Kamioilariek diote bidesariek dirua biltzeko helburua dutela

Kamioilariek diote bidesariek dirua biltzeko helburua dutela

Natalia Salazar Orbe

Datorren urteko udazkenetik aurrera, 3,5 tonatik gorako kamioiek ordaindu egin beharko dute egun doakoak diren hainbat errepidetan ibiltzeko. Hala iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Kobratzeko arkuak jarriko dituzte N-240an (Arratian), N-636an, N-637an, BI-625ean (Basauritik Arabarantz) eta A-8an, Kantabriarako (Espainia) bidean. Garraiolariek salatu dute neurriak kalte egingo diela, eta dirua biltzeko helburua duela. Hala uste dute Asotrava euskal garraiolari autonomoen elkarteak eta Hiru sindikatuak.

Amaia Martinez Asotravako idazkari nagusiak esan du neurriak sektorearen krisia areagotu egingo duela, eta salatu du aldundiak ez duela hitz egin sektoreko kideekin. Uste du helburua “dirua biltzea” dela. Bide beretik mintzatu da Hiru sindikatuko bozeramaile Jon Altuna. Haren ustez, ez dago justifikatutako arrazoirik bidesaria ezartzeko, “dirua biltzeko grina besterik ez”.

Zirkulazioa “berrantolatu”

Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura foru diputatua prest azaldu da garraiolarien sektorearekin hitz egiteko. Haren esanetan, aldundiak ezarriko duen neurriak zirkulazioa “berrantolatzea” du helburu. Hain zuzen, asmoa da ordainpeko autobideak saihesteko bigarren mailako errepideetara jotzen duten milaka garraiolariak errepide nagusietara bideratzea. Azaldu duenez, bigarren mailako errepide horietan ibilita, arazoak sortzen dituzte “herriguneetan eta eremu naturaletan”. Pradalesen datuen arabera, “egunero 4.000 kamioi ibiltzen dira behar ez luketen bideetatik”. Horrek kutsadura, zarata eta istripu arrisku handiagoa dakartzala uste du: “Kamioilariek 40 kilometro gehiago egiten dituzte bigarren mailako errepideetatik pasatuz helmugara iristeko”.

Martinezen ustez, ez da onargarria isuriak justifikaziotzat erabiltzea, eta Europako Batasuneko garraio sektore profesionalaren CO2 isuriak isuri guztien %6 baino gutxiago dira. Altunak dio neurriak “garraioarentzako lehiakortasun falta” eragingo duela.