren aukera, urtegiaren kategoria jaistea litzateke; hala, A kategoriakoa izateari utzi, eta C kategoria hartuko luke. Sangallik azaldu du hori lortzeko, ur lamina neurri batean mantendu eta urtegiak pilatzen duen ur kopurua murrizteko, drainatze eta beherapen jarduketa batzuk egin beharko liratekeela. Bigarren aukera horren bidez, urtegia eta parkea orain dauden bezala mantenduko lirateke, C sailkapena duten urtegien derrigorrezko baldintza teknikoak A sailkapenekoenak baino leunagoak direlako.
Azkenik, talde teknikoko kideak jakinarazi duenez, hirugarren aukera bat ere aztertzen ari dira: paisaia berri bat sortzea. “Jatorrizko errekaren ibilgua leheneratuz eta bidean ur xafla jakin batzuk mantenduz, paisaia berri bat sortzea litzateke asmoa”. Esan du aukera horren bidez “ura berak eta bere inguruneak” sortzen duten ekosistema mantenduko litzatekeela. Horrekin batera, urtegiaren edozein sailkapen mota kenduko litzateke. “Azterketa geoteknikoek, hidrologikoek eta gunean bertan egindako ikerketek esango digute sailkapena ezabatzeko gai garen edo C sailkapenarekin konformatu behar dugun”, adierazi du Sangallik.
Aukerak oraindik aurreproiektu fasean daudela azpimarratu du. Beraz, edozein erabaki hartu baino lehen, hiru hilabete izango dituzte aurretiko azterketak egin eta proposamen batzuk luzatzeko. “Hiru hilabete horietan egindako lanei esker, urtegiaren eta parkearen etorkizun aukeren ideia argiagoa izango dugu”. Behin aurreproiektua izanda, inplikatuta dauden administrazioekin hitz egiteko garaia helduko dela aurreratu du Sangallik: “Esango nuke, guztira, bi urteko prozesu bat dugula aurretik behin betiko konponbidea zein den erabakitzeko eta gero gauzatu ahal izateko”.