Zihara Jainaga Larrinaga
Dantzak bizitzeko poza transmititzen du, bizirik egoteaz gozatzea ahalbidetuz”. Luque Tagua Lekuz Leku dantza jaialdiaren koordinatzailearen hitzak dira. “Dantzak bizitzarekin adiskidetzea bilatzen du, eguneroko jarduera baten normalizazioa geldiarazten digu; horregatik, gozamenerako espazioak egotea nahi dugu”. Lekuz Lekun, partaide zein ikusle, dantzan amaitzen du mundu guztiak, tradizionalenetik modernoenera, denek hiria berriz deskubritzeko eta jolasteko helburuarekin. Datorren astean egingo da jaialdiaren beste aldi bat, Bilbon. Eguenetik zapatura, La Fundicion zentroan.
Duela hamazazpi urtetik Bilbon antolatzen den nazioarteko dantza programa da Lekuz Leku. Ordu laurden bateko dantza pieza txikiek osatzen dute jaialdia, nagusiki. Normalean, Guggenheim inguruan hasten dira dantzariak, eta itsasadarraren aldamenetik Euskalduna jauregian amaitzen dute. Ikusleak, itsasadarraren ertzetan paseatzen ari dela, estilo, hiri edo herrialde ezberdinetako piezak ikusten ditu, baita dantzaren mundua ulertzeko modu desberdinetako piezak ere. “Oso lengoaia desberdineko bederatzi dantza pieza labur, oso poesia desberdinekin, ibiltariaren eskura”, deskribatu du Taguak. Aurten, bigarren aldiz, La Fundicion zentroko terrazan egingo dute jaialdia, eta ikusleak eserita egon beharko du.
Jaialdiaren ideia nagusia dantza publiko ibiltariarengana hurbiltzea da; paseatzen ari den publikoarengana, alegia. Publikoak, hein handi batean, kasualitatez aurkitzen du jaialdia, eta hori da bere berezitasun handiena. Urte hauetan Kanadatik eta Hego Koreatik etorritako artistak izan dituzte, besteak beste. “Mundua ulertzeko modu eta estetikak guztiz desberdinak dira, dantzatzeko modua erabat desberdina den bezala. Artistek bizitzaren emozioa transmititzen dute, batez ere”, adierazi du Taguak. Bestalde, Lekuz Lekuk denboraldiaren amaiera edo udaren hasiera iradokitzen du, ospakizun festa handia izaten da dantzaren alorrean lan egiten duten profesionalentzat.
Esentziari eutsiz
Nahiz eta pandemiak espazioa aldatzera behartu, aurten hodeien azpiko ideia, aire zabaleko dantza, berbera dela azpimarratu du Taguak. “Dohainik, jaialdi atsegina, ikusteko erraza, estilo oso desberdinekin… Benetan festa bat da”, esan du. Hala, dantza gustatu zein ez, edozeinen arreta bereganatzen dutela adierazi du jaialdiaren koordinatzaileak: estiloak hip-hopetik flamenkora doaz. Era berean, Euskal Herriko dantza sare osoari ere ikusgarritasuna eman nahi diote. “Ibilbide profesional luzea duen orok Lekuz Lekun parte hartu du; ofizioaren sorlekua dela esan daiteke”. Halaber, jaialdiak erakusleiho bat eskaintzen die dantzariei, lan bat formatu laburrean aurkezteko aukera, hiri eremurako sortutako piezak izaten dira. Piezek oso zuzenak izan behar dute, jaialdiarekin ustekabean topo egiten duen jendearentzat.
Zuzeneko emanaldiez gain, aurtengo aldian bi bideo-sorkuntza lan aurkeztuko dituzte; bi lan, oso ikuspegi desberdinetatik eginak. Batetik, Gema Iglesias eta Nacho Carrascosaren Paradise. Valentziako (Herrialde Katalanak) hamabi antzokitan 90 dantzarirekin koreografia bat osatzean oinarritzen da, baina hutsaren ideian azpimarra eginez. 25 minutuko pieza bat eraiki dute espazio publikotik; antzoki publikoetatik, hain zuzen. Bestalde, Matxalen Bilbao dantzari bermeotarrak, konfinamenduan, bere etxetik bertatik, bere etxeko espazio intimotik, mikrodantza konfinatu batzuk eraiki zituen, eta horiek ere proiektatuko dituzte jaialdian. Leku publiko eta pribatuen arteko paralelismoa egingo dute.
Lekuz Lekuren bidez, hiria beste modu batera deskubritzea da asmoa, hiria ulertzeko eta espazioak hautemateko moduak sortzea; hiria modu artistiko batetik berraurkitzea, ikuspuntu erabat desberdin batetik. “Ez da ekitaldi handi bat, espazio irekiaren eta bertan bizi den pertsonen arteko barne harremanean datza”, esan du Taguak. “Horrek, nolabait, pertsonak batzen ditu, lagunarteko bihurtuz”.
Emanaldiak ikusteko sarrerak datorren astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira, La Fundicion zentroan, dohainik. Osasun egoera dela-eta edukiera murriztua egongo dela ohartarazi dute. Erresistentzia programa gisa deskribatu du koordinatzaileak jaialdiaren 17. aldia. Egoerara egokitutako programarekin urte hauetako espiritua ikusiko dela ziurtatu du. “Gurpila ez dadila gelditu. Lanak ekoizten jarraitzeko modu bat da hau ere, artistek fakturatzen jarraitzeko aukera”.