Ibai Maruri Bilbao
Maiatzaren 24an osatu zuten Bizkaiko kontserba sektoreko negoziazio mahaia, honela banatuta: ELAk ditu ordezkarien %41,38, CCOOk eta LABek, %27,59na, eta UGTk, %3,45. Datorren astelehenean izango dute bilera sindikatuek eta patronalak, lan itun berria eztabaidatzen hasteko. Batzar horretan sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztuko du, eta patronalak bere iritzia emango du. “Badakigu zer esango diguten: oso urte txarra izan dela eurentzat”, adierazi du LAB sindikatuko ordezkari Aintzane Larrabasterrek. Euren helburua zein den azaldu du ELAko Aritz Huidobrok: “Prekaritatea gutxitu behar da, eta, ahal dela, kendu”. Bizkaian mila langile inguruk egiten dute lan Bermeoko, Mundakako, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Berriatuako eta Ondarroako fabriketan. %90 inguru emakumeak dira.
Enpresa horietan egindako kontserba lata edo poto bat zabaldu eta itsasoko gutiziak dastatu aurretik, ikusten ez den lan handi bat dago atzean. Handia eta gogorra: soldata txikiak, lanordu luzeak, behin-behinekotasun handia, baldintza fisiko latzak… Hori hobetzen ahalegintzen dira sindikatuak lan ituna negoziatzen dutenero. Aurrekoa, 2016koa, LABek, CCOOk eta UGTk sinatu zuten. ELAk uko egin zion, uste zutelako ez zituela sindikatuek plataforma bateratuan bildutako gutxieneko eskakizunak betetzen. Aurreraeragin mugagabea lortu zuten, berbarako. Larrabesterrek eta Huidobrok, biek onartu dute itun hark lortu zuena izan zela aurretik zeuden eskubideak ez galtzea. Dena den, Larrabasterren ustez, hobekuntzak ere irabazi ziren. Besteak beste, gogorarazi du baimen batzuk jaso zirela, zaintza kontuetarako eta. Halere, LABeko ordezkariak ohartarazi du enpresa txikietan ez dela ituna betetzen: “Langileek ordezkariak izendatzea ere ia ezinezkoa da”.
Orain, helburuetako bat da behin-behinekotasuna murriztea. Larrabasterrek Bermeoko Salica enpresan egiten du behar: “Gurean, dozena bat behin-behineko langile ditugu, eta gainontzekoak finkoak gara. Enpresa handienak kenduta, gainontzekoetan ez dago finkorik; langile finko etenekin eta behin-behinekoekin egiten dute lan”. Langile finko etenak langabeziara joaten dira urtero, enpresan lanik ez dagoenean. “Badira 40 urte enpresa berean langile finko eten moduan dabiltzanak, eta ez dutenak finko bihurtzerik lortu. Hau da, ez dituzte finkoen eskubideak: besteak beste, errelebo kontratua eskatzeko eskubidea”. Esan du horri zelan buelta eman aztertzen dabiltzala. Hau da LABen proposamena: enpresa bakoitzak azter dezala zenbat behin-behineko ordu dituen, eta ordu horietako batzuk ordu finko bihur ditzala.
Soldata handitzeko garaia
Huidobrok esan du batez besteko soldata mila euroren bueltan dagoela: “Historikoki familiako soldata osagarria izan da kontserba fabriketan ibili diren emakumeena, eta oso txarto ordainduta dago”. Aurreko itunean EAEko KPI kontsumorako prezioen indizea adina handitzea adostu zuten LABek, CCOOk eta UGTk. Igoera horri “oso eskasa” iritzi zion ELAk, eta iragarri du orain ere igoera “duin” baten alde borrokatuko direla. Esan du enpresak ekonomikoki “egoera onean” daudela, eta garai egokia dela soldata igoera borrokatzeko. “Iaz, pandemia betean, joaten zinen supermerkatura, eta ikusten zenuen amaitzen zen lehen produktua kontserbak zirela. Horretarako lan asko egin behar izan dute langileek. Azken hitzarmenean bazegoen klausula bat, ordu erabilgarriei dagokiena; hau da, enpresek ehun ordu estra dituzte langileei eskatu ahal izateko ordu estra horiek egitera joateko, lan karga handia dagoelako. Normalean ez dituzte erabili. Baina, iaz, zapatuetan joateko eskatu zieten, lan karga handia dagoelako”. LABek dagoeneko iragarri du bere eskaera: EAEko KPI gehi %2; KPI negatiboa den kasuetan, kontuan ez hartzea.
Larrabasterrek esan du lantaldeak berritzeko premia dagoela. Beharginen batez besteko adina 52 urtekoa da. Haiena lan fisikoa eta gogorra da. “Sorbaldako ebakuntza egin ez diotenari, ukondokoa egin diote”. Horregatik, errelebo kontratuak sustatu gura dituzte. Baina eskatzen dute ez dadila enpresaren borondate onaren esku geratu; legeak ezarritako baldintzak betetzen dituenean, langileak horretarako eskubidea izatea nahi dute. “Gurea bezalako enpresa handietan ez dago arazorik: ugazabak langile nagusienak paretik kentzeko gogoz daude. Baina langile finko etenak dituzten enpresetan ez zaie errelebo kontratua izateko eskubiderik aitortzen”. Errelebariak ere lanpostu finkoa lortzea aldarrikatu du: “Behin-behinekotasuna murriztu behar da”.
Lan osasunaz arduratzen den ordezkaria da Larrabaster. Salatu du enpresek segurtasunari baino garrantzi handiagoa ematen diotela ekoizpen helburuak betetzeari: “Enpresetako sail garrantzitsuena kalitatearena da. Horregatik, ezinbestekoa da burua estalita eroatea. Ez estali, eta berehala etorriko zaizkizu agiraka. Ez ipini segurtasun oinetakoak, eta inork ez dizu ezer esango”. Bere lana mantenu lana den irudipena du: “Beti gabiltza ‘hau edo beste konpondu behar da’ esaten. Ez da prebentzio lanik egiten. Ugazabek badakite oso garrantzitsua eta ezinbestekoa dela, baina langileen segurtasunaren gainetik jartzen dute beti ekoizpena”.