“Batasunerako” hizkuntza

“Batasunerako” hizkuntza

Ibai Maruri Bilbao

Esperantoa Ludwik Lejzer Zamenhof oftalmologo poloniarrak sortu zuen XIX. mendearen bukaeran. 1887an argitaratu zituen berak asmatutako hizkuntza horren oinarriak. Berehala, mundu osoan hasi zen jendea esperantoa ikasten, eta laster iritsi zen Bizkaira ere. 1902an, Rufino Unzaga izeneko Gallartako batek dagoeneko hizkuntza berri hori menderatzen zuen. Bilbon, Ezkerraldean eta Meatzaldean agertu ziren hiztun gehiago. 1906an, Bilboko Esperanto Taldea sortu zen. Gaur egunera iritsi da, eta 56 kide ditu. Haietako bat da Jesus Garcia Iturrioz, taldearen idazkaria. Bilboko Zazpikaleetako Barrenkale Barrena kalean dute egoitza.

Esperantoaren zaleak gizarteko hainbat sektoretan sortu zirela azaldu du. Euretako bat Bilboko Sociedad Bilbaina talde elitista izan zen. Baina hiriburuko langile mugimenduan ere izan zuen arrakasta; bereziki sozialisten eta anarkisten artean. “Azkenean denak Bilboko Esperanto Taldean elkartu ziren. Ideologikoki talde neutrala izan zen, kideen artean askotariko pentsaerak zeuden eta. Ideologia kalean uzten zuten egoitzara sartzean, eta haien zeregin nagusia esperantoa sustatzea izaten zen”. XX. mendean izandako ideologien arteko gatazkek ez zuten islarik izan taldean. “Mundu osoan hitz egingo zen hizkuntza bat zuten guztiek amets, gerrak eta gatazkak amaiarazten lagundu eta bakea ekarriko zuena. Gerora ikusi zen hizkuntza berean berba egiteak ez zuela bakerik ekartzen. Sarritan gordinagoak izaten dira, gainera; 1936ko gerra da horren adibide argia”.

Taldeak bilakaera gorabeheratsua izan du. Garciak esan duenez, garairik oparoena Espainiako II. Errepublika sasoia izan zen. Francisco Franco Espainiako diktadorea hil ondorengo urteetan ere —1970 eta 1980ko hamarkadetan— goraldia izan zuten. “Orain, egonkortzen ari gara”. Hala ere, aitortu du azken urteetan ez dutela jakin jende gaztea erakartzen. Taldeko kide gehienak 40 eta 60 urte artekoak dira. Eta gizonezkoak. “Esperantisten artean emakume asko dauden arren, Bilboko taldean kide gutxi izan ditugu historikoki”.

Esperantoa ikasteko arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela esan du Garciak. Batetik, jakin-min filologikoa dutenak daude: “Planifikatutako hizkuntza bat zelakoa den jakin nahi dute”. Beste batzuk matematikariak dira: “Deigarria egiten zaie logika hutsa den hizkuntza horren funtzionamendua”. 1960, 1970 eta 1980ko hamarkadetan pertsona “idealista” asko gerturatu ziren mugimendura: “Hippyak, mugen aurkako jendea, mundu batu batekin amesten zutenak…”.

Sorrerako asmoa hori bazen ere, esperantoak ez du lortu mundu osoaren hizkuntza laguntzaile bihurtzea. Baina hizkuntza menderatzen dutenei kidetasun sentimendua sorrarazten die: “Txinara joan eta ingelesez hitz egiten baduzu, hotelean edo jatetxeetan moldatzeko balioko dizu. Baina Moskura joan eta kalean euskaraz dakien bat topatuz gero, bien artean senidetasun bat sortuko da. Hizkuntza txikiek talde bateko sentitzea ematen dizute. Hori ematen digu guri esperantoak: badakigu mundu guztian gure hizkuntza hau hitz egiten duen jendea topatuko dugula, eta beso zabalik hartuko gaituztela”.

Eskola baino gehiago

Esperantoa hizkuntza logiko eta erregularra da. Garciaren esanetan, “erraz” ikasten da. “Beste hizkuntzak baino arinago has zaitezke berba egiten. Esperantoan sakondu behar baduzu, gero asko ikasi behar duzu. Baina egunerokoan erabiltzeko maila bi hilabetean lor daiteke”. Helburu horrekin, esperanto ikastaroak eskaintzen ditu Bilboko taldeak. Azkena 2019ko urrian hasi zuten, eta iazko martxoan eten behar izan zuten, COVID-19aren pandemia lehertu zenean. Orain, 2021-2022 ikasturtekoa prestatzen dabiltza. Irailean irekiko dute matrikulazio epea, eta ikasturtea urriko lehen hamabostaldian hasiko dute. 30 euro ordaindu behar izaten dira, gidaliburuagatik eta hiztegiagatik. Egoitzan taldearen sorreratik aberastuz joan den liburutegi bat ere badute. “Literatur lan nagusiak esperantoz topa daitezke”.

Bidaia agentzia lanak ere egiten ditu taldeak. Europa osoan esperantisten topaketak egoten dira, eta haietara joateko bidaiak antolatzen dituzte. Urtean behin Kongresu unibertsala izeneko mundu mailako topaketa izaten dute, eta hara ere joaten dira Bilbotik.