Peru Azpillaga Diez
Belaunaldi ezberdinetako Algortako (Getxo) bost auzokidek, herrian bost egunez euskaraz bizitzeko erronka osatu dute joan den astean. Algor7arrak Bat kanpainaren baitan, ekimenaren bidez euskarak auzoan betetzen duen papera mahaigaineratu nahi izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Algor7arrak Bat urte hasieran abiatuta sortutako dinamika da, kezka batetik: euskal identitatearekiko atxikimendu falta. Horregatik, hainbat alorretan Euskal Herriarekiko aldekotasuna, kontzientzia eta aktibazioa piztu eta saretzeko asmoa dute.
“Herriak dituen bi aurpegiak azalarazi nahi genituen”, hasi da erronkaren helburua esplikatzen Asier Zamorano Algor7tarrak Bat kanpainako kidea. “Batetik, erakutsi nahi genuen, gure egunerokotasunean baditugula euskaraz modu librean bizitzeko hainbat arnasgune. Baina, era berean, nabarmendu nahi genituen egunerokotasunean euskaraz bizitzeko gogoa dugun herritarrok pairatzen ditugun oztopoak eta trabak zeintzuk diren”.
Bi aurpegi horiek plazaratzeko, adin eta inguru desberdinetako bost auzokiderekin jarri ziren harremanetan: Peio Lago (17 urte), Uxue Pradera (27 urte), Urko Uriarte Ruke (48 urte), Amaia Garamendi (60 urte) eta Marga Bravo (68 urte) izan dira erronkan parte hartu dutenak. Behin erronka amaituta, Bizkaiko Hitza horietako birekin batu da haien esperientzia kontatzeko: Bravo eta Praderarekin.
“Parte hartzeko deitu egin zidaten. Ni beti nago prest euskararen alde egiteko; beraz, animatu egin nintzen. Berez, beste aste bat izan da, egunerokotasunean ere euskaraz bizitzen saiatzen naizelako. Oraingoan, bizitakoa kontatu behar izan dugu: hori da aldaketarik handiena”, azaldu du Bravo erronkako partaideak. Bat etorri da Pradera ere: “Lagun baten bitartez heldu zitzaidan aukera, eta euskararen aldeko nire ekarmena egiteko batu nintzen ekinbidera”.
Bost lagun, bost egunez euskaraz soilik bizitzeko konpromisoa hartuta ibili direla kontatu dute. Bakoitzak egun batean bizitakoa azaltzeko bideo bana egin duela azaldu dute. “Harrigarria da ikustea nola jendeak badakien euskaraz baina ez duen inoiz erabiltzen, zuk lehen pauso hori ematen ez baduzu”, ohartarazi du Bravok. Haren ustez, komertzioetan “presentzia handiagoa” hartu beharko luke euskarak; batez ere, dendarien partetik, erosleak beti “ahalegin hori” egin behar ez izateko. Hala ere, oro har, jendeak euskaraz aritzeko “jarrera positiboa” adierazten duela deritzo, eta “gutxieneko batzuk” normalizatzea lortu dela.
“Nik ez dakit belaunaldi berrietan egoera aldatu den, baina euskara geroz eta normalizatuago dagoela esango nuke”, gehitu du Praderak. Hala ere, haren ustez, talde handietan aritzean ematen da oztopo handienetako bat. “Bakar batek ez dakienean, denok gaztelerara jotzen amaitzen dugu, eta, maiz, gehiengoa euskalduna izan arren, gaztelerara igarotzen gara guztiak, errespetu faltak saihesteko. Katalunian, esaterako, hori ez da gertatzen”, azpimarratu du.
“Halaxe ikasi nuen nik”, erantzun dio Bravok. “Herbehereetan jaiotakoa naiz, eta amarekin nederlanderaz hezi nintzen. Ondoren, Euskal Herrira etorri ginen bizitzera, eta, hemen bizita, ezinbestekot jo nuen euskara ikastea. Laguntza handia jaso nuen, baina, askotan, jarrera da gauzarik oinarrizkoena”, esplikatu du. “Guk jartzen dizkiegu oztopoak askotan hiztun berriei, ez dugulako euskaraz egiten”, berriz ere Praderak.
“Niri ostiralean kale saltzaile bat hasi zitzaidan euskaraz hitz egiten, eta nik euskaraz jarraitu nion. Esan zidanez, euskara ikasten ari denez, praktikatu beharra zuen. Orduan pentsatu nuen: ‘Pertsona hau kanpotik dator eta prestutasuna du ikasteko’. Eta oso pozgarria da hori: hemengo jende asko oso eroso bizi da gazteleraz, eta ez du ikasteko inolako borondaterik”, nabarmendu du Bravo. “Gure esku dago ere oreka hori lortzen jakitea”, gehitu du Praderak: “Guk ikusi behar dugu nor dagoen prest eta, beraz, bultzatu dezakegun gehiago euskaraz egitera eta nork ez duen euskaraz egiteko inolako asmorik”.
Lehen hitza, euskaraz
Antzeko ondorioetara heldu dira bi partaideak. Praderak dioenez, erronka nagusia dakitenek beti lehen hitza euskaraz egiten ahalegintzea da, besteak beste, erakusteko “herriak baduela euskaraz egiteko nahia”. Hori ikusita, ondo moldatzen ez direnek aurrerapauso hori eman dezaketela deritzo. “Nahi hori dagoela ikusten badute, errazagoa izango da haiek ere euskaraz bizitzeko apustua egitea. Izan ere, askotan euskaraz aritzea ez da esfortzu kontua izaten, ohitura kontu bat baizik, eta ohitura horiek aldatuta era naturalean atera daiteke erabat euskara erabiltzen hastea”, esan du.
Kritikoagoa izan da Bravo: “Euskara bigarren mailako hizkuntza bat da gaur egun, eta, Getxon, baztertuta dago. Instituzioen partetik ez dago bultzada bat egoera iraultzeko. Dinamikak egiteagatik antolatzen dituzte, zurikeria modu bat bezala. Asko falta da oraindik”.