Ibai Maruri Bilbao
“Jendeak entzuten du zertan gabiltzan, eta… ‘Nola jango dut nik zerrikeria hori?!’, esaten digute. Lazunek duten ospe txarra desagerrarazi nahi dugu, eta beste leku batzuetan —adibidez, Frantzian— duten harrera ona eman”, azaldu du Akura proiektuko koordinatzaile Javier Etxeberriak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ibea ikerketa taldeak, Gaiker teknologia zentroak, Mutriku Kardala akuikultura eskolak eta BCTA enpresa plataformak sustatutako proiektua da. Azken hiru urteetan EHUren Plentziako Itsas Estazioan lazunak modu artifizialean zelan hazi ikertzen ibili dira. Helburua pertsona elikadurarako eskaintzaren barruan sartzea da. “Portuetan eta ibaietako ur isurketako guneetan ikusi ohi dugu, zikinkeria guztia jaten. Horrek ez du batere erakargarri egiten, eta askorentzat ez da erraza izango txipa aldatzea”, aitortu du Etxebarriak. Haien asmoa, ordea, akuikultura bidez hazitako lazunak jatea da.
Akura proiektuaren helburu nagusia da lazunak hazteko eta gizentzeko prozesu iraunkor baten bideragarritasun teknikoa finkatzea, hazitako piezetan kilo bateko pisua lortu arte. Halaber, gizentze prozesuan tamaina txikiagoko azpiloteak lortzea ere planteatzen dute, analisi sentsorialaren bidez haien kalitatea ebaluatzeko eta produktuaren onarpen azterketak egiteko. Horrez gain, espeziearen ugalketa eta ziklo biologikoaren itxiera ere ikertzen ari dira. Baita espezie horretarako pentsu egokiak garatzen ere; gaur egun, espezie berria denez, merkatuan ez dago pentsurik haientzat.
EHUko IBeA ikerketa taldeko Alberto de Diegok azaldu du hasieran lupiekin lan egiteko asmotan izan zirela. Azkenean, baztertu egin zuten, akuikulturak asko ikertutako espezie bat delako. “Apustua lazunarekin egin zen, akuikulturako laborantzetan ia tradiziorik ez duen espeziea delako eta oso gutxi ezagutzen zelako ohiturei eta ugalketa zikloei dagokienez”. Izan ere, proiektua Europako Itsas eta Arrantza Funtsek finantzatuta dago, eta haiek espezie berriak aztertzea lehenesten dute. Lazunak, ostera, ikertu gabe daude ia, seguruenik herritarren artean betidanik izan duten fama txarragatik.
Gantz asko duen arrain bat
Lazunak mugilidoen familiakoak dira, eta Euskal Herriko kostaldeko ur epeletan bizi dira. Gainera, egin dituzten analisien arabera, gantz asko dute muskuluan; hau da, arrain urdinak dira. Sukaldean erabilgarritasun handia dutela ere esan dute, askotariko errezetak prestatzeko arrain aproposa delako. Lazunen haragiaren kalitate nutrizionala “oso altua” dela baieztatu ahal izan dute proiektuko ikertzaileek. “Gatibu ditugun lazunak giza kontsumorako produktu osasungarria eta erakargarria izatea nahi dugu. Horretarako, mikroalgekin elikatzen ditugu; hau da, omega-3 motako gantz azido poliasegabetuen ehuneko handi batekin”.